Arma biologikoa -arma bakteriologikoa ere deitua- pertsonak, animaliak edo uztak kaltetzen dituen bizidun patogenoz edo beren toxinez osatutako materiala da,[1] arlo militarrean erabil daitekeena, etsaia kaltetzekotan. Bakterioak, birusak eta toxina bakteriarrak dira arma biologiko moduan gehien erabiltzen direnak.
Arma biologikoak bi eratan erabili ohi dira: aerosolen bidez eta ur eta janari kutsatuen bidez.
Aerosola gas batean daude partikula txikiez -solidoz ala likidoz- osatutako esekidura da. Partikula txiki horiek mikrobio patogenoaren eramaileak dira. Aerosolen inhalazioak edo arnasteak infekzioaren sarbidea ekartzen du. Bacillus anthracis-en (karbunkoaren eragilea) esporak, esaterako, aerosolen bidez erabili dira karbunkoa zabaltzeko bioterrorismoaren ekintza batzuetan.
Ur potablearen kutsapenak kolera edo sukar tifoidea bezalako gaitzak zabal dezake erasotutako populazio batean.
Etsaiari kalte egiteko aspalditik erabili da guda biologikoa, bizidunek sortzen duten substantzia toxikoen ahalmen kaltegarriari onura ateraz. Erdi Aroan, adibidez, ohikoa zen hiri setiatu baten ur-hornidura kutsatzea, deskonposizioan edo usteltzen ari ziren hilotzak erabiliz edo kolerak, baztangak edo izurri beltzak hildako gorpuak ur-horniduretan sartuz, gaitz horiek etsaien artean zabal zitezen.
Historia
Arma biologikoen erabilera historian zehar aldatu da, XX. mendearen aurretik arma biologikoak material, elikagai edo edari kontaminatu, hildako edo pertsona inokulatu zein kontaminatuek osatzen zituzten. Ordea, XX. mendetik aurrera arma biologikoak (antrax, esaterako) teknika bakteriologiko eta birologiko espezializatuez sortzen ziren.
Arma biologikoen erabilera XIV. mende ingurutik erregistratu den arren (Caffako setioarekin),[7] arma hauen erabileraren inguruko errestrikzioak ez ziren nazioarteko mailara heldi 1925eanGenevako Protokoloa idatzi arte.[8][9]
1925eko ekainaren 27an, Gerran Gas Asfixiatzaile, Pozoitsu edo bestelako Metodo Bakteriologikoen Debekurako Protokoloa idatzi zen, gerora Genevako Protokoloa bezala ezaguna.[10] Protokoloak arma kimiko zein biologikoen erabilera debekatzen du, baina ez hauen garapena edo jabetza. Protokoloa erratifikatu zenean, herrialde ezberdinek bere erabileraren inguruan erreparoak izan zituzten.[11] Duda hauen ondorioz, hasiera batean akordioa praktikoki "lehenik erabili ezina" zen.[12][13]
Herri kulturan
Literaturan
- La Guerre au vingtième siècle "Guda Hogeigarren Mendean"(1863 idatzia, 1883 argitaratua).[14]