Arnas sindrome akutu larria (ASAL euskaraz, SARS ingelesez) koronabirus batek sortutako arnas-aparatuko gaixotasun larria da, 2002an Txinan agertu zena. Pneumonia mota bat da, SARS-CoV izeneko birusak eragindakoa, pertsonen artean kutsatzen dena [1].
Gaitz horren hilgarritasun tasa 2002-2003 urte bitarteko izurritean % 13 ingurukoa izan zen, baina % 50eraino iristen zen 65 urtetik gorakoengan [2]. Urte haietako kasu gehienak Txinan eta inguruko herrialdeetan agertu ziren. 2004tik gaur arte (2020) ez da kasu berririk agertu.
Gaitzaren sintomak eta diagnostikoa
Gaitzaren inkubazio epea 2-10 egunekoa zen. Sintoma nagusiak pneumoniarenak dira, eta horregatik zaila da sintomatologian oinarrituta gaitzaren diagnostiko zuzena egitea:
Paziente gehienek hobera jotzen dute 7 egunetik aurrera, beren immunitate-sistema birus patogenoari gailentzen zaionean. Baina gutxi batzuek narriadura jasan dezakete eta arnas distreseko sindromea pairatu, beren osasun egoera nabarmen okertzen duena.
Ohikoa da gaixoek aldaketa esanguratsuak izatea biriketan: toraxaren erradiografia baten bitartez antzematen dira.
Laborategiko froga zehatzek gaitzaren diagnostikoa baieztatzen dute. Biruspatogenoaren detekzioa proba zuzenen bidez (PCR, esaterako) egiten da, edo SRAS-CoVren aurkako antigorputzak antzematerakoan (ELISArekin, adibidez) gaixoaren odol laginetan.
Ez dago une honetan birus eragilearen aurkako botikarik edo txertorik, azken horren fabrikazioan ikerketa asko egin arren.
Mikrobio eragilea
SARS-CoV birusa birus berria da, 2002 baino lehen ezagutzen ez zena. Ordura arte ezagutzen ziren koronabirus gehienak ez ziren oso birulentoak, eta hotzeriak eta arnas-aparatuko gaitz arinak sortzen zituzten.
Oso litekeena da SARS-CoV birusa animalietan egotea, eta hortik gizakietara pasatzea espezie-jauzi bat gertatu zenean, 2002an. Zoonosi bat izan liteke ASAL, horrenbestez. Zientzialari talde batek Yunnango kobazulo bateko (Txinan) saguzarrak birusaren ostalari nagusiak zirela aurkitu zuten [3]. Zibetetan ere aurkitu da birus patogenoa.
2020ko urtarrilean, koronabirus berria agertu zen Txinan, SARS-CoVarekin antz handia zuena, saguzar eta beste animalia batzuetatik, antza, gizakietara ere pasatu zena. Koronabirus berri horri SARS-CoV-2 deitu zitzaion, eta honek ere pneumonia larria sortu ahal du, COVID-19 deritzona [4]