Nikatau erregearen, Zazzauko 22. gobernaria, eta Bakwa Turunku erreginaren alaba izan zen. Karami eta Zaria izan zituen neba-arreba.[4] David E. Jones antropologoak jasotako ahozko historiaren arabera, Amina aitonarekin hazi zen, bere gortean, eta berarengandik jaso zuen gai politiko eta militarrei lotutako irakaskuntza.
Hamasei urterekin Magajiya (itxuraz oinordekoa) izendatu zuten, eta berrogei emakume esklabo(kuyanga) jaso zituen opari.
Gurasoak hil zirenean, 1566. urtearen inguruan, Karami errege bihurtu zen eta Amina haren zaldunen lidergotza hartu zuen, haren gaitasun mitilarrei esker ospe handia lortu zuen. Oraindik ere bere trebezia gogoratzen da "Amina, Nikatauren alaba, gizonak gerrara eramateko gizon bat bezain gai den emakumea" abesten da.[4]
Zazzauko hedapena
1576an Karami hil zenean Aminak erregetza hartu zuen. Zazzau, jatorrizko zazpi Hausa Estatuetako bat izan zen (Hausa Bakwai). Daura, Kano, Gobir, Katsina, Rano eta Garun Gabas izan ziren besteak.[5] Zazzau estaturik handienetako bat zen eta esklaboen merkatua asetzen zuen. Izan ere, esklabo saltzaile arabiarrek Kano eta Katsinako esklaboen merkatuetan saltzen zituzten pertsonen iturri nagusia zen.
Koroatu eta hiru hilabetera, Zazzauko lurraldea zabaltzeko 34 urteko gerra hasi zuen Aminak. 20.000 soldadu eta 1.000 zaldunek osatzen zuten bere armada, zeina ondo entrenatuta zegoen eta beldurra pizten zuen.[6] Herriari egindako lehenengo iragarkietako batean "armak birzorrozteko" deia egin zuen. Hurrun zeuden lur-eremu handiak konkistatu zituen, Kwararafa eta Nupe barne.[7][8]
Lur berriak mugatu eta babesteko, lurrez egindako hormekin inguratu zituen. Horma hauek 1904ra arte mantendu ziren, hau da, britainiarrek Zazzau konkistatu zuten arte. Egun ere hainbat mantendu dira eta ganuwar Amina (Aminaren hormak) izenarekin ezagutzen dira.
Heriotza
Aminaren heriotzaren inguruabar zehatzak ez dira ezagutzen. Dan Tafa, XIX. mendeko erudito musulmanak dioenez, "Attaagar izeneko leku batean hil zen" eta Sidney John Hogben arabera, leku hori Atagara litzatzeke, egungo Idah-tik gertu dagoena. Hala ere, iturriak kontraesankorrak dira, beste batzuk Vom Jos-en hil zela diote.
Aipamenak erreferentzia historikoetan
Domingo Teixeira kartografo portugaldarren mapan (1573) "Castelo Damina" (Amina gaztelua) ageri da.[9]Muhammed Bellok ere, Sokotoko sultana, Amina aipatu zuen Ifaq al-Maysur (1836 urte inguruan) testuan.[10]Kano-ko Kronikan (XIX. mendea) ere aipatua da.[11][12][13]Zariako kronikan ez da Amina aipatzen.[14][15][16]
Aitortzak eta herri kultura
Lagos State-ko Arteen Antzoki Nazionalean Amina erreginaren estatua dago.