Albert Gustaf Aristides Edelfelt (Porvoo, Finlandia, 1854ko uztailaren 21a – 1905eko abuztuaren 18a) finlandiar margolari ospetsua izan zen[1]. Herrialdeak independentzia lortu aurretik finlandiar kultura atzerrian ezagutarazi zuen[2].
Biografia
Albert Edelfelt Porvoon jaio zen. Bere gurasoak suediar jatorrikoak ziren. Ikasketak 1869an hasi zituen Finlandiako Arte Elkartearen Marrazketa Eskolan eta 1873an Anberesko Arte Akademian egin zuen urtebete.
1874 eta 1878 artean Parisko Arte Ederren Eskola Nazionalean izan zen[3] eta Jean-Léon Gérômefrantziar margolari eta eskultorea izan zuen irakasle. Parisen Julian Alden Weir izan zuen pisukide eta honek John Singer Sargent artista estatubatuarra aurkeztu zion. Arrakasta handia lortu zuen Parisen bereziki pertsona ezagunen erretratugile gisa, hala nola Louis Pasteur, Aino Ackté eta Errusiako Errege familiarenak[2]. Harreman hauei esker 1881-82 denboraldia San Petersburgon pasa zuen ikasten. 1888 urtean Ellan de la Chapelle baronesarekin ezkondu zen eta haur bat izan zuten.
Johan Ludvig Runeberg poeta familiaren laguna zuen eta berak bereziki miresten zuen. Honek inspiratuta Finlandiako historiaren inguruko margolanak egin zituen azken urteetan. Runebergen Ensign Stål-en istorioak poemaren ilustrazioak egin zituen.
Sariak
Nazioarteko ospea lortu zuen lehen artista finlandiarra bihurtu zen. Louis Pasteurren erretratuari esker Frantziako Gobernuak Ohorezko Legioaren domina eman zion 1886an Paris Salon erakusketan[4]. 1889ko Parisko Erakusketa Unibertsalean ere urrezko domina jaso zuen.
Eragina
Finlandian errealismoaren sortzailea izan zen eta hainbat artista gazteren atzerrirako sarbide bihurtu zen, bereziki Pariserako. Hauen artean aipa daitezke Akseli Gallen-Kallela eta Gunnar Berndtson. Bere ikasle ezagunena Léon Bakst errusiarra izan zen.
Lanak
- Blanka erregina (1877)
- Karlos dukea Klaus Flemingen gorpua iraintzen (1878)
- Haurraren hileta (1879)
- Urkien azpian (1881)
- Virginie (1883)
- Itsasoan (1883)
- Umeak ur ertzean (1884)
- Louis Pasteuren erretratua (1885)[4]
- Ruokolahtiko emakumeak Church Hillen (1887)
- Luxenburgoko lorategiak (1887)
- Kristo eta Madalena (1890)
- Porilaisten marssi (1890)
- Kopenhage (1890)
- Bi emakume garbitegian (1893)
- Nikolas II.a Errusiakoaren erretratua (1896)
- Aino Acktéren erretratua (1901)
- Turkuko Akademiaren inaugurazioa (1904)
Iruditegia
Erreferentziak