Aurre-alboko sistema edo bizkar lemniskoa zehaztasun gabeko informazioa edo informazio protopatikoa entzefalora garraiatzeko goranzko bide sentsoriala da. Garraiatzen duen informazio protopatikoa somatikoa zein erraietakoa izan daiteke.
Sarrera
Bizkarmuinaren gai zuria funikulu edo kordoietan antolatzen da (gai grisa nukleoetan antolatzen den bezala).
Atzeko funikulua edo kordoia: bizkarmuineko atze-alboko bi ildoen artean dago.
Alboko funikulua edo kordoia: bizkarmuineko atze-alboko eta aurre-alboko ildoen artean dago.
Aurreko funikulua edo kordoia: bizkarmuineko aurre-alboko bi ildoen artean dago.
Aurre alboko sistemak aurreko funikulua eta alboko funikuluaren atal bat hartuko ditu. Sistema honetan 3 traktu egongo dira:
Bizkarmuin-talamo traktua
Bizkarmuin-erretikulu traktua
Bizkarmuin-tektu traktua
Bizkarmuin-talamo traktua
Bizkarmuin-talamo traktuko zuntzek bi bide desberdin har ditzakete: aurrekoa (aurreko kordoitik bideratzen dena) eta albokoa (alboko kordoitik bideratzen dena). Nolanahi ere, bi traktuek informazio bera eramaten dute.
Informazio hori bizkarmuineko gai grisaren atzeko adarretako eremu lateraletik sartzen da, mielina gutxiko zuntzen bidez. Zuntz horiek bazterreko nukleoan (Rexed-en I lamina) zein berariazko nukleoan edo nukleo propioan (Rexed-en III eta IV laminak) sinaptatuko dute. Berariazko nukleoaren gain minaren kontrol mekanismo batek eragingo du, baina bazterreko nukleoaren kasuan ez da minaren erregulazio mekanismorik egongo.
Bazter nukleo nahiz berariazko nukleoan sinapsia egin ondoren, axoi eferenteak alde kontralateralera bideratuko dira komisuraren aurreko ataletik eta aurreko zein alboko funikuluan sartuko dira. Bertatik, gorantz bideratuko dira eta talamora helduko dira. Hemen, atze-alboko sabelaldeko nukleoan egiten dute sinapsia.
Beraz, bizkarmuinean bi traktuak desberdinduta dauden arren, enbor entzefalikoan biek bat egiten dute.
Bizkarmuin-erretikulu traktua
Informazioa bizkarmuin-erretikulu traktura bidaliko duten zuntzak atzeko sustraietatik heldu eta gai grisaren atzeko adarretik sartuko dira bizkarmuinera. Sinapsia Rexed-en V, VI eta VII laminetan egingo dute (Rexed-en I, III eta IV laminetan egin beharrean), non informazio integratua eta erraiekin erlazionatutako informazioa biltzen den.
Sinapsia egin ostean, zuntzak alde kontralateralera bideratuko dira, aurreko komisuratik pasatuz, eta alboko kordoian sartuko dira, goranzko bidea hartzeko. Ondoren, bat egingo dute bizkarmuin-talamo traktuarekin. Hala ere, enbor entzefalikoaren mailan, talamorantz zuzenean bideratu beharrean, sinapsia egingo dute erretikulu formazioan eta horren ondoren jarraituko dute goranzko bidea. Talamoan orri barruko nukleoan egingo du sinapsia.
Alboko kordoian, zuntzek somatotopia izango dute: idun aldeko zuntz sentsitiboak aurre-erdialdetik bideratuko dira. Errai aldekoak, aldiz, albo-atzealdetik bideratuko dira.
Bizkarmuin-talamo traktuaren eta bizkarmuin-erretikulu traktuaren arteko desberdintasunak
Bi traktuen arteko desberdintasun funtzionalari dagokionez, nahiz eta informazio berdina eraman (minaren informazioa eta informazio protopatikoa) desberdintasunak ageri dira. Formazio erretikularreko informazioa primitiboagoa da eta mingorra edo denboran zehar mantentzen den mina garraiatzen du. Bizkarmuin-talamo traktua aldiz, garatuagoa eta min akutuari buruzko informazioa garraiatzen du.
Bizkarmuin-tektu traktua
Bizkarmuin-tektu traktuak bizkarmuina eta goiko kolikulua lotzen dituen bidea da; begirada eta buruaren mugimendu koordinatuekin erlazionatuta dago. Aurrekoek bezala, traktu honek ere, tenperatura, mina eta ukimenaren informazio sentikorra garraiatzen du, informazio protopatikoa.
Ibilbidea
Hainbat lekutako aferentzia sentsitiboak helduko dira bizkarmuinera. Hauek Rexed-en V, VI eta VII laminetan sinapsia egingo dute eta orduan, alde kontralateralera bideratuko dira. Zuntzak alboko funikuluaren bidez entzefalo-enborrera heldu eta goiko kolikuluan egingo dute sinapsia.