Aena SME, S.A.[1] (Aeropuertos Españoles y Navegación Aérea enpresaren akronimotik eratorritako izena, euskaraz Espainiar Aireportuak eta Aireko Nabigazioa) Espainiako interes orokorreko aireportuak kudeatzen dituen enpresa publikoa da. Sozietatea Espainiako Gobernuaren agindupean dago ENAIRE enpresa-amaren bidez, Aenaren %51a kontrolatzen duelarik. 46 aireportu eta bi heliportu kudeatzen ditu Espainian, eta «Aena Internacional» (euskaraz Aena Internazionala) filialaren bitartez Europa eta Amerikan beste 15 aireporturen kudeaketan hartzen du parte, bidaiari kopuruari dagokionez munduko aireportu eragileen artean lehenengoa izanik. Egungo legediari dagokionez honako funtzioak bete behar ditu:
Karaktere zibileko aireportu, aerodromo, heliportu eta aire-garraiorako edozein instalakuntzaren antolaketa, zuzendaritza, koordinazioa, esplotazioa, zaintzea eta administrazioa.
Aurreko epigrafeari dagozkien azpiegitura eta instalazioen inbertsioen proiektu, exekuzio, zuzentze eta kontrola.
Azpiegitura, instalazio eta telekomunikazio aeronautikoen sistema-sareen proiektu, exekuzio, zuzentze eta kontrola, nabigazioa eta airetiko zirkulazioaren kontrolerako.
Azpiegitura aeronautiko berrien planifikazioen proposamena, hala nola aire-espazioko egituraren aldaketak.
Kudeatzen dituen intalazioetan segurtasun zerbitzuak bermatzea eta aire-garraioari dagokion irakaskuntza espezifikoetan parte hartzea.
Aenak interes orokorreko Espainiako aireportu guztiak kudeatzen ditu, bai eta aireportu pribatu batzuetako aire-nabigazioa eta base militar batzuk ere, azken hauek Espainiako Indar Armatuekin batera. Gainera, Ceuta eta Algecirasko heliportuak ere kudeatzen ditu, sare osoko heliportu bakarrak.
Sozietateak 46 aireportu eta bi heliportu kudeatzen ditu Espainian, eta zuzenean edota zeharka Europa eta Amerikako beste 15 aireportuen kudeaketan ere parte hartzen du, horien artean Londres-Luton aireportua, zeinaren kapitalaren %51a kontrolatzen baituen.
Operazioen bolumena
Hauek dira Aenak kudeatzen dituen Espainiako aireportuen operazioen bolumenak, 2017. urtean:[2]