Alpino Uzturre mendi elkarteaTolosan sortu zen 1958ko abenduaren 13an egin zen batzarrean. Aurretik Tolosa CFko bazkide izan ziren 100 bat mendizale izan ziren elkarte berriaren bultzatzaile. Guztira 300 sinadura bildu zituzten elkarte berria sortzeko.[1]
Egoitza
Korazonisten elizan hasi ziren biltzen, Kordimarianako lokaletan, baina 1962an Gudari kalean erosi zuten gaur egun mantentzen duten egoitza.
Aktibitateak
Alpino Uzturreren aktibitate nagusia mendia izan da. Urtean zehar hilero igande batean mendi irteera bat antolatzen da Euskal Herriko mendietara eta udan, asteburuko edo egun batzuetarako irteerak Pirinioetara[2]. Haurrentzako irteera bereziak ere askotan antolatzen ditu.
Naturarekin erlazionatuetako beste kiroletan ere aritzen da elkartea. Bereziki iraupen eskiak garrantzi berezia izan du bere sorreratik. Garai batean eskiatzera joateko autobusak, ikastaroak eta probak antolatzen zituen Aralarren. Eta bere historian zehar eski talde garrantzitsua izan da Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko probetan parte hartuz. Eskirako entrenamendu gisa, rolleski proba antolatzen du urtero. Hernialdeko igoera. Asko izan dira estatu mailan nabarmendu diren eskiatzaileak, baina denen artean bereziki aipatu behar dira Joseba Rojo[3] eta 2014 eta 2018ko Olinpiar Jokoetan parte hartzera iritsi den bere anaia Imanol Rojo[4][5][6].
Eskalada, espeleologia, mikologia, mendiko bizikleta... ere jorratu ditu elkarte honek bere historian zehar. Eskaladan, gailur garrantzitsuak lortzearekin batera[7], oihartzun handia izan zuten bi bazkideren heriotz istripuak aipatu behar dira: Angel Etxedona Etxaurin 1966an eta Patxi Berrio (Oargiko Ramon Ortizekin batera) Narancon 1969an. Horrekin batera mendiarekin eta naturarekin erlazionatutako hitzaldiak, proiekzioak eta mahai-inguruak antolatu izan ditu.
Espedizio bereziak
Elkarteko hainbat partaide izan dira atzerrira egindako espedizio batzuetan: Alpeak (1974), Laponia eskiz (1974), Kenia (1978), Pico Comunismo (1982), Groenlandia eskiz (1988)[8][9], Tamanrasset-Argelia bizikletaz (1990), Cerro Torre (1996), Nanga Parbat (2006)...
50. urteurrena
2008an 50. urteurrena ospatu zuen Alpino Uzturre mendi elkarteak eta ekitaldi ugari izan ziren urte osoan zehar, ohikoez gain. Urte Berri egunean mendizale ugari elkartu zen Uzturren, urteurren urteari hasiera emateko. Ekainean federazioaren katalogoan agertzen diren Gipuzkoako mendi puntuagarri guztiak igo zituzten Alpinoko bazkideek[10], 1971ean eta 1976an egin zen bezala. Abuztuan Marokkoko Atlas mendikatera hamabost eguneko irteera burutu zen. Urrian mikologia erakusketa antolatu zen plaza Zaharrean[11], Aranzadi zientzia elkartearekin batera, aurreko egunetako elkarteko mendizaleek jasotako espeziekin, garai batean bezala. Azaroan haurren ibilaldia egin zen Uzturre eta Belabietan[12]. Eta abenduan elkartearen historia jasotzen duen "Uzturretik mundura" liburua aurkeztu zen[13] eta bazkideen arteko bazkaria egin zen urteurrena bukatzeko.[14]