Anna Roig Serra (Alforja, Tarragona, 1962ko maiatzaren 2a) fisikari katalana da, materialen zientzian doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan eta ikertzailea Bartzelonako Materialen Zientzia Institutuan (ICMAB-CSIC).[1][2] Medikuntzako aplikazioekin bateragarriak diren nanopartikula metaliko eta erdi-metalikoen garapenean oinarritzen da bere ikerketa. Nanopartikula horiek kontraste-agente gisa jardungo lukete irudian erresonantzia magnetikoaren bidez eta sendagaiak kapsularatzean eta zuzentzean.[3]
Gaur egun, ICMAB-CSICeko ikerketa-irakasle finkatua da, eta Nanopartikula eta nanokonposatuen taldeko buru da (ingelesez nanoparticles & Nanocomposites), kristalografia sailaren barruan.[4]
Ibilbide profesionala
1985ean, fisikan lizentziatu zen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta, ondoren, Materialen Zientzian espezializatu zen. 1988an, master bat egin zuen Bostongo Ipar-ekialdeko Unibertsitatean, eta, 1998an, Materialen Zientzian doktoratu zen, Bartzelonako Materialen Zientzia Institutuan (ICMAB-CSIC) ikertzen.[4][5]
Harrezkero, zientzia-erakunde horretan garatu du bere ibilbide akademikoa, eta zuzendariorde izatera iritsi da. Gasak ikertzeko MATGAS erakundeko zuzendariorde ere izan zen, ICMAB-CSICen ondoan. 2005 eta 2008 artean, programako ofizial izendatu zuen Europako Batzordeak Bruselan, Espainiako aditu nazional gisa.[3][4] 2016ko urrian ikerketa-irakasle bihurtu zen.[6]
Roig Espainiako nanomedikuntzaren arloko ikertzaile nabarmena da, eta argitalpen ugari ditu.[7][8] Horrez gain, instrumentazio fisikoaren, kimikoaren, nanoteknologiaren eta osasunaren arloetan 9 patente asmatu ditu.[9][10]
Dibulgazioa
Era berean, nanozientzia eta nanomedikuntza hainbat esparrutan zabaltzeko konpromisoa hartu du Roigek, hala nola, Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean,[11] Nit Europea de la Recercan,[12] Espainiako nanozientziaren eta nanoteknologiaren jaialdian (10alamenos9)[13] eta Ikertzaile bat zure gelan ekimenean.[14] Bereziki emakumeak eta neskak zientzian sustatzen eta suspertzen parte hartzen du.[15] Emakume Ikertzaile eta Teknologoen Elkarteko (AMIT-CAT) eta Espainiako Fisikako Errege Elkarteko kidea da.[3]
Sariak
2017an, Grifolsen Albus 2017 saria jaso zuen, "Albumin- iron oxide nanocages" proiektuarengatik.[16][17][18]
Erreferentziak
Kanpo estekak