Bingen Ametzaga Aresti euskal idazlea eta politikaria zuen aita, eta ama Mercedes Iribarren Gorostegi, Areetan finkatutako mutrikuar enpresari-familiakoa. 1936ko Gerra Zibilaren ondorioz gurasoak Amerikara erbesteratu ostean, Argentinan jaio zen. Bederatzi hilabete bete zituenean familia Montevideora (Uruguai) alde egin zuen eta bertan eman zuen haurtzaroa. Uruguaiko 1955eko krisialdi ekonomiko eta politikoaren eraginez, familia Caracasera (Venezuela) joan zen.
Ikasketak
Bibliotekonomia ikasketak egin zituen Venezuelako Unibersitate Zentralean, Humanitateen arloan. Bibliotekonomian eta Artxiboetan Goi Mailako Teknikari titulua lortu zuen 1962ean eta Bibliotekonomian lizentziatu zen 1969an.[1] Ikasketak ordaindu ahal izateko Electricidad de Caracas-eko artxiboan lan egin zuen 1960 eta 1962 bitarte. Goi Mailako Teknikari titulua lortzean, Caracasko Estatu Batuetako enbaxadan lan egin zuen. Bertan, John F. Kennedy presidenteak Hego Ameriketako Alianza para el Progreso (ALPRO) programaren baitan liburutegien sortzea eta liburuen banaketa kudeatzen lagundu zuen 1968 arte.[2] Gero, 1968an Venezuelako Unibertsitate Zentraleko INVESTI (Ikerketa Teknologikoko Institutua) institutuan lan egin zuen eta Bingen Ametzagaren heriotzaren ostean, aitaren lana egiten hasi zen John Boulton Fundazioan. Bertan artxibozain eta liburuzain izan zen 1969 eta 1972 bitarte.[3]
Ametzagak gogoz parte hartu zuen Caracasko eusko etxeko giro politikoan, hitzaldiak eskainiz eta zentroaren hainbat komunikabidetan kolaboratuz. Era berean, Venezuelako Radio Euzkadi irratiarekin kolaboratu zuen Santa Luciatik emitituko ziren artikulu politikoak idatziz.
Juan Ramón Urquijo bilduma bibliografikoa eskuratzean, Arantzazuren zuzendaritzapean Euskal Herriko bibliografiaren historian mugarri diren legebiltzarreko sei Katalogo Bibliografikoak argitaratu ziren.
Eusko Legebiltzarreko liburutegiko liburuzain nagusi eta sortzailea izan zen 1980 eta 1985 bitarte. Eusko Legebiltzarreko Liburutegia 1982ko urtarrilean hasi zen funtzionatzen Parlamentuan eztabaidatutako gaien dokumentazio bibliografiko eta artxiboko zentro gisa. Bi arlo fisiko desberdinetan banatu zuen liburutegia Ametzagak: arlo juridikoa erreferentziazko liburuekin eta euskal bibliografia nazionaleko eremua. 1982ko ekainean Juan Ramón Urquijo Funtsa jaso zuen euskal kulturaren inguruko liburu oso baliotsuekin eta euskaraz argitaratutako liburu zahar anitzekin. 1984an, liburutegiak 11.000 liburu zituen jada, legebiltzarkideentzat zabalik, nahiz eta Ametzagak ikertzaileei ere ireki nahi zien liburutegia. Ametzagaren helburuetako bat bere bildumetako edukiari buruzko informazioa emango zuten katalogoak bibliografikoak prestatzea zen. Urkijo bilduma eskuratu ondoren, Ametzagak Eusko Legebiltzarreko sei katalogo bibliografikoen argitalpena zuzendu zuen. Euskal Herriko bibliografiaren historian mugarri izan zen proiektu hau.[5]
Euskara
Etxean ez zuen euskara ikasi. Aitak zortzi hizkuntza hitz egiten zituen eta munduko literaturako klasiko ugari itzuli zituen jatorrizko hizkuntzetatik zuzenean euskarara. Juan Ramón Jiménez, Goethe, Shakespeare, Oscar Wilde, Eskilo eta beste hainbat egileren lanak itzuli zituen. Amak ez zuen inoiz euskaraz ikasi, zailtasunak izan baitzituen atzerrian ikasteko. Familia Euskal Herrira itzuli zenean, ordea, ikasi zuen eta egun euskaraz ulertu eta irakurtzeko gai da. Bere lau semeek euskaraz hitz egiten dute.
Ekintza politikoa
Trantsizioaren lehen urteetan, Arantzazu Ametzagak agenda politiko aktiboa garatu zuen, ehunka mitin eman baitzituen 1976 eta 1985 bitarte. Urte batzuk politika aktibotik kanpo egon ondoren, 1998an hasi zen berriz ere hitzaldiak ematen. Eguesibarko udaleko zinegotzi izan zen Nafarroa Bai taldearekin 2007tik 2011era eta Altzuzako Kontseiluko kide 2015 eta 2019 bitarte.[6]
Feminismoa
Venezuelan egin zuen topo feminismoarekin. Hamasei urterekin konturatu zen fakultatean gizon batek zituen eskubide berak nahi zituela baina, gizonaren eremu berean borrokatu behar zuten horretarako. Ez zuen gizona izan nahi, emakume izateaz harro zelako, baina gizonek halako bi balio behar zuen haien tokira ailegatzeko.[7]
Idazle ibilbidea
Argentinan, Uruguain eta Venezuelan bizi izan zen. Herrialde horietako guztietako lagunak ezagutzeko aukera izateaz gain, euren historia ikasi zuen eta idatzi dituen liburuetan islatzen saiatu da. Ametzagatarren idazteko geneekin jaio zen Arantzazu. Haren aitonak idazten zuen, baita amonak Maria Arestik ere. Hark bertsoak idazten zituen, baina ez zitzaion ilobari bat bera ere ailegatu. Letrazalea izanik Ametzaga txikitatik hainbat liburu argitaratu ditu. Batik bat, nobela historikoa eta biografia landu ditu.
Lanak
1972. Chispas de felicidad. Caracas: Cuentos para niños. OCLC: 253436085.
1981. La Mujer Vasca. Bilbao: Geu. ISBN: 978-8485328116.
1981. Crónicas del Alsina. Pasajeros de la libertad. Bilbao: Idatz Ekintza. ISBN: 978-9505152421.
1980-1985. Seis catálogos bibliográficos del parlamento vasco. Gasteiz: Eusko Legebiltzarra.