Betroiarenak

Betroiarenak
Behi betroia, 1903ko irudia
Jatorria
Egilea(k)Xenpelar
Ezaugarriak
Genero artistikoabederatzi puntuko txikia
Hizkuntzaeuskara

Betroiarenak bertso sorta bat da, bederatzi puntuko neurrikoa, Xenpelarrek idatzi zuena. Erositako behi bretoi makal batekin izandako gorabeherak kontatzen ditu 12 bertsotan, modu umoretsuan.[1][2]

Historia

Antonio Zavalaren arabera, bertsoetan aipatzen den "Fermiñ erostuna" Fermin Errazkin Abalgada zen, Errenteriako nekazaria, Xenpelarren etxe berean bizi zena. Izan ere, Xenpelarren koinatua, Jabier Aranberri, aritzen omen zen haren aziendak gobernatzen.[1]

Ostegun batez, feria eguna Hernanin, herri horretara joan zen Fermin, eta Inazio delako bati behi betroi bat erosi zion. Behi ona omen zen, baina bidean, betroia kanpoan utzita Fermin taberna batean zelarik, trukatu egin zioten. Betroi trukatu horrekin eliz ataritik pasatzean, irri egin zioten apaizek. Horregatik esaten omen du Xenpelarrek:[1]

"burlaka asi zaizka
elizatik ontzak ..."

Fermin Errazkin 1891ko maiatzaren 12an hil zen, Errenteriako Madalen kalean, 54 urterekin, pneumoniak joa.[1]

Bertsoak

1) Bertso berriyak jartzen
orain naiz abiyan,
predikatzera nua
Euskal-erriyan;
betroi bat artu nuen
Ernani'n feriyan,
galantziya egingo
zuela agiyan;
tristura begiyan,
beti auleriyan,
ez aren premiyan
nere fameliyan;
Senpelarrek dakizki
Errenteriya'n.

2) Ostegun joan danian
amabost Ernani'ñ
betroiaren tratua
genduen egiñ;
Inaziyo saltzalle,
erostuna Fermiñ,
emeretzi ezkutu
geniyon eragiñ;
sabelian du miñ,
iñork ase eziñ,
artuari muziñ,
eztu nai edoziñ;
atzetik biar ditu
zazpi medeziñ.

3) Informe txarrak dira
orrentzat auzotik:
espalda ateriya,
urgun besotik;
eztula ta antziya
ukullo-zokotik,
desterratuko nuke
nik nere bototik;
amarra lepotik,
grilluak orpotik,
makillaz ondotik
jotzen det' gogotik;
etzaio ajolarik
ezerengatik.

4) Oraindik gaztia da:
ogei ta sei urte;
ernari omen ditu
bost illabete;
nik eztiyot igertzen,
ala esan dute,
gezurra baldin bada
engañatu naute;
aragiya aparte,
ezurretan torpe,
zañak dauzki fuerte,
zeñek nai du merke?
zikiro baten truka
emango nuke.

5) Kara iguala du
aurrian ta atzian,
basurdia diruri
zutik jartzian;
konsuelo bat daukat
nere biotzian:
bizirikan gelditzen
bada Ilbeltzian,
ori umatzian,
esnia etxian,
gazta abatsian,
gazura arratsian;
belarrak gizenduko
du Maiatzian.

6) Zure arboletikan
datorren loria,
frutua konserbatzen
pare gabia;
umatzen baldin bada
ai zer poderia!
guardatuko diot
bere onoria;
orren koloria
beltza ta moria,
juan zaio floria,
lenago obia;
nere fameliyaren
ondadoria.

7) Begi bat itxua du,
adar biyak motzak,
krisellua diruri
aren kokotzak;
ikaratutzen gaitu
eztularen otsak,
burlaka asi zaizka
elizatik ontzak;
sano dauzka ortzak,
agiña zorrotzak,
tristura biotzak,
dantzan dabill otzak;
eztiyo onik egin
leku arrotzak.

8) Borroka dabillela
juan zaizka adarrak,
eziñ sujetaturik
bere indarrak;
lurrera botatzen du
euliyaren kargak,
talentu onak dauzka
nere betroi zarrak;
jendiaren farrak
ez dirade txarrak;
ganaru elbarrak
juntura igarrak;
burruntziya diruri
aren bizkarrak.

9) Nere betroiak ez du
auko loalia,
egunero nai ezik
ogi-alia;
alare eziñ jaso
lepoko jualia,
buruba makurtuta
zerbaiten galdia;
aren zaldalia
ezta debaldia,
gauza onen zalia,
bizkotxo jalia;
malezi asko duen
arrantzalia.

10) Buruba jarri zaio
lurrera begira,
belarriyak zintzilik
ai zer segira!
albaitero guziyak
ikaratzen dira,
zeñek sendatuko du
orlako erida?
bajatzen ari da
irutatik bira;
au nere perdira,
nork nai du erdira;
bañan eztet eman nai
Euskal-errira.

11) Urtiak gallendu ta
ajiak azaldu,
daukanak obe zuen
artu ezpalu;
etxetikan kanpora
eziñ det bialdu,
joka asten naiz bañan
laister urrikaldu;
aragiya galdu,
larrua ona du,
ezurrak onradu;
frantzesak nai badu,
laban-kirtenetako
obe det saldu.

12) Orra bertso berriyak
Senpelarrek para,
askok jakin dezala
nere euskara;
ustez alabatu det
betroiaren kara;
ukulluan eztulka
pasatzen du gaba;
au gure ikara,
sano du ijara,
guziya tripara,
orlakua zara;
desterratu nazazu
gezurra bada.

Erreferentziak

  1. a b c d Zavala, Antonio. Xenpelar bertsolaria. Auspoa, euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
  2. Betroiarenak. bertsoikasgela.eus (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).

Kanpo estekak

Wikitekan badira testuak, gai hau dutenak:
Betroiarenak