Amebiasiaameba batzuek (batez ere, Entamoeba histolytica) eragiten duten gaixotasun infekziosoa da, sintoma gastrointestinalak eta disenteria sortzen dituena [1]. Amebaren infekzioa sarritan asintomatikoa bada ere, batzuetan amebiosiak hesteetako kalteak eragiten ditu (ultzerak, esaterako) eta -horretaz gain- patogenoak hesteetatik odolera pasa dezake, eta beste organo batzuetara infekzioa hedatu.
Gaitza ohikoagoa da herrialde tropikaletan eta higiene baldintza kaskarrak dituzten lurraldeetan. Mundu osoan 70.000 hildako inguru eragiten ditu urtero [2].
Infekzioa
Ameba patogenoak bi egoeretan egon daitezke: trofozoitoa (zelula aktiboa, elikatu eta erdibiditzearen bidez zatitzen dena) eta kistea (erresistentzia handiko zelula, latentzia forma bat dena). Mikrobio horien kisteak dira infektatzen dutenak. Kisteak irensten direnean, hesteetaraino iristen dira, eta trofozoito bihurtu. Azken honek gaitzaren sintomak sortzen ditu.
Gaitza gorotz-aho bidetik transmititzen da. Amebiosia duen gizabanako baten gorozkietan protozooaren kisteak daude. Gorozki horiek janariak edo ura kutsatzen baldin badute beste pertsona bat infektatu dezakete. Horregatik, saneamendu-sarea ahula eta eskasa duten lurralde tropikalak (edateko ura zein hondakin-urak arazten ez dituztenak), hirugarren mundukoak edo garapen bidean daudenak, dira amebiosi gehien sufritzen dituztenak (Afrika, India, Erdialdeko Amerika...) [3]
Sintoma klinikoak
Entamoeba histolyticaren infekzioa asintomatikoa da kasu gehienetan (%80-%90). Infektatutako gizabanako asintomatikoek, dena den, mikrobio patogenoaren eramaileak dira eta euren gorozkien bidez beste pertsona bat infektatu dezakete.
Ez dakigu zehatz-mehatz zergatik infektatutako pertsona askok ez dute gaitza garatzen, eta gutxi batzuek bai. Ziur aski immunitate-sistemaren egoerak, heste-floraren osaketak, eta norberaren sentikortasun genetikoak infekzioaren eboluzioa asko baldintzatzen dute.
Infekzioak sintomak sortzen dituenean, gastrointestinalak dira garrantzitsuenak: protozoo parasitoek hesteak kaltetzen dituzte, eta sabeleko mina, beherakoak eta disenteria eragiten ditu (beherako odoltsu eta mukitsuak).
Kasu larrienetan mikrobio patogenoak heste-mukosa zeharkatzen du eta odolera iristen da. Hortik organo ezberdinetara hedatzen da (gibela, biriketara, garunera...), ondorio larriak dakartzana. Gibela, bereziki, askotan kaltetzen da [4].
Diagnostikoa eta tratamendua
Gorozkien behaketa mikroskopikoak protozoo parasitoaren kisteak edo trofozoitoak agerian jartzen ditu. Azterketa horrek arreta handia eskatzen du, Entamoeba histolyticaren kisteak edo trofozoitoak beste ameba ez-kaltegarrienen antzekoak baitira.
Tratamenduari dagokionez, ameben aurkako botiken ezarpenean datza (iodokinola, adibidez), kasu batzuetan metronidazol bezalako antibiotikoekin konbinatuta.
Erreferentziak
↑ WHO «Amoebiasis. Report of a WHO Expert Committee». World Health Organ Tech Rep Ser, 421, 1969, 1-52 orr. PMID 4978968
↑ WHO. Life in the 21st Century: a vision for all. The World Health Report 1998.. World Health Organization, Geneva, Switzerland, 1998
↑ Yates, J Traveler's diarrhea (ingelesez). Am Fam Physician, 2005 Jun 1; 71 (11), pp. 2095-2100