Tartean egondako hiru gazte 2016koazaroaren 14tik zeuden kartzelan auzi hau zela eta.[3] Azkenean, nahiz eta ekintza terroristaren izaera bertan behera geratu, 13 urte arteko kondenak jaso zituzten.
2019ko urrian epailearen iritzian Altsasuko liskarrean "diskriminazioa" eta "nagusitasun abusua" larrigarriak ez zirela aplikatu behar erabaki eta ondorioz zigor urteak gutxitu zizkieten. Gehienez 9 urte eta 6 hilabetera arteko espetxe zigorrak ezarri zizkieten.[4]
Altsasun eta, orokorrean, Sakana osoan, Guardia Zibilarekin erlazio gatazkatsua izan da historikoki. Egoeraren salaketa egiten dute hainbat herritarrek, kontrolen egunerokotasuna aipatuz, edo atxiloketa, isun eta abarrak gehiegizkoak direla esanez. Alde Hemendik izeneko mugimendua ere existitzen da eskualdean zein Altsasun.[5] Testuinguru hori baliatuz, ETArekin lotzeko lana egin zuen Auzitegi Nazionaleko epaile Carmen Lamelak, nahiz eta zuzenbidean hainbat adituk lotura hori arbuiatu zuten.[6]
Gertakariak
Autoaren arabera, herriko zortzi gaztek (Ohian Arnanz Ziordia, Jokin Unamuno Goikoetxea, Jon Ander Cob Amilibia, Julen Goikoetxea Larraza, Adur Ramirez de Alda Pozueta, Aratz Urrizola Ortigosa, Iñaki Abad Olea eta Ainara Urkijo Goikoetxea) eta bi Guardia Zibil eta euren bikoteen arteko liskarra izan zen 2016ko urriaren 15eko gaualdean, Koxka tabernan.[7] Momentu hartan Foruzaingoaren unitate bat mugitu zen Koxka tabernaren kanpoaldera, eta ez zuten liskar handirik ikusi, baina bi pertsona atxilotu zituzten. Gertakari hau salatuz, beste hainbat pertsona oldartu zitzaizkien, eta atxilotu zituzten ere.[1]
Epailearen arabera, Guardia Zibileko teniente bat eta sarjentu bat ziren, arropa zibilez jantzita, tabernan zirenak. Bertako jaiak zirenean, goizeko 4:55etan hainbat gazte sartu ziren tabernan eta Guardi Zibilei alde egiteko eskatu zieten. Momentu hartan tenienteak bakean uzteko eskatu zien, baina 25 pertsonek inguratu zituzten eta mehatxuz tabernatik kanpora joateko eskatu zieten. Guardia Zibilen arabera, joaten saiatu ziren, baina beste 15 edo 20ko talde batek kalean hartu eta irain eta kolpekin hartu zituzten, Foruzaingoak iritsi arte.[8]
Ondorioak
2016ko urriaren 15ean bertan, prentsan hartzen ari zen oihartzuna ikusita, hainbat herritarrek "muntai polizial bat zela" salatu zuten Altsasuko plazan.[9] Izatez hasiera batean "etakideen aldeko 50 gazte erasotzaile" zirela ziurtatu zuten hedabide espainiar batzuk. Hedabide horiek guardia zibilek esan omen zutena idatzi zuten. Nahiz eta hedabide hauetan min gehien egin zuenari "orkatila apurtu" ziotela esan, "izugarrizko basakeria egin dute" eta horrelako gauzak idatzi zituzten. hedabide batzuetan guardia zibilari segada bat egin zietela idatzi zuten.[10][11] Denbora aurrera joan ahala erasotzailean hainbeste ez zirela izan eta 20-25 inguru zirela ziurtatu zuen Carmen Lamelak.[12]
Altsasuko udalak "bakean eta elkarbizitzan sakontzeko" deia egin zuen.[13] Gaia laster iritsi zen beste leku batzuetara, tartean Espainiako Diputatuen Kongresuan landu baitzen.[14] 2016ko urriaren 22an lehen manifestazio jendetsua egin zen kasua salatzeko, antolatzaileen arabera, 2.500 pertsona ingurukoa.[15]
Urriaren 25ean polizia-txostenak argitaratu ziren, eta ez zuten bertan terrorismoarekin lotzeko zantzurik ikusi.[16] Izatez, lehenengo egunetan inork ez zuen terrorismo hitza aipatu naiz eta Espainiako hedabideetan "jipoia" eta "segada" barra-barra erabili.[17]Covite izan zen terrorismo hitza erabili zuen lehen erakundea[18] eta Coviteri kasu eginez Auzitegi Nazionalak auzia bere gain hartu zuen urriaren 26an.[19] Liskarrean identifikatutako sei gazte euren kabuz aurkeztu ziren Nafarroako Auzitegian, baina bertan ez zituzten hartu. Aldi berean, Falange Españolak sinatutako mehatxuak jaso zituen Altsasuko alkate Javier Ollok.[20] eta Koxka tabernak[21]
2016ko azaroaren 14an atxiloketak izan ziren Altsasun, guztira 9 gazte.[22][23] Horietatik sei, kartzelara eraman zituen epaileak hurrengo egunean,[24] eta beste bat handik egun batzuetara.[25] Salaketa mobilizazioak izan ziren, egunean bertan,[26] zein udalak deitutako[27] eta 1.500 herritarrek babestutako[28] manifestazio erraldoi batean.[29][30][31]
Hortik aurrera instituzio ezberdinetan babesa lortzeko bidea abiarazi zuten auziperatutako gazteen senideek,[32] eta mobilizazioek jarraitu zuten.[33] 2016ko abenduaren 20an zazpi kartzelatuetatik lau aske utzi zituen epaileak, epaiketaren zain.[34] Abenduaren 21ean Espainiako Kongresuan izan ziren senideak,[35] eta 2017ko otsailaren 1ean 216 abokaturen babesa jaso zuten, terrorismo gisa ezin zela epaituz adierazi zutenean.[36] Madrilen ere manifestazioa egin zen, 2017ko maiatzaren 10ean.[37] Maiatzaren 31n 83 alkatek auzia Nafarroako epaitegira itzultzea eskatu zuten.[38] Ekainaren 20an Nafarroako Parlamentuko bozeramaleak Altsasuko udaletxean bildu ziren, salaketa gisa.[39] Ekainaren 29an Europako Parlamentura iritsi zen.[40]
2017ko irailaren 7an, hainbat musikari eta artistek Altsasuko gazteak babesteko abesti bat plazaratu zuten.[41]
Auzi hau oso mediatikoa da, eta Espainiako hedabide askok ETArekin lotu dute behin eta berriro. La Razón egunkariak, adibidez, ETAk 2018ko apirilean bere jarduera armatuari buruz egindako adierazpenen arrazoi nagusietako bat Altsasuko auziaren ondorioz egin zirela ziurtatu zuen.[42]
Bestalde, “Terrorismoaren definizio zalantzagarriak neurriz kanpoko akusazioak ekarri ditu”, kritikatu zuen Esteban Beltran Amnistia Internazionaleko Espainiako Sekzioaren presidenteak, Nafarroako Parlamentuan[45].
Altsasuko auziaren epaiketako fiskalak arabera, 2016ko urriaren 15ean Koxka tabernan gertatutakoa "ez zen borroka edo liskar bat izan, helburu terroristarekinguardia zibilen aurka egindako erasoa izan zen". Hala adierazi zuen Jose Perals fiskalak Auzitegi Nazionalean.[47][48]
«
Giza izaeraren alderik okerrena da. Horrek eragin zuen joan den mendeko Europan izan zen sarraskirik handiena eta horixe ari gara ikusten orain, XXI. mendean, Espainian, jendea bizilagun batzuk herritik joan daitezela eskatzen; xenofobia, arrazakeria eta faxismoa bere mailarik gorenean da epaiketa honetan ikusi duguna. Horixe defendatzen dute supremazista abertzaleek. Nazionalismo zaharkituak pertsona batzuk kanporatu nahi ditu, egiten duten lana gustatzen ez zaielako eta euren herrian segurtasun indarrik nahi ez dutelako. EAJk ere Guardia Zibila kanporatu nahi duela esango digute. Oso ondo iruditzen zaigu. Ertzaintza jarri zuten, eta ez zen ezertxo ere gertatu. Demokratikoki egin zelako, eta ez zutelako 'Alde Hemendik' zioten kartelak jarri.
Fiskalaren esanetan, ETAk 80eko hamarkadan Alde Hemendik mugimendua sortu zuen, Espainiako segurtasun indarrak (hau da Espainiako Polizia Nazionala eta Guardia Zibila) Euskal Herritik kanporatzeko helburuarekin, eta 2016ko urriaren 15ean Koxka tabernan gertatu zena "ETAk diseinatutako estrategia horren ondorio" izan zen.
«
Epaimahaiak terrorismoa izan ez zela ondorioztatzen badu, 20 urte atzera egingo dugula ulertuko dugu, Segik, Jarraik eta HaikakEuskadiko eta Nafarroako Foru Erkidegoko herrietan nahieran ibiltzen ziren garaira, gasolinaren eta kale borrokako neska-mutilen (...) garaira. Epaiketan frogatuta geratu da ez zela taberna bateko borroka edo liskar bat izan, baizik eta guardia zibilei eta haien bikotekideei eraso egiteko asmoz aurretik planifikatutako ekintza izan zela. Terrorismoa atzematen ez bada, "iraganeko garaietara itzuliko gara. Baliteke erakundea (ETA) desegitea, baina matxinatzen diren taldetxoak sor daitezke".
Fiskalak gaineratu zuen Ospa bezalako mugimenduek "ETAk zuzendutako intentsitate gutxiko terrorismoaren herentzia" bere gain hartu zutela.
Amaitzeko, fiskalak epaimahaiari auzi hau terrorismotzat jotzeko beldurrik izan ez zezala eskatu zion, "horrelako epaiketei esker posible izan delako erakunde terrorista bat (hots, ETA) desagerraraztea".
Akusatuak eta haien aurka eskatutako kartzela zigorrak
Oihan Arnanz, 62 urteko kartzela zigorra. Lau lesio delituterroristak egin omen zituen. Delitu bakoitzeko 12 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen, fiskalak guztira 50 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Jokinentzat.[49] Horrez gainera, «mehatxu terroristak» direla jotzen duten horiengatik 12 urteko kartzela zigor gehigarria eskatu zuten.
Jokin Unamuno 50 urteko kartzela zigorra. Lau delitu lesio terroristak egin omen zituen. Delitu bakoitzeko 12 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, fiskalak guztira 50 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Jokinentzat.
Jon Ander Cob. 50 urteko kartzela zigorra. Jokin Unamunok egin omen zituen delitu berberak eta zigor berberak.
Julen Goikoetxea. 50 urteko kartzela zigorra. Jokin Unamunok egin omen zituen delitu berberak eta zigor berberak.
Adur Ramírez de Alda. 50 urteko kartzela zigorra. Jokin Unamunok egin omen zituen delitu berberak eta zigor berberak.
Aratz Urrizola. 50 urteko kartzela zigorra. Jokin Unamunok egin omen zituen delitu berberak eta zigor berberak.
Iñaki Abad. 50 urteko kartzela zigorra. Jokin Unamunok egin omen zituen delitu berberak eta zigor berberak.
Ainara Urkijo, 12 urteko kartzela zigor eskaera "mehatxu terroristengatik" Fiskalaren arabera, hau esan zuen: "Hau hor goitik ateratzeagatik gertatu zaizue. Ateratzen zareten guztietan berdin pasatuko zaizue, beraz egin behar duzuena hortik ez ateratzea da".[50] Beraz, esaldi horregatik epaileak 12 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Ainararentzat.[51]
Horrez gainera, fiskalak eskatu zuen epaituei 41.000 euroko isuna ezartzea, guardia zibilei eta bikoteei kalte ordaina emateko.
Horretaz gainera, 20 urteko inhabilitazioa eta 5 urteko zainpeko askatasuna eskatu zuen Perals epaileak.
Epaia
Epaiaren eguna
Altsasuko gazteen gurasoen aldetik, epaiaren berri jakin zuten eguna, Espainiako mozio zentsurarekin bat egitea ez zela kasualitatea ziurtatu zuten[52]. Izatez, Espainiako eta Hego Euskal Herriko komunikabide gehienek Pedro Sanchez eta Mariano Rajoy izan zituzten bere orrialde eta berri nagusi bezela eta aldiz Altsasuko auziari buruz gauza handirik ez zen esan eta egunkari gehienen portadetan ez zuten Altsasuko epaiari buruz ezer idatzi[53][54].
Epaiaren emaitza
2-13 urteko zigorra ezarri zieten, terrorismoa egotzi ez arren[55].
Auzitegi Nazionalak bi eta 13 urte bitarteko zigorra ezarri zieten gazteei, Altsasuan gertatutako liskarrengatik. Fiskaltzak ez bezala, Auzitegiak ez zuen terrorismo zantzurik ikusi gertakarietan, baina zigor handiak ezarri zizkien gazteei.
2019ko urrian, Gorenak honako zigorrak ebatzi zituen: 9 urte eta 6 hilabeteko kartzelaldia Oihan Arnanzentzat, 8 urte eta erdiko Jokin Unamuno eta Adur Ramirez de Aldarentzat, 7 urte eta erdikoa Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxearentzat, 4 urte eta 2 hilabetekoa Aratz Urrizolarentzat, 3 urte eta erdi Iñaki Abadentzat eta urte eta 6 hilabetekoa Ainara Urkijorentzat. Preso dauden zazpiek espetxean segi beharko dute eta erabakia kritikatu zuten Altsasuko Gurasoek: "Gorenaren erabakiak injustiziari jarraipena eman dio eta gure semeak kartzelan mantendu ditu".
Ondorioz, nahiz eta kartzela zigorra murriztu, gartzelan jarraitu zuten. Azken epaian, autoritatearen aurkako delituan, nagusitasun eta diskriminazio larrigarriak bertan behera utzi zituen. Bi akusaturen kasuan, lesio delituak kendu zituzte, aski frogarik ez zegoelakoan. Hainbat delitu aski frogatutzat eman zituzten: agintaritzaren aurkako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak. Bi epailek zigor murrizketaren aurkako boto partikularra egin zuten.
Auzitegiak hainbat delitu egotzi zizkien: agenteen kontrako atentatua, lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak. Terrorismoa baztertu zuen Epaimahaiak, "ez baita guztiz frogatua geratu ekintzaren helburu terrorista, ezta akusatuek ETArekin duten lotura edo partaidetza", argudiatu zuen epaian.
Dena dela, epaileek bi astungarri atzeman zituzten: nagusitasun-egoeraz abusua eta gorrotoa. Epaiaren arabera, gazteek "Guardia Zibilari dioten ezikusiak eta mespretxuak jota" jokatu zuten, "arrazoi ideologikoak tarteko".
Zigor Kodeak delitu horiengatik aurreikusten duen zigor handiena ezarri zien akusatuei.
Oihan Arnanzi 13 urteko kartzela zigorra.
Iñaki Abadi 13 urteko kartzela zigorra.
Jokin Unamunori 12 urteko kartzela zigorra.
Adur Ramirez de Aldari 12 urteko kartzela zigorra.
Jon Ander Cob 9 urteko kartzela zigorra.
Julen Goikoetxea 9 urteko kartzela zigorra.
Aratz Urrizola gazteei 9 urteko kartzela zigorra.
Ainara Urkijori bi urteko kartzela zigorra.
Epaia eta gero
Defentsak helegitea jarri zuen Auzitegi Nazionaleko Apelazio Aretoaren aurrean. Espainiako Auzitegi Gorenak irailaren 18an aztertu zuen helegitea.[56]
Gainera, zigortuek kalte-ordainak pagatu behar izan zituzten: 9.200 euro tenienteari, 3.750 euro sarjentuari eta 6.100 euro bi emakumeei lesioengatik, eta baita 45.000 euro tenientearen bikotekideari eta beste 25.000 euro sarjentuaren neska-lagunari kalte moralengatik ere.
Nahiz eta terrorismoagatik ez zigortu, "jokabide larrien aurrean", aretoak zigorrik handienak ezarri zituen: "XXI. mendean, zuzenbidezko Estatu demokratiko batean, guardia zibilak izateagatik soilik Altsasun askatasunez mugitu ezin izatea, ezin da onartu; bakarrik toki zehatz batzuetara joan ahal izatea eta gauean aisialdi eta dibertitzeko aukerarik ez izatea".
Biktimen testigantza "argia, irmoa, sendoa eta bateratua" goraipatu du epaimahaiak, "beste froga batzuekin batera", erasotzaileek biktimak Guardia Zibileko kideak zirela bazekitela egiaztatzeko balio izan dutela argudiatzeko. Horrela, gazteek "gorrotoz" eraso egin zutela ebatzi du auzitegiak.
Epaiaren arabera, "ez zen taberna borroka edo istilu ala eztabaida txiki bat izan”. Inork ez zituen biktimak lagundu, tabernako jabeak salbu, eta "ahozko indarkeria eta mehatxu zuzenen" artean gertatu zen.
Altsasuko gazteen gurasoen erantzuna
Zortzi gazteen gurasoek agerraldia egin zuten arratsaldean eta epaia "mendekua" zela salatu zuten. Defentsako abokatuek helegitea aurkeztuko zutela berretsi zuten eta 2018ko ekainaren 16an, Iruñean, manifestazioa deituko zutela iragarri zuten.
"Bagenekien terrorismo akusazioak oinarririk ez zuela, eta epaiketa ondoren, asmoa zigorrik handienak lortzea zen, terrorismoa alde batera utzita", salatu dute gazteen gurasoek epaiaren berri izan ondoren.
"Gaur gure susmoak baieztatu dira", adierazi dute auzipetuen gurasoek txio batean, Twitter sare sozialean. "13 eta 2 urte bitarteko zigorrak, akusazioak frogatu ez dituen gertakari batzuengatik", kritikatu dute.
"Ez gara begira geratuko, gure seme-alabei gaztaroa lapurtzen dieten bitartean", ohartarazi zuten. Horrela, elkarretaratzea deitu zuten 20:00etarako, Altsasuko udaletxearen aurrean.
Guardia Zibilen Elkarte Bateratuaren (AUGCren) iritzia
"Jipoia eta gorrotoa" aitortzea ospatu zuen Guardia Zibilen Elkarte Bateratuak (AUGC).
Guardia zibilekiko "etsaitasuna" murrizten joatea "espero" zuen elkarteak, "gizarte demokratiko batean desiragarria den elkarbizitza" lortu arte. Guardia zibilek eta haien senitartekoek bakean ezin bizi ahal izatea ez zela "onargarria", erantsi zuenez.
Epaiaren helegitea eta gero
2019ko urrian helegitearen ondorioz, zigor urteak nabarmen jaitsi zituzten:
Oihan Arnanz Helegitea eta gero 13 urteko kartzela zigorra izatetik 9 urte eta erdira jaitsi zuten. Egozten dizkioten delituak: autoritatearen agenteen aurkako atentatua lesioekin (2 urte eta erdi); hiru lesio delitu nagusitasun larrigarriarekin (2 urte bakoitzeko); desordena publikoa (urte bete).
Iñaki Abad: Helegitea eta gero 13 urteko kartzela zigorre izatetik 3 urte eta 6 hilabetera jaitsi zuten. Egozten dizkioten delituak: autoritatearen agenteen aurkako atentatua lesioekin (2 urte eta 6 hilabete); desordena publikoa (urtebete).
Jokin Unamuno: Helegitea eta gero 12 urteko kartzela zigorra izatetik 8 urte eta erdira jaitsi zuten. Egozten dizkioten delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua eta nagusitasunez hiru lesio eragitea.
Adur Ramirez de Alda: Helegitea eta gero 12 urteko kartzela zigorra izatetik 8 urte eta erdi jaitsi zuten. Delituak: autoritate agenteen aurkako atentatua eta nagusitasunez hiru lesio eragitea.[57]
Jon Ander Cob: Helegitea eta gero 9 urteko kartzela zigorra izatetik 7 urte eta erdira jaitsi zuten. Egozten dizkioten delituak: autoritatearen agenteen aurkako atentatua lesioekin (2 urte eta erdi); hiru lesio delitu nagusitasun larrigarriarekin (urte bete eta 8 hilabete bakoitzeko).
Julen Goikoetxea Helegitea eta gero 9 urteko kartzela zigorra izatetik 7 urte eta erdira jaitsi zuten. Egozten dizkioten delituak: autoritatearen agenteen aurkako atentatua lesioekin (2 urte eta erdi); hiru lesio delitu nagusitasun larrigarriarekin (urte bete eta 8 hilabete bakoitzeko).
Aratz Urrizola: Helegitea eta gero 9 urteko kartzela zigorra izatetik 4 urte eta 2 hilabetera jaitsi zuten. Egozten dizkioten delituak: autoritatearen agenteen aurkako atentatua lesioekin (2 urte eta 6 hilabete); lesio delitua nagusitasun larrigarriarekin (urte 1 eta 8 hilabete).
Ainara Urkijo: Helegitea eta gero bi urteko kartzela zigorra izatetik urte bat eta 6 hilabetera jaitsi zuten. Egozten dizkioten delituak: desordenu publikoa (urte bete); mehatxuak (6 hilabete).[58]
Atxiloketak
2018ko ekainaren 5eko goizean, guardia zibilez beteta aurkitu zuten altsasuarrek bere herria. Auzitegi Nazionalak Altsasu auziaren epaian zigortu eta aske ziren gazteak atxilotu zituen Guardia Zibilak, epailearen hitzetan "(epaitutakoek) ihes egiteko arriskuagatik"[59]. Gazteak epaitu zituzten magistratuek eman zuten atxilotze agindua, eta atxilotuak Madrilera bidean eraman zituen poliziak. Hainbat herritarrek elkarretaratze bat egin zuten eguerdi partean.
Guardia Zibila atxiloketengatik protestan ari ziren herritarrei oldartu zitzaien[60].
Ainara Urkijo, bi urtera zigortutako gaztea, ez zuten eraman.
Urrizola, Goikoetxea eta Cob etxean atxilotu zituzten; Iñaki Abad lanean zegoen, eta atxiloketen berri izan zuenean, bere burua Guardia Zibilaren esku utzi zuen.
Senitartekoek espero zuten atxiloketa (antza, kaleko jantzian ziren agente ugari ibili ziren herrian azken orduetan), eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoak emandako atxilotze agindu baten harira burutu zuten agenteek. Nonbait, fiskalak egin zuen eskaera, ihes egiteko arriskua argudiatuta.
Madrilera eraman zituzten laurak, saio arin batean parte hartzeko (arratsaldeko 16:00etan)[61]. Dena dela, senitartekoak ez ziren oso itxaropentsu azaldu. Isabel Pozueta Adur Ramirez de Aldaren (kartzelan) amak ETBri azaldu zionez, arroparekin eta dokumentazioarekin motxilatxo bat egitea eskatu zieten gazteei. "Ematen du saioa egiteaz gain, espetxera bidaliko dituztela", salatu zuen.
Atxilotutako guraso batzuk agindua ere kritikatu zuten, orduan epaia ez baitzen irmoa: "Mendekuz beteriko operazioa da. Erokeria bat da, ez dakit zelan gertatzen ari den hau 2018an". Arratsalde horretan bertan, gartzelera sartu zituzten.
Bilera Altsasun
Atxiloketen ostean, bilera egin zuten dozenaka altsasuarrek Gure Etxea elkartean hortik aurrera hartu beharreko pausoak erabakitzeko. Aritz Leoz herritarren bozeramaileak ETBri esan zionez, "atzo hasi ginen sumatzen zerbait arraroa gertatzen ari zela, polizia pilo bat zegoen eta herrian". Leozen hitzetan, "herria shock egoeran dago; orain informazioa bildu, gurasoekin hitz egin eta arratsaldeko edo dena delako mobilizazioak adostuko ditugu".
Atsasukoak aske izateko bidean
2019ko abenduan hirugarren gradua eman zieten Altsasu auziko Iñaki Abadi eta Aratz Urrizolari, zigorraren laurden bat bete zutenean[62]. Hortik aurrera bi gazteek egunero atera ahal izan ziren espetxetik lana egiteko edo formatzeko.
2020ko uztailean Jokin Unamuno, Oihan Arnanz eta Adur Ramírez de Alda jaso zuten hirugarren gradua[63].
2020ko abenduan Jon Ander Cob eta Julen Goikoetxea Altsasuko gazteei hirugarren gradua ukatu zieten, baina lan egiteko edo ikasteko irten ahal izango ziren. Irteerak egiteko baimenik ez zuten Altsasu auziko bi gazte bakarrak ziren. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintza Epaitegiak hirugarren gradua ukatu zien, baina 100.2 artikulua onartu. Epaileak argudiatu zuen bi presoek portaera ona zutela kartzelan, eta delitua errepikatzeko aukerak urriak zirela[64].
"Bitxikeriak"
Concepcion Espejel epaimahaiburua, Guardia Zibilaren koronel batekin ezkondua egoteaz gain, polizia armatuak ohore domina “Merezimenduzko Saria” emana zion epaiketa baino lehenago[65].
Epaileak ez zituen defentsaren adituen txostenak onartu, eta bertan zalantzan jartzen ziren nola egin ziren argazkietako identifikazioak. 25 erasotzaile baino gehiago zeudela esan arren, bakarrik akusatuak identifikatu zituzten.
Epaiketan ez zen esaten nork eragin zituen lesioak, eta ez da esaten nork jotzen duen nor. Erantzukizun kolektibo moduko bat ezarri zitzaien eta lau lesioengatik zigortua izateko laurak jo izana ez zela beharrezkoa esan zuen epaiak.
Zauritutakoek zauririk ez zituzten izan ez besoan ez eta besaurrean babes zauririk, nahiz eta babestu zirela baieztatu zuten.
25 pertsonek indarkeriarekin egindako erasoaren izan omen zena ez ziren hortz, bekain, sudur apurturik; ezta ubeldurarik ere, guardia zibilak buruan kolpe ugari jaso zituztela baieztatu arren. Ez zituzten izan begi handiturik ere"[66].
Alkandora zuria
Hego Euskal Herrian, guardia zibil baten alkandora zuriaren bideoa birala egin zen[67] eta besteak beste youtuben dago ikusgai[68]. Izan ere, Iñaki Abad auzipetuak telefonoarekin grabatutako bideoan Guardia Zibileko sarjentuak alkandora zuria garbiarekin agertzen zen, eta aldi berean aurre egiten Altsasuko gazteei[69]. Izatez, sarjentuak gazteek lurrera bota zutela eta hainbat aldiz kolpatu zutela esan zuen eta hori ez zen bateragarria alkandora zuri-zuriaren egoerarekin. Fiskalak aldiz, bideoa (eta gainerako argazkiak) manipulatutak zeudela esan zuen[70].
Iñaki Abadek, baita ere epaiketan deklaratu zuen nola sarjentuak eskuarekin jo egin ziola eta telefono mugikorra lurrera bota ziola eta hori ere ikus daiteke bideoan.
Algeciraseko auzia
2018ko maiatzaren 12an, Jaunartze bat ospatzen ari zen talde batek une horretan lanean ari ez ziren bederatzi guardia zibili eraso egin zien Algecirasen (Cadiz). Agenteak jatetxe batean bazkaltzen ari ziren, eta handik irten zirenean, zain zituzten erasotzaileak.
Polizia Nazionalak esku hartu zuen. Guardia Zibilak jakinarazitakoaren arabera, borroka arratsaldeko 18:00ak aldera gertatu zen, bi sarjentu eta bost agente Algeciraseko El Rinconcillo auzoko jatetxe batetik atera zirenean.
Agenteak aparkalekura zihoazela, jaunartze bat ospatzen ari ziren berrogei bat pertsona zeuden haien zain. Puskatutako botilak, harriak, loreontziak eta beisboleko bateak erabili zituzten agenteei eraso egiteko. Horrez gain, ostikadak eta kolpeak eman zizkieten.
Egoera ikusita, guardia zibiletako batek arauzko armarekin tiro egin zuen airera, erasotzaileak sakabanatzeko eta agenteak askatzeko.
Bederatzi guardia zibiletatik zortzi hiriko ospitale batera eraman zituzten. Horrez gain, erasotzaileetako bat, oso mozkor, Algeciraseko Punta Europa Ospitalera eraman zuten. Agente guztiek hartu zuten alta[71].
Hala eta guztiz, Juan Ignacio Zoido, Espainiako Barne ministroaren arabera, liskarra "bandalismoa da, kale-indarkeria kasu bat, eta ez du zerikusirik beste gaiekin". Zoidok esan zuenez, iskanbila erasotzaileek guardia zibilak zirela jakin baino lehen hasi zen[72].
Kontuak kontu, erasoan parte hartu omen zuten erasotzaileak aske utzi zituztela epaiketaren zain eta askok Altsasuko auziarekin alderatu zutela halabearrez[73].
ETBko, "360º. Tú Decides" saioan, Algecirasen eta Altsasun Guardia Zibilarekin gertatutakoak azaldu eta bi kasuek izan duten trataera ezberdinaren arrazoiak aztertu zituen[74]. Izan ere, bi kasu hauen trataera hain ezberdina Algecirasen hiritarren eta agenteen artean izandako liskarra bandalismo ekintza bezala ikertua izatea eta Altsasuko gertaerak, ostera, terrorismo ekintzatzat hartzea ohiartzun handia izan zuen zenbait komunikabideetan[75][76][77].
Segimendu Bereziko Unitatetik ateratzea ona da
2018ko ekainaren 7an, Segimendu Bereziko Unitatetik atera zuten Oihan Arnanz Altsasuko gaztea[78].
Segimendu Bereziko Unitatea edo FIES (Ficheros de Internos de Especial Seguimiento) erregimenean izan zuten Oihan Arnanz gaztea ia bi urtetan, atxilotu zutenetik. Terrorista zelakoan, Dena da ETAko preso guztiei ezartzen zioten zigorra jazo zuen momentu horretararte. Segimendu Bereziko unitatea horietako bat da eta muga asko ezartzen dizkiete egoera horretan dituzten presoei.
Nahiz eta bere gurasoek etxean nahi zituzten zazpi gazteak, albiste "ona" zela nabarmendu zuten. "Gutxienekoa litzateke etxetik gertu dauden espetxeetara hurbiltzea", nabarmendu zuten Twitter kontuan Altsasuko Gurasoek.
Alde ekonomikoa
Altsasuko gazteen gurasoek “muntaiaren inguruko zifrak” eman zituzten: 2016ko azarotik 208.662 kilometro egin zituzten espetxeetara eginiko bisita-bidaietan eta 55.552 euroko gastua eragin zien. Epaiketa eguna iritsi arte 72.644 euro gastatuko zituztela aurreikusi zuten.[79]
Epaileen neutraltasuna zalantzan jartzeagatik (besteak beste Eloy VelascokCoviteren aldeko hitzaldi batean partu zutela salatu zuten) "fede txarra"rekin eginiko salaketa esan zela esan zuen Audientzia Nazionalak eta 600 euroko isuna jarri zietan Altsasuko gazteei[80].
Gazteen aldeko kamiseta janzteagatik zigortua
2020ko abuztuan Unai Etxebarria Martín euskal futbolariari diziplina-espediente bat ireki zion Granada Futbol Taldeak (eta hilabete bat pasata kanporatu[81]) Altsasuko gazteei babesa erakusteko kamiseta bat janzteagatik. Europa Ligarako sailkatu zireneko ospakizunetan zeraman kamiseta hori."Altsasukoak aske! Stop montajes policiales" idatzirik ageri zen bertan.
Argazkia azkar zabaldu zen sare sozialen bidez, eta Vox alderdi ultraeskuindarrak Etxebarria zigortzea eskatu zuen[82].
Kamiseta janzteagatik elkarrizketak bertan behera
Laudioko produktore baten elkarrizketa ez zen egin "Altsasukoak Aske" zioen kamiseta zeramalako. 2018ko ekainaren erdialdean ETBk kontratatutako ekoizle etxe bat Laudiora joan zen Juan Lekanda bertako ekoizleari elkarrizketa bat egitera gastronomia saio baterako. Lekandak Altsasukoak Aske zioen kamiseta zeraman eta elkarrizketatzaileek esan zioten kamisetan lema bat zeramalako ezin ziotela egin. Kamiseta aldatzeari uko egin ostean elkarrizketatzaileek ez grabatzea erabaki zuten.
EiTBko zuzendari nagusi Maite Iturbek dio EiTB-ren estilo liburuaren arabera jokatu zutela. Estilo liburuaren argumentua izan zen erabili zuen bakarra, “ikusleek, entzuleek eta erabiltzaileek ez lituzkete horrelako mekanismoak erabili behar helburu pertsonal, komertzial edo publizitarioentzako” .
Hiru hilabete Espainiako kate publikoa den TVEko Aquí la Tierra progamak ere gauza bera egin zuen. Ez zuen Kuartangoko abeltzain bat elkarrizketatu Altsasukoak Aske zion kamiseta zeramalako[83].
↑Fiskalak aipatutako jatorrizko hitzak, gaztelaniaz, "Esto que os ha pasado es por salir de allí arriba, cada vez que salgáis os va a pasar lo mismo, así que lo que tienes que hacer es no salir de allí".