Ana Naranjo Marín Sevillako Alcolea del Río herrian jaio zen. Cipriano Naranjo eta Consuelo Marinen alaba. 1937an 54 urte zituen, ezkonduta zegoen eta 2 seme-alaba zituen. Sestaon bizi zen,[2] zehazki Rivas kaleko 35. zenbakian, 4. ezkerrean, eta etxekoandre lanak egiten zituen.[3]
Atxiloketa
1937ko irailaren 2an SestaokoGuardia Zibilak atxilotu egin zuen. Lehen galdeketan adierazi zuen Sestaoko Emakume Modernoaren Etxean afiliatuta zegoela, eta sarritan joaten zela Sestaoko Herriko Etxera politikaren nondik norakoak jakitera. Gainera, 1936ko Gerra baino lehen herrian egiten ziren manifestazioetan parte hartzen zuela eta aitortu zuen auzokide eskuindar bat iraindu zuela.[3]
Atxiloketaren egunean bertan, Sestaoko 10 bizilagun Guardia Zibilaren aurrean agertu ziren, Ana Naranjori hainbat gauza leporatuz: "Mugimendua baino lehen, kanpaina porrokatzaile batean eta agintarien izen ona zikintzen nabarmendu zen", "herrian sortu ziren manifestazio iskanbilatsu guztietan buruan joaten zen manifestazio horiek zuzentzen", eta hainbat auzokide iraindu, laidotu eta salatu zituen, "faxistatzat joz". Gainera, preso eskuindarren familiek kartzelara eramaten zuten janaria isuri zuela ere adierazi zuten. Berari egindako akusaziorik larriena 1937ko urtarrilaren 4an Bilboko espetxeetan gertatutako hilketei buruzkoa izan zen. Nahiz eta inork ez zuen presoak hiltzeaz akusatu, honako hau adierazi zuten: "Anitak berotu zituen milizia gorri-separatistak aizto bat goratuz kamioi baten gainera igonda."[3]
Espetxeratzea
1937ko irailaren 4ko 11:00etan Bilboko Larrinaga espetxera eraman zuten. Hil horren 17an, deklarazioa berretsi zuen, eta aitortu zuen auzokide eskuindarra iraindu zuela, baina ukatu egin zuen heriotza-mehatxua egin izana, eta urtarrilaren 4an kamioi batera aizto bat eskuan zuela igon izana.
Sestaoko Guardia Zibilak informazio negatiboa eman zuen irailaren 17an, eta, besteak beste, "iraultzaile arriskutsua", preso eskuindarren janaria bota izana eta "jokabide publiko moral oso gaiztoa" izatea leporatu zion. Sestaoko Udalak ere auzitegi militarrari jakinarazi zion, esanez "jokabide txarra (sic) ikusi zuela, beti asaldatzailea eta propagandista sozialista izanik". Halere, bi erakundeetako batek ere ez zion leporatu kamioi batera igo izana herritarrak berotzera.
Urriaren 2an fiskalak karguak aurkeztu zituen Ana Naranjoren aurka: "sozialista amorratua eta propagandista handia. Eskuinak salatu eta presoak iraindu zituen. Urtarrilaren 4an Bilbora etorri zen kamioi batean presoak hiltzera, labana handi bat zeramala. Ez dago jasota sarraskietan materialki parte hartu zuenik ". Azken akusazio hori Guardia Zibilaren aurrean salaketa jarri zuten lekukoek baino ez zuten berretsi, eta Sestaoko agintari zibilek eta polizialek ez zuten gertaera hori aipatu, izaera politiko eta moraleko akusazioetan oinarrituta.[3]
Heriotza zigorra
1937ko urriaren 8an, auzitegi militar batek heriotza-zigorra ezarri zion Ana Naranjori, besteak beste, "50 edo 60 emakumeko talde baten kapitain izatea eta, aginte-bereizgarri gisa besoko bat izanik, mota guztietako salaketak egin izana", urtarrilaren 4an kamioi batean igon izana eta "mota guztietako krimenak egitera herritarrak berotu izana" egotzita; azkenik, "gizarte-arriskuaren aurrekariak" izatea leporatu zioten.[3]
Franco jeneralak 1937ko abenduaren 4an eman zuen jakitera ezarritako heriotza-zigorra, eta 1937ko abenduaren 13an fusilatu zuten.[3][2]
Aintzatespenak
2022ko azaroaren 25ean Frankismo garaian hiriko kartzeletan errepresaliatutako emakumeak omendu zituen Bilbok, lore eskaintza batekin eta Santutxuko Orue txaleta oroitzeko plaka baten inaugurazioarekin. Ana Naranjo omenduen zerrendan azaltzen zen.[4][5][6]
2023ko azaroaren 25ean Baskale, Akelarre, PCE-EPK, Eusko Lurra Fundazioa, CNT eta Santutxuko Familia Elkarteak omenaldia egin zieten Orueko txaleteko Emakumeen kartzelan, frankismoak emakumeen aurka aplikatu zuen indarkeria sistematikoagatik preso egon ziren emakumeei, haien artean Ana Naranjori.[7]