Iurretan abade zegoen Martin Aranbarriren laguntzaz sortu zen batez ere ume eta gazteei urte osoan zehar aisialdirako eskaintza integrala eskaintzeko asmoz. Egoitza nagusia Iurretako San Migel Plazako Abade Etxeko erdiko bizitokian zuen eta solairu bakoitza zeregin desberdinetarako moldaturik zegoen.
Formakuntza
Begiraleen formakuntza EDE eskolaren bidez burutzen zen, bai monitore eta bai zuzendari titulua lortzeko ere. Horretarako asteburuetan egiten ziren ikastaroak eta ikastaroak bukatzean, txosten bat aurkeztu behar izaten zen helburuak lortu ahal izateko.
Horrez gain, talde barruan ere begiraleen formakuntza bilera bakoitzaren hasieran lantzen zen eta baita berariazko asteburuetan zehar ere.
Ekintzak
Lau motatakoak bereizten ziren: asterokoak, asteburukoak, ekintza puntualak eta udako kanpamentuak.
Asteroko ekintzak batez ere begirale bakoitzak eta bere taldeak burutzen zituzten batzarrak ziren, adinen arabera (nagusien taldea, ertainen taldea, txikien taldea) ekintza desberdinak burutzeko: jolasak, eztabaidak, epe luzeragorako proiektuak…
Horrez gain, asteburu batzuetan aterpetxe edo baserrietara irteerak ere antolatzen ziren, batez ere adin bereko taldearen barneko dinamikak lantzeko eta naturaz gozatzeko.
Ekintza puntualetan arrakastatsuena, udaberriko lehen larunbatean ospatzen zen Udaberriko Jaia zen, eta bertan, herrian zein inguruko mendietan ekintza desberdinak burutzen ziren.
Udako kanpamentuetan 80-100 ume inguru batzen ziren, 8 urtetik 16 urtera bitartekoak eta hamabostaldi batean begiraleek antolaturiko mendi martxak, gaubeilak eta bestelako eginkizunak izaten ziren. Aparteko garrantzia zuen kanpamentuan egiten zen batzar orokorra, egunero ume eta begiraleen artean gaiak adosteko eta arazoei konponbidea bilatzeko.
Urteetan zehar, herriari zabaldutako beste ekintza batzuen artean, ludoteka bat ere ireki zen herritarrek emandako jostailuekin. Era berean, ikasketetan zailtasunak zituzten umeei bideratutako ikastaroak ere martxan jarri ziren aldi batean.