Bero motorea, errekuntzako motor edo motor termikoa, makina termiko bat da, bero-iturri baten (foku beroa) eta bero-hustubide baten (foku hotza) artean tenperatura-gradientea aprobetxatuz beroa lan mekaniko bihurtzen duena. Beroa iturritik hustubidera transferitzen da, eta prozesu horretan, beroaren zati bat lan bihurtzen da fluido baten propietateak aprobetxatuz, normalean gas baten edo likido baten lurrunaren bidez.
Makina termiko baten funtzionamendurako beharrezkoa den beroa, errekuntza batean askatutako energia kimikotik dator. Bero hori fluido batek xurgatzen du, ondoren zenbait pieza mekaniko mugimenduan jartzeko.
Errekuntza motorretik kanpo egiten bada, kanpo-errekuntzako makina deritzo, eta errekuntza makinaren barruan egiten bada berriz, barne-errekuntzako makina. Sortutako mugimendua alternatiboa edo birakaria izan daiteke.
Fluido motorra ur-lurruna, airea edo petrolioaren edo gas erregaien errekuntzaren ondoriozko gasen nahasketa izan ohi da. Barne-errekuntzako motorretan, errekuntza fluido motorrean egiten da. Kanpo-errekuntzako motorretan aldiz, bi fluido daude bien artean beroa trukatzeko. Zentral nuklearretan, beroa uranioaren edo plutonioaren fisio nuklearrean askatutako energiatik sortzen da, eta substantzia hozgarri batek erauzten du bero trukagailu baten bitartez bigarren mailako zirkuitu bati emateko.