Atsolorra

Atsolorra[1] (baita ere Atsolorreta[2], Atsobesta[3], Andraikustea[4], Emabatzarrea[5]) Egun ia galduta dagoen erritu horretan, haurra jaiotako baserrira auzoko emakumeak bisitan joaten ziren, ama berriari laguntzeko asmoz. Atsolorraren erritua Eliza Katolikoak bataioaren betebeharra ezarri aurrekoa zen, hau da, XVI. mende aurrekoa..[6] Egun ia galduta dagoen erritu horretan, Idurre Lekuona Antzizar antropologoak bere ikerketan azaldu duenenez, haurra jaiotako baserrira igande arratsaldean auzoko emakumeak bisitan joaten ziren. Normalean, ia gehienetan, emakumeak bakarrik joaten ziren eta ama izandakoari laguntza txiki bat eramaten zioten; etxekoek, aldiz, bisita eskertzeko, afari-merienda ematen zieten bisitariei.

Jaiotzaren inguruko igarotze errituak

Idurre Lekuona Antzizar antropologoaren iritziz, gizarte gehienetan bizitzako une garrantzitsuetarako igarotze errituak ezartzen dira egoera horiek sortzen dituzten beldur eta usteak bideratzeko. Erritu horiek belaunaldiz belaunaldi igaro dira, jaiotza bezalako gertaeretan behin eta berriz errepikatuz. Ekintza hauek gizarteak hala ezarritakoak eta gertuko gizataldeak, kasu honetan auzoak, espero dituen erritualak dira. Jaiotzaren inguruko hiru erritu aipatzen ditu Idurre Lekuona Antzizar antropologoak bere ikerketa lanean[7]

  • Bataioa: Gizarte tradizionalean bataioa izan da elizak eta gizarteak araututako igarotze erritu nagusia. Premia handiarekin egiten zen jaioberrien hilkortasun tasa handia kontuan hartuz, haurra jaio eta berehala bataiatzen saiatzen ziren. Askotan ama bera ez zen joaten jaioberriaren bataiora eta gertuko emakumeren batek eramaten zuen haurra besoetan. Bataiatu gabeko haurrek ez zuten lekurik kanposantuan eta etxe kanpoko teilatupean lurperatu behar izaten zen bataiatu gabeko haurraren gorpua. Bataioa hurrenkera zehatzeko pausoen lehenengo katebegia izaten zen. Haren ondoren elizan sartzea eta atsolorra etorriko ziren. [8]
  • Elizan sartzea: Haurra bataiatzea bezain garrantzitsua zen amak umea izan eta elizan sartu aurreko purifikatze erritua. Ama erditu ondoren ezin zen bere horretan sartu elizara eta bedeinkazio berezia eman behar zion apaizak elizan sartu aurretik, eliza atarian. Hirurogeiko hamarkadan utzi omen zioten erritu hau egiteari,  ordutik aurrera ama eta haurra bedeinkatzen ziren bataioan. Behin eta berriz aipatzen da dokumentu zaharretan emakumea ezin zela etxetik atera elizan sartzea egin gabe. Etxetik atera behar izanez gero, teila buruan jarrita ateratzeko obligazioa zuen. Teilak etxearen babesa sinbolizatzen zuen emakumea etxetik atera ez balitz bezalaxe. Denboraren poderioz teilaren ordez zapia erabili zen. Hasiera batean berrogei egun uzten baziren ere, epea laburtzen joan zen eta ama ondo sentitzen zenean joaten zen elizara, aldez aurretik apaiza jakinaren gainean jarrita, sartu aurretik halako bedeinkazioa eman ziezaion.[9]
  • Atsolorra: Bataioarekin eta elizan sartzearekin batera, jaiotza-errituaren pauso bat da. Atsolorrak badu beste biek ez duten ezaugarri garrantzitsua: atsolorra ez da ekintza erlijiosoa eta batzuen esanetan, kristautasunaren aurreko gizartearen ezaugarria da, gizabanakoa gizarteko kide eta gizabanako aktibo zenekoa. Zenbaitek, seguraski horrexegatik, debekatu nahi izan zuen.[10]

Atsolorra Euskal Herrian

Euskal Herriko zenbait herritan bakarrik ageri da dokumentatua, baina jakina da Ereñotzun, Errenterian, Oiartzunen eta Urnietan ere egiten zela, besteak beste. Euskal Herri osoko hainbat lekutan egiten zitzaion amari bisita, esate baterako, Oñatin, Antzuolan, Arratian, Barkoxen, Beran, Diman... Egia da, batez ere, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoela dokumentatua, beste zenbait lekutan baino gehiago, baina dokumentuek diote Nafarroan eta Iparraldean ere egiten zela. Ez dago, ordea, Araban egiten zela esateko arrastorik.[7]

Gaur egun, egungo errealitatera egokituta, ohitura berreskuratzeko ahaleginak egiten ari dira zenbait tokitan, esaterako Ereñotzun[11], Orion[12], Astigarragan[13], Pasaian[14], Oñatin, edota Oiartzunen[15]

Izenaren esanahia

Atsolorra hitza iluna edo, gutxienez, misteriotsua lehen aldiz entzun dutenentzat. Askorentzat hitz «itsusia» ere bada, batez ere, atso hasierari erreparatuz gero. Idurre Lekuonak bere ikerketa lanean jasotzen duenaren arabera batzuen ustez atsolorra izena ematen zitzaion adineko emakumeak joaten zirelako elkartze haietara, etxeetako emakume zaharrenak jeneralean. Beraz atsolorra emakume zaharren bilkura izango litzateke.[16]

Atso hitzak hainbat adiera izan ditu, horien arteko ezagunena da atsoa, ezkondu eta haurrik ezin izan zezakeen emakumea zela, antzua. Beste batzuek diotenez atso hitza agure hitzaren parekoa da. Beste askoren ustez, atsoa esaten zieten senarrek normalean beren emazteei. Seguraski hori da atsolorra hitzaren etimologia, alegia, emakumeen bilkura. Esan daiteke auzoko emakumeek elkarri ematen zioten laguntza zela atsolorra. Bilera horretan, haurra izandako amak auzoko emakumeen laguntza jasotzen zuen haurra aurrera ateratzeko. Emakumeen juntadizoa da, beraz, atsolorra. Ez du esanahi ilun ezta itsusirik.

Errituaren ezaugarriak

Idurre Lekuona Antzizarrek herri gehienetan errepikatzen ziren elementu batzuk aipatzen ditu. Atsolorra igarobide-erritua den heinean, pauso zehatz eta ezagunak bete behar ditu.

  • Igande arratsaldetan: Atsolorraren aurretik, haurra bataiatu behar izaten zen, azkar samar normalean, eta amak elizan sartu behar izaten zuen bizkortzen zenean. Hori egin ondoren atsolorra eskaintzen zuen amak, igande arratsaldeetan izaten zen beti juntadizoa, seguraski hori zelako egunik lasaiena lanez gainezkako baserrietan.
  • Otordu bikaina: atsolorrean ematen zen otordua ez zen nolanahikoa, urtean zehar egiten ziren gutxi bezalakoa. Gutxi edo gehiago beti bertsua izaten omen zen: hasteko, haragi gisatua, ondoren xerra piper morroekin eta bukatzeko arrozesnea edo gazta eta intxaurrak. Edaririk ere ez zen falta izaten: Sagardoa eta pitarra arruntak ziren edozein etxetako mahaian, ardoa ere izaten omen eta kafearekin batera pattarra (koñaka edo anisa). Emakumeek noiznahi ateratzea eta edatea libre ez zuten garai hartan, transgresioa zen edaten ibiltzea eta ondorengo hainbat kontu barregarri gertatzea.
  • Kontu kontari: Bapo jan ondoren, tertuliak jarraitzen omen zuen. Zenbaitetan jokoan aritzen ziren beste batzuk kontu-kontari aritzen ziren bitartean. Denetarik izaten zuten hizpide: etxeko kontuak, auzokoak, batek esandakoak eta besteak egindakoak... Umorerik ez omen zen falta izaten, ezta barrerik ere, eta zenbaitetan algarak ederrak ere izaten omen ziren.
  • Emakume festa: Bilera hauetarako auzoko emakumeak biltzen ziren. Zenbaitetan etxeko gizonen bat izaten zen baina ia beti emakumeak izaten ziren biltzen zirenak. Zalantzarik gabe, eta izenak argi adierazten duen bezala, emakumeen bilera zen eta apenas ageri zen gizonezkorik.
  • Bisita eman: Bisita fisikoki egiten zen arren, alegia, haurra jaiotako baserrira bertaratuta, bisita ematea ere bazen haurra izandako familiari laguntza ematea, normalean ekonomikoa baita jatekoa ere, baina argi dago esku-hutsik ezin zela joan. Bisitariek haurraren amari eramaten zioten opariak herriz-herri izen desberdina zuen. Hauek dira, adibidez, Euskal Herriko Atlas Etnografikoan jasotakoak: Ermakaria Arratian eta Orozkon, Ikuskeia Barkoxen, Ikus-saria Haltsun, Karapaioa Arrasaten edota Martopila Arroan [7]
  • Ateraldia:  Jaiotza-erritua da atsolorra eta horrenbestez, gizartearen onespena du, adostutako pausoak jarraitzen ditu eta gizartearen kohesioa berresten duen ekintza soziala da. Hala ere bada irakurketa ere: atsolorra «festa» zen, «ateratzeko aitzakia» emakumea etxetik nekez eta are gutxiago bakarrik ateratzen zen garai hartan.

Atsolorra filma

2018an, Ruben Rosas zuzendariak Atsolorra film laburra aurkeztu zuen. Bertan festaren jatorria eta garapena azaltzen du eta, baita ere, gaur egungo lanak berreskuratzeko eta garai berrietara moldatzeko. Dokumentala zinemaldi desberdinetan aurkeztu da, esaterako Malagan.[17] Pasaiako Badiako IKUSKA nazioarteko film laburren erakustaldian euskarazko film laburren ekoizpena saritu nahi duen Mintzagun saria eman zioten.[18]

Jaiotze ospakizunak munduan

Haurren duela gutxiko edo etorkizuneko jaiotza ospatzeko ekitaldi sozialak munduan barrena ospetsuak dira. Ohitura haumunduko toki askotan ezagutzen da. Idurre Lekuonak bere ikerketa lanean adierazten du Luis Mari Zaldua hizkuntzalariak Basoko Loti Ederra ipuinean horrelako bilkura baten berri ematen dela. Hona hemen beste herrietako ospakizun batzuen berri:

  • Brasilen, chá de bebê[19] izeneko festa bat eskaintzen da haurra jaio aurretik, eta emakumeentzat bakarrik izaten da askotan.
  • Txinako tradizioan, manyue[20] izenekoa, haurra jaio eta hilabetera ospatzen da. Garai batean osasun-baliabiderik ez zegoen eta haurren heriotza-tasa oso altua zen. Horren ondorioz, familiek eta lagunek ospatu egiten zuten haurra jaio ondoren hilabete baino gehiago bizirik irauten ote zuen.
  • Armenian, haurra jaio eta 40 egunera ospatzen da qarasunq [21]deiturikoa. Senide eta lagun guztientzako jaia da. Gonbidatuak gurasoentzako edo haurtxoarentzako opariekin joaten dira.
  • Iranen, sismoony izenekoa ama erditu baino pare bat hilabete lehenago ospatzen da. Bertan haurdun dagoen emakumearen familiak emango dizkio lehen umeak behar dituen osagarri eta ostatu guztiak. Horrek ohea, jostailuak, arropa, platerak eta haurrarekin lotutako ia edozer barne hartzen ditu. Familia osoa eta gertuko lagunak gonbidatuko zituzten opariak ikustera eta, gainera, haiek zerbait oparitzera.
  • Costa Rican egiten den ospakizunari Té de canastilla[22] deitzen diote. Gainerako herrialdeetan bezala, etorkizuneko gurasoei haurraren bizitzako lehen hilabeteetan behar duten guztia biltzen laguntzeko helburuarekin ospatzen dira: arropa, osagarriak… Antolatzeaz arduratzen den pertsona ez da haurdun dagoena, baizik eta harengandik oso gertu dagoen norbait. Helburua da omendua ezustean harrapatzea eta, aldi berean, bere egoeran alferrikakoak diren ahalegin eta kezkak saihestea.
  • Indiako tradizioan jaioberrien ongietorri-festak izen desberdinak ditu, familiare partaide den komunitateko kideen arabera: Godh Bharai,[23] Dohaaljewan,[24] Sadhbhokkhon,[25] Seemantham[26] Valaikappu,[27] edota Pulakuli [28] Batzuetan etorkizuneko amarentzako opariak erosten dira, baina ez haurtxoarentzako, honek jaio ondoren bakarrik izango ditu opariak.
  • Islamaren jarraitzaileak jaioberrien aqiqah egiten dute.[29] Horrek berekin dakar animalia bat akatu eta honen haragia hiru zati berdinetan banatzea: bat premian daudenentzat, beste bat festara datozen senide eta lagunentzat, eta azkena familiarentzat.
  • Hegoafrikan stork party[30] (zikoina festa) deitzen diote, eta ama sei hilabeteko haurdun dagoenean antolatzen dute. Stork party hauetara ez da gizonezkorik joaten, eta ez dute festa baliokiderik egiten haientzat. Ospakizunera joateko arropa berriak jantzi eta haurra zaintzeko opariak eramaten dira. Ezusteko festa gisa antolatzen da maiz, amak jakin gabe.

Bibliografia

  • PAREAN Elkartea: "Atsolorra. Amatasuna feminismotik". Amatasunak feminismotik nola bizi ditugun aztertzeko, 150 emakumek betetako inkesta oinarri dituen ikerketa. [6]
  • Idurre Lekuona Antzizar: "Atsolorra, euskal jaiotza-erritua. Ereñotzun jasotako testigantzak". Uztaro Giza eta gizarte zientzien aldizkaria, 109.zk., 2019ko apirila-ekaina, 5-26.[7]

Erreferentziak

  1. «Euskal Mitologia - Atsolorra» www.amaroa.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  2. Juantxo Agirre-Mauleon, María José Hernández, Ana Isabel Rodríguez, Mikel Errazkin. (2008). Anoetako herri-sinesmenak historian zehar. Donostia: Aranzadi Zientzia Elkartea, 191 or. ISBN 978-84-935707-1-2..
  3. «Euskal errituak - Elgoibar» barren.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  4. «Kontu-kontetan ala buru-nekatzen?» Bizkaieraren ataria 2015-10-01 (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  5. «Emabatzarreak» gizapedia.org (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  6. a b «Atsolorra» Parean Elkartea (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  7. a b c d Lekuona Antzizar, Idurre. (2019-05-14). «Atsolorra, euskal jaiotza-erritua. Ereñotzun jasotakotestigantzak» Uztaro. Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria (109): 5–26.  doi:10.26876/uztaro.109.2019.1. ISSN 3020-5115. (Noiz kontsultatua: 2024-12-04).
  8. «Etxean erditu eta haurrak berehala bataiatu - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  9. «Bataioa eta elizara sartzea - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  10. «Atso-lorra - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-08).
  11. (Gaztelaniaz) Cortés, María. (2013). «En Ereñotzu se celebra esta tarde el rito del nacimiento 'Atsolorra'» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-12-04).
  12. «65 oriotar jaio dira - Orio» Orioguka.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  13. ««Gure Atsolorra metaforikoa da, emakumeak elkartu eta ospatzeko gure ekintzen sorrera» - Astigarraga» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  14. «Atsolorra, amatasuna feminismotik hizpide» Pasaia (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  15. Atsolorra (Oiartzun): jolas-kantak eta zuhaitza. 2018-03-23 (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  16. «Dokuteka: Atsolorra, euskal erritu zaharra» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  17. «Festival de Málaga» web.archive.org 2019-05-28 (Noiz kontsultatua: 2024-12-04).
  18. «Euskarazko film labur onenari MINTZAGUN SARIA» Oarsoaldea (Noiz kontsultatua: 2024-12-04).
  19. (Portugesez) «Tudo sobre chá de bebê» Pampers-BR-PT (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  20. (Ingelesez) «30th Day Celebration and Man Yue Celebration | Baby Online Shopping» mimi et lulu (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  21. «Tradiciones Armenias de Nacimiento» www.advantour.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  22. (Gaztelaniaz) maritzacartin. (2020-06-17). «Té de Canastilla, Tradiciones Costarricenses.» Mi Costa Rica de Antaño (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  23. (Ingelesez) «Godh bharai - Indian baby shower» BabyCenter (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  24. Sohal Khare. (2016-10-13). Babita baby shower 👶. (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  25. (Ingelesez) «The Rite of Baby Shower - Soccamacha» The Rite of Baby Shower - Soccamacha (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  26. (Ingelesez) «Seemantham Ceremony Baby Shower Puja: Cost, Vidhi & Benefits» 99Pandit 2024-11-19 (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  27. (Ingelesez) Arpitha’s Valaikappu. 2018-11-18 (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  28. (Ingelesez) Knanaya Glossary | Knanayology. (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  29. (Gaztelaniaz) «aqiqah (el bautizo)» kafala 2011-02-01 (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).
  30. (Ingelesez) «Stork Party - Is it worth it to dig deeper?» r/Genealogy 2023-03-08 (Noiz kontsultatua: 2024-12-07).

Ikus, gainera

Kanpo estekak