Aimée de Heeren, Aimée Soto-Maior de Sá edo Aimée de Sotomayor[1] (Castro, Parana, Brasil, 1903ko abuztuaren 3a –New York, Ameriketako Estatu Batuak, 2006ko irailaren 14a) brasildar socialitea izan zen eta Brasilgo emakumerik glamurosoenetako bat nazioarte mailan. Bere izena 1996ko ondoen jantzitakoen zerrendan, Best Dressed List Hall of Fame-n agertu zen.[2][3]
Bizitza
Lehen urteak
Gurasoak Genésio de Sá Soutomayor eta Julieta Sampaio Quentel izan ziren. Nahiz eta ez zen giro aberats batean jaio, gurasoak bai Aiméeri bai Vera ahizpari heziketa ona ematen saiatu ziren, sei hizkuntza ikas zezaten lortuz.
1920ko hamarkadan, Rio de Janeirora joan zen ahizparekin, eta Luis Lopes Getúlio Vargas presidentearen kabineteburuarekin ezkondu zen. Hala ere, bikotea banandu egin zen Heeren eta Vargasen arteko maitasun-zurrumurruen ondorioz, baina ez zuen inoiz egoera ez onartu ez ukatu.[4]
Bizitza soziala eta dotorezia
Presidentearen jauregian hainbat urtez egon zen bitartean, Heeren sasoi hartako jende garrantzitsu askorekin elkartu zen, AEBko Franklin Delano Roosevelt presidentearekin, besteak beste, eta nazioarteko beste politika- eta negozio-buruzagi asko. Ezagutu zutenak txundituta geratu ziren haren nortasunarekin eta edertasunarekin, eta, horri esker, 1930eko hamarkadan harreman garrantzitsuak sortu zituen, batez ere munduko buruzagiekin. Bestalde, moda-diseinatzaile asko babestu zituen, sasoi hartan ezezaguna zen Christian Dior barne, zeinen soinekoak erabili zituen luxuzko ekitaldietan, hala nola Veneziako Circus Ball-en 1939an, gerra baino pixka bat lehenago.[5]
1939an, alemaniarrek Frantzia inbaditu zutenean, Paristik alde egin zuen Europako beste leku batean bizitzeko, eta Meurice hoteleko ohiko ostalari bihurtu zen. Helmuth James Graf von Moltke mariskal alemaniarrarekin atera zen, baina hil aurretik utzi zuen. Bigarren Mundu Gerran, Ameriketako Estatu Batuetara joan behar izan zuen, eta Joseph P. Kennedy, Jr.-rekin maitemindu zen, Kennendy anaietako zaharrena. Familia harekiko adiskidetasunak hil arte iraun zuen.[6] Geroago, Rodman Heeren estatubatuarrarekin ezkondu zen, John Wanamakerren birbiloba, Wanamaker Galeria Komertzialen sortzailea.[1]
Behin baino gehiagotan, Hereen munduan ondoen jantzitako pertsonen zerrendetan agertu zen, eta Time aldizkariaren 1941eko edizio batek «munduko ondoen jantzitako 10 emakume» zerrendan hirugarren postuan sartu zuen,[7] Barbara Cushing eta Wallis Simpson baino ez zituen aurretik izan.[8] Vogue aldizkariko kritikariek ere goraipatu zuten Aiméeren dotorezia.[9]
Hainbat hamarkadatan, errege-erreginen, elite politikoen eta Hollywoodeko ezkontza eta ekitaldi askotara gonbidatu zuten:
Vincent Auriolek, Charles de Gaullek, Claude Pompidouk, François Mitterrandek eta Jacques Chiracek ere gonbidatu zuten Eliseoko Jauregiko harrera ofizialetara, baita Alexis de Rede baroiak Parisen eta Versaillesen egindako gala askotara ere. Doris Duke eta Coco Chanelen lagun mina izan zen, eta haiekin ibilaldi luzeak egin ohi zituen Parisen egiten zituen urteko egonaldietan.
Azken urteak
Aimee de Hereenek ezohiko poza mantendu zuen bere azken urteetara arte, baita 1998an aldakako ebakuntza egin ondoren ere. Bizitasun handikoa zen. 2000. urtean Parisko Cremerie-n Interneteko ohiko eskolak hartu zituen. 102 urterekin, Belgradera joan zen Alexandro Jugoslaviako printze oinordekoaren 60. urtebetetzera, 2005eko uztailaren 17an, Jauregi Zurian. Biarritzeko agendaren arabera, Atlantikoan igeri egiten zuen hirian igarotzen zituen egun guztietan, 2006an 103 urte zituela hil zen arte.
Erreferentziak
Kanpo estekak