Konpostelako Erromesaren Bulegoaren estatistiken arabera, 2019an Bulegoan erromesaldiaren egiaztagiria aurkeztu eta “La Compostela” diploma jasotzera 347.578 erromes agertu ziren, % 51 emakumeak eta % 49 gizonak. Horietatik, 19.019 pertsona iritsi ziren Iparraldeko Bidetik, hau da, % 5,47a. Baiona eta Irunen artean, 6.580 erromes hasi ziren, guztizkoaren % 1,61.[1]
Etapen luzera eta aterpetxeak
Gida desberdinetako etapak antzerakoak izan arren, batzuetan bai irteera eta bai amaiera hiri zein herri ezberdinetan daude, ondorioz etapa bakoitzeko luzeran aldeak sortuz.
Gidek diotenez gain, erromes asko daude etapei jaramon egin beharrean, norberaren egoera fisikoari edo aterpetxeen egokitasunei begiratzen dietenak, oinezkoek sarritan 30/40 km. eta bizikletan doazenek 80/100 km. betez egunero.[2] Ondorioz, ibilbideko hiri, herri eta herrixka guztietan daude aterpetxeak erromesen eskura, publikoak zein pribatuak, prezioen eta pribatutasun-mailen arabera. Horrek adierazten du lurraldeen garapen ekonomikoarentzat, aterpetxeak beste eragile batzuk direla.[3]
Donejakue bidearen aterpetxe berezienak ezaugarri hauek dituzte: borondatezko ospitaleroek kudeatuak izanik udalenak edo erlijiosoenak dira; dohainik direnak borondatea ematea eskertzen dute afaria, ohea eta gosariagatik; sarritan ekitaldiren bat edo errezu erlijiosoren bat antolatzen dute; eta erromes denak konpartitzen duten afari komunitarioa egiten da. Adibide ugarien artean honakoak aipa ditzakegu: Zabaldika, Monjardin, Logroño, Tosantos edo Bercianos. Hainbat erromesentzat aterpetxeetako afari komunitarioek esanahi berezia dute, etapen luzera horren arabera antolatuz.[4]
Donejakueren Iparraldeko Bideko lehen etapa
Bide hau Nafarroatik doan Frantses Bidea bezain zaharra da, izan ere, Erdi Aroko europar erregeek hau hautatzen zuten Santiagora iristeko. Gida batzuetan Baionan hasten da, etapa baten edo bitan zatituz Iparraldeko 36 kilometroak, eta beste batzuetan berriz Irunen.
Iparraldeko Bideak Kantauriko kostaldea zeharkatzen du, Baiona/Irundik hasita Galiziako sarreran dagoen Ribadeoraino. Han, ibilbidea hego-mendebaldera doa, Konpostelarako norabidean. Zati handi batean, eremu turistikoetatik igarotzen da, eta urbanizatutako zatiak zein edertasun natural handiko beste batzuk konbinatzen ditu.[5]
Baiona- Irun: 36,28 km
Giden irizpide desberdinak
Lehen etapa hau irizpide desberdinekin hartzen da gidetan eta, laburbilduz, irizpideok zera diote:
C- Gronze gida ezagunak ere, ibilbide berari “Iparraldeko Bidea” deitzen dio, baina Baionatik hasi eta Irunerainoko bidea bi etapatan banatuta: lehen etapa Baionatik Donibane Lohizunera, 29 km.koa, eta bigarren etapa bikoitza, ofiziala den Donibane Lohizunetik Irunera barne aldetik, 15,4 km.koa, edo bere bariantea kostaldetik doana, 18,8 km.koa.
D- Eroski Fundazioaren Consumer gida ezagunak berriz, ibilbideari “Iparraldeko Bidea” deitu ondoren, lehen etapa Irundik hasten dela dio, Baiona aipatu gabe.
Wikipediako WikilovesBidea 2021-en irizpideari jarraituz, Baionatik Iruneko ibilbidea garatu da hemen. Baina 36,28 km.ko etapa luzeegia delakoan, eta Gronzeren gidak bitan banatu duelako, honen azalpenak jarraituko dira. Beraz, lehen etaparen bi azpi-etapa azalduko dira.
1.A- Baiona - Donibane Lohizune: 29,0 km.
Ibilbide luzeko erromesak Iparraldeko Bidea Baionan hasten dute, Ipar Euskal Herriko hiriburuan, Donejakueko hiru bide bertatik igarotzen direlako. Irunen hasten direnak mespretxatu gabe, Baionako Santa Maria katedrala bezalako leku enblematiko batetik abiatzeak esanahi historiko eta europar handiagoa ematen dio ibilbideari. Bertan lortu daiteke Donejakueko egiaztagiria, lehen zigiluarekin.[6]
Alde zaharreko katedraletik azokara jaitsiko gara, Errobi ibaiaren ertzera iristeko. Gurutzatu gabe eskuinera egin, eta beti ibaiaren paraleloan jarraituko dugu. Hiru kilometro ingurura, Baiona atzean utzi eta eskuinera doan Kostaldeko kalea hartuta, Angeluko norabidean jarraituz Biarritz-Iparraledeko aireportura ailegatzeko. Herri ondotik jarraituz, Muriskot laku indotik Bidartera iritsiko gara, Santa Magdalena baselizaren parean atsedena hartzeko aukera aprobetxatuz, Kantauri itsasoari begira.
15,9. Bidarte. Hemendik Donibane Lohizunera joateko bi aukera daude: A) 13,7 km. dituen barnebide ofizialetik, Urdazuri ibaiari jaraituz amaieran, edo B) 10,7 km.ko itsaertzeko bidea hartu, Getaria herria zeharkatuz.
29,0. Donibane Lohizune. Herri turistiko ederra izateaz gain, Bidarte eta Getaria bezala Donibane Lohizune jadanik XI. mendetik arrantzale portua da, eta ospetsua ontzi txikiekin itsasora aterata 18 metroko luzera eta 50 tona inguruko pisuko baleak harrapatzen zituztelako. Herrian tren geltokia, azoka eta XIV. eta XVII. mendeen artean eraikitako Saint-Jean-Baptiste eliza ikusteak merezi du. Bestalde, hondartzaren aurrean Barra auzoa dugu, malekoi batek itsasotik babesten dituen euskal estiloko etxe ederrekin.
1.B- Donibane Lohizune - Irun, kostaldetik: 18,8 km.
Urdazuriko ibaia D-810 errepideko zubitik zeharkatuz, Ziburu herrira iritsiko gara. Ibaiaren albotik jarraituz, bidegorrian sartu ondoren Zokoa auzora ailegatzeko. Bertan XVII.mendeko gotorleku ikusgarriaren ondotik pasatuz, errepidearen aldamenetik doan bidezidorretik jongo gara, beti ee labarrei eta Kantauri itsasoari begira.[6]
12,5. Euskal Erlaitzaren Etxea (Asporotsttipiko baserria), natura interpretatzeko zentro interesgarria da. Bera ikusi ondoren, D-912 errepidearen ondoan jarraituko dugu, eta Abadia jauregi ederraren paretik igarota, Hendaiako hondartza gainera ailegatuko gara. Hortik aurrera Irunera iristeko bi aukera daude. Bata kostaldetik jarraitu eta Bidasoa ibaia itsasontzian zeharkatuz Hondarribiara joateko, eta hortik Irunera. Edo beste aukera bat, Hendaiako herria gurutzatu ondoren Santiago zubia pasatu, Irunen sartzeko.
Irungo ezagunena “Jakobi erromesen aterpetxea” da, Lesaka kalean, eta bertan 60 lagun sartzen dira hiru logela partekatutan. Donejakue bideko hainbat aterpetxetan bezala, Jakobin ere ostatua eta gosaria dohakoak dira, eta erromesek borondatea ematen dute.[7] Gidetako beste aterpetxe batzuk honakoak dira: Martindozena gazteen aterpetxea, Bowling ostatua, Gema ostatua, Lizaso ostatua, Gure Ametsa baserri-ostatua, Bidasoa ostatua, eta Europa osatua.
Erreferentziak
↑(Gaztelaniaz)Informe estadístico año 2019. Oficina de acogida al peregrino. Catedral de Santiago.
↑(Gaztelaniaz)Pombo Rodriguez, Anton. (2019). El Camino de Santiago en tu mochilla. Camino francés. Anaya Touring ISBN9788491580997..
↑(Frantsesez)Rucquoi, Adeline; Michaud-Fréjaville, Françoise; Picone, Philippe. (2018). Le voyage à Compostelle du Xe au Xxe siècle. Groupe Robert Laffont ISBN222123927X..
↑(Gaztelaniaz)Edurne Baz Uriarte. (2018). Camino de Santiago de cerca. Planeta, Barcelona ISBN9788408194538..
↑Done Jakue bidea. Bi ibilbide Euskadin zehar. Eusko Jaurlaritza ISBN978-84-457-2423-1..
↑ ab(Gaztelaniaz)Contreras Gil, Francisco. (2021). Guía mágica del Camino de Santiago. Luciérnaga ISBN9788418015571..
↑(Ingelesez)Mencos Arraiza, Carlos. (2018). Cien cosas que hay que saber del Camino de Santiago. Lectio ISBN9788416918393..