Bibliobusa liburutegi mugikorreko zerbitzu bat da, lurraldeko herritar guztiei informazioa eta kultura eskuratzea, ikaskuntzari eta irakurketa publikoko ohiturei laguntzea eta abar bermatzen dituena. Aurrez ezarritako eremu geografiko jakin bateko herrien ibilbidea egiten du aldian-aldian, eta liburutegi publikorik ez duten udalerriei edo espetxe, ospitale eta egoitzei ematen die zerbitzua.[1][2]
Euskal orografia kontuan hartuta, ohikoagoak dira Nafarroako herri txikietan, Iparraldean eta landa guneetan. [3]
Ibilgailua
3.000-4.500 dokumenturentzako karga-ahalmena izan dezakete. Barne-espazio handia dute erabiltzaileak sartzeko, liburuzainak barnean izateko eta irakurketa sustatzeko jarduerak egiteko.[4] Halaber, modulu zabalgarria ere izan dezakete, bibliobusaren alboan, kontsulta-zerbitzua edo erakusketa-eremu bat jartzeko.
Historia
1857an, The British Workman egunkariak Kumbriako konderriko liburutegi mugikorreko lehen kasu bat dokumentatu zuen, Ingalaterrako ipar-mendebaldean. Zerbitzu hori George Moore filantropo eta merkatari ingelesak sortu zuen, "literatura ona herri barruan zabaltzeko".[5] Liburutegi mugikorreko beste kasu ezagun bat Warrington Perambulating Library izan zen, Warrington Mechanics' Institute-k 1858an sortua. Warringtonen (Ingalaterra) zaldiek bultzatutako gurdi baten formatua zen gairaiean erabiliena. Helburua bertako liburutegiko mailegu kopurua handitzea izan zen, eta hamabi hilabetean %300 haunditu ziren, 3.000tik 12.000 mailegu izatera.[6]1872 arte jarraitu zuen zerbitzuak.