Madrilen jaio zen artisten familia batean. Tomás Garrido aita konpositorea eta orkestra zuzendaria du eta María del Pilar Sánchez ama margolaria. Lau urte zituela hasi zen pianoa jotzen eta ondoren balleta ikasi zuen. Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan Espainiako Arte Dramatikoaren Errege Goi-Eskolan matrikulatu zen eta hirugarren maila arte ikasi zuen interpretazioa, baina bertan behera utzi zuen gradua Planes para mañana filmearen errodaian parte hartzeko[1]. Mónicaren papera egin zuen[2]. Egindako lanak saria izan zuen, emakumezko aktore errebelazio onenaren Goya Sarietarako izendapena jaso zuen[3] eta Málagako Zinema Jaialdiko zilarrezko Biznaga saria jaso zuen[4]. Aurrez 2009an Física o química gazteen telesailean aritu zen. Erika pertsonaia egin zuen lau ataletan[5].
Hurrengo urteetan telebistan hainbat telesail egin zituen. La pecera de Eva-n bi denboraldi osatu zituen[6], Ángel o demonio-n 22 ataletan azaldu zen[7] eta Las aventuras del Capitán Alatriste-n ere 13 ataletan[8]. Aldi berean hainbat filme egin zituen, El cuerpo[9] eta Stockholm[10] besteak beste. Azken filme honengatik sariak eskuratu zituen 2013an Málagako Zinema Jaialdian eta Bilboko Fantasiazko Zinemaldian[11], eta 2014an Sant Jordi Saria[12] eta Círculo de Escritores Cinematográficos-en domina. Horiek gutxi balira, 2014ko Goya Sarietarako bigarren izendapena jaso zuen.
El Ministerio del Tiempo
2015ean El Ministerio del Tiempo telesail arrakastatsuko protagonista izan zen Rodolfo Sancho eta Nacho Fresnedarekin batera[13]. Beranduago Hugo Silva ere gehituko zitzaien[14]. Amelia Folchen rola bete zuen, Unibertsitatean ikasteko aukera izan zuen XIX. mendeko emakumezkoarena[15]. Denboran jauzi eginez Espainiako historiako hainbat pasarte jorratzen zituen telesailak.
Aura Garridok hainbat sari eta izendapen jaso zituen telesailean egindako lanarengatik; Zilarrezko Fotogramas Saria[16], Iris Saria[17], Feroz Saria[18]... 2015 eta 2017 artean aritu zen eta 2019an itzuli zen hutsarte baten ondoren[19].