Bedarretako San Migel hilerria Aretxabaleta sarreran dagoen hilerria da, aurrez herriko eliza izan zena[1]. Usadioak dioenez eskualdeko aurreneko eliza izan zen[2].
Historia
XIII. mendean eraiki zen gaur egungo Oro auzoaren lurretan[1]. Aretxabaletako lehenengo parrokia izan zen. Herriko bi familia handienen artean sarri liskarrak izaten ziren eta XVI. mendean Arratabe jauregia eta Otalora jauregiaren artean zegoen eremu neutralean eliza berria eraikitzea erabaki zen, Andre Mariaren Jasokundearen eliza izango zena. Bedarretako San Migel eliza eraitsi egin zen, aurrealdeko ataria ezik, eta bertan zegoen kristoren irudia eliza berriko aldarera eraman zen[3][4].
Gaur egun herriko hilerria da.
Artea
Jatorrizko elizaren atari erromanikoa eta kanpai-horma dira mantentzen diren elementu bakarrak. Atariak arkiboltak eta estilo erromanikoko kapitel eta kolomak dituen arku zorrotza du[5].
Kanpai-hormak bi arkibolta eta txanbrana ditu, eta zutabe batek eusten ditu[6]. Arkuetan suge isatsa duten animaliak agertzen dira. Ezkerreko arkuan lerroan kokaturik daude eta batak bestearen isatsari horzka egiten diote. Eskumakoan aldiz bikoteka elkarri begira daude beste bikoteetako animaliekin isatsak elkar korapilatuz[7]. Zutabea ere dekoraturik dago eta mainelean hostoak eta zurtoin ondulatuak ditu. Kapitelean akanto hostoak daude eta giza buru bat ageri da[6].
Mugarri gurutzea
Hilerritik 100 metro behera eginez, Arrasatetik datorren errepidearen ertzean, Aretxabaletako mugarri gurutzea aurkitzen da. XVI. mendekoa da[7] eta Gipuzkoako Kultur Ondasun izendatua dago.
Iruditegia
Erreferentziak
Kanpo estekak