Antia jauregia Gipuzkoako Oñati udalerrian dagoen jauregi barroko bat da. Oñatiko Alde Zaharrean dago, Santa Marina plazako 5. zenbakian. Gipuzkoako kultura ondasuna izendatua dago.
Gaur egun Lege Soziologiako Nazioarteko Erakundearen egoitza da.
Eraikina
Eraikin bakartua da, oinplano angeluzuzenekoa, eta lau isuriko estalkia du. Hormek harlandu zuritua daukate, eta izkinetan eta bao gehienetan ere harlandua du.
Beheko solairua eta beste bi gehiago ditu. Alde nagusiaren osaera oso erregularra da: bao dinteldunez osatutako zortzi ardatz ikus daitezke, simetrikoki antolatuak. Beheko solairuko ardatz guztiak burdin hesia duten leihoak dira. Lehen solairuan, bao guztiek balkoi hegaldunak osatzen dituzte; horietako bi jarraituak dira. Bigarren solairuko bao guztiak leiho erlaizdunak dira, eta horiek dira harlanduzko markoa ez duten bao bakarrak. Azken bi solairuak moldura batez bereizita daude; moldura hori okertu egiten da, eta armarria inguratzen du.
Alde nagusiko beheko solairuan, erdi-erdian, sarrera dinteldun zabal bat dago, eta lehen solairuan armarri bat, hori ere erdian. Goiko aldean, zurezko erlaitzaren gainean, harburu zizelkatuz eginiko teilatu hegala du.
Eskuineko aldea Gerriko kantoiari begira dago. Horren osaera, hiru bao ardatzez eratua, eskasagoa da, eta, gainera, ez dago simetriarik. Erdiko ardatza nabarmentzen da; goiko solairu bakoitzean sarrera eta balkoi hegalduna dauzka, eta gainerako baoak leihoak dira. Teilatu hegal zizelkatuak alde horretan ere jarraitzen du, baina nahiko hondatuta dago.
Lorategiko sarrera babesten duen hormak ezkerreko aldea eta atzekoa ezkutatzen ditu. Atzeko aldean, beheko bi solairuetan, zirkuluerdiko arkuteriak daude.
Iruditegia
Ikus gainera
Kanpo estekak