Akupunturamedikuntza alternatibo mota bat da, gorputzaren leku jakinetan orratz meheak sartzean oinarritzen dena. Puntu horietan orratz finak sartzen dira azal azpiko ehunetan, hezurrei eta tendoiei kalte egin gabe. Txinako medikuntza tradizionalaren terapeutika da, eta ez da ezagutza zientifikoan oinarritzen; horregatik, sasizientziatzat jotzen da[1][2].
Historia
Akupuntura oso antzinakoa da, Kristo aurreko VI. mendean hasi baitzen. Kontakizunek diotenez, Fu Si enperadorea izan zen aitzindaria. Wang-Wei sendagile txinatarrak, 1027an, brontzezko bi gizaki-eskultura egin zituen, eta bertan 600 puntutxo zulatu, hamabi meridianoren arabera. Mende batzuk geroago (1280-1368 bitartean), bi bide berri erantsi zituen Hu Tie-ping medikuak, eta 693 puntu ezarri zituen. Harrezkero, sistema hori erabiltzen da, baina 100 baino ez dira oinarrizkotzat jotako puntuak, eta gainerakoak lagungarriak dira.
Oinarri filosofikoa
Medikuntza txinatarra filosofiarekin oso loturik dago, eta gizakiaren kontzepzio globala du; organoen azalpenez gainera, arimarenak ere kontuan hartzen ditu, beraz. Eskema anatomiko txinatarraren arabera, king edo meridiano izeneko hamabi bidek zeharkatzen dute gorputza; bide horiek organoen arteko lotura dira, eta odola dabil haietatik, norabide bakarrean. Odola pneuma edo bizi-energiak bultzatzen du. Hamabi meridiano horien artetik seik yang izaera dute: gorputz-ataletan sortu eta haien kanpoaldetik igotzen dira. Beste seiek, ostera, yin izaera dute: enborrean sortu eta gorputz-ataletarantz doaz haien barnealdetik.
Teknika
Txinatarren mundu-ikuskeraren arabera, bi indar kontrajarri daude, bai naturan, bai gizakiarengan, eta indar bi horien arteko orekak mantentzen du giza organismoa osasuntsu. Yang indarra positiboa da, bultzatzailea, hipertentsiboa eta pizgarria; yin indarra, bestetik, negatiboa da, geldiarazlea, lasaigarria eta hipotentsiboa. Hamabi meridianoez gainera, bi lerro daude erdian, bata indar fisiko, moral eta intelektualaren gidaria, eta bestea, gorputzaren behealdeko organoen funtzioena. Pneuma edo bizi-energiaren zirkulazio txarrak bestelako organoei eragiten die, eta horrela sortzen dira eritasunak. Puntu jakinetan orratzak jarriz, zirkulazio-oreka berrezartzen da, eta eritasuna sendatu egiten da. Bi orratz-mota erabiltzen dira, urrezkoak eta zilarrezkoak. Urrezkoek yang eragin pizgarria dute, eta zilarrezkoek, yin eragin lasaigarria. Egun, bai Txinan eta bai Mendebaldean, altzairu herdoilgaitzeko orratzak erabiltzen dira.
Akupunturaren eragin onuragarria azaltzeko ematen diren azalpenen artean, hedatuena hau da: orratzaren ziztadak narritadura eragiten du, azalaren, odol-bideen, giharren eta tendoien nerbio-bukaerek hori sumatu eta burmuinetara igortzen dute informazioa, eta handik aginduak bidaltzen dira organo jakinetara.