2023-2024ko Israel-Palestina gerraren zabalpena

2023-2024ko Israel-Palestina gerraren zabalpena
Irudia
Motagerra baten zabalpen
Denbora-tarte2024ko urriaren 7a - 
KokalekuEkialde Ertaina
HerrialdeaIsrael, Palestina, Siria, Libano, Yemen, Iran eta Irak
Kausa2023-2024ko Israel-Palestina gerra
Osatuta

2023-2024ko Israel-Palestina gerraren zabalpena Ekialde Hurbileko krisi politiko-militar bat da, 2023ko urriaren 7an hasi Israel-Palestina gerraren ondorioz jazoa. Gerra luzatu ahala, Israel eta Palestinako lurralde mugakideetara zabaldu zen tentsioa, lehenik eta behin Gazatik Israel eta Zisjordaniara bertara eta, berehala, Libanoko hegoaldeko mugara, Hezbola mugimendu islamistarekin dauden fronteetara eta horien erretagoardiara.

Luze gabe, aliantza sistemak nazioarteko potentzien arteko jokaleku bero bihurtu zuen lurralde osoa, interes geopolitiko eta ekonomikoen erdigune, atzean zirela nagusiki AEB eta Iran, baita Europar Batasuneko herrialdeak eta Errusia ere. Gerra Ekialde Hurbil osora zabaltzeko aukera kezka nagusi bat bihurtu zen Mendebaldeko eta, oro har, nazioarteko hainbat agintarirentzat.

Zisjordania

Kolono eta indar militar israeldarren eskalada

PAN Palestinako Aginte Nazionalak kudeatzen du Zisjordania, eta lur palestinarra da, berez. Hala ere, urteotan gero eta kokagune judu gehiago eraiki dituzte Zisjordanian, eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa dute.[1] Hamasen urriaren 7ko erasoen ondoren, arreta guztia Gazara bideratzen zen bezala, aldi berean israeldar indarrek 31 palestinar hil zituzten bakarrik astebetean.[2] Gainera, NBEk 2024ko martxo hasieran azaldu zuenez, Zisjordaniako israeldarrek palestinarrei tratu iraingarria eta giza legearen kontrakoa, sexu jazarpena eta bortxaketa mehatxuak egin zizkieten beren operazioetan.[3] Urriaren 25ean, israeldar indarrek Nabluseko alde zaharra bonbardatu zuten eta, gero, soldaduek eraso egin zuten, droneak lagun zituztela. Ilargi Gorria erakundeak 25 palestinar artatu zituen; hiru hilik suertatu ziren, eta bost larri zauriturik. Israelek aipatu zuen Lehoiaren ezkutalekua daraman talde armatu bat israeldarrei erasoak egiten ari zitzaiela. PAN Palestinako Aginte Nazionalak Nazio Batuen Erakundeari eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeei eskatu zien «berehala» esku hartzeko Palestinan, «okupazio indarrak herritarren aurka misilekin eta droneekin egiten ari diren erasoak geldiarazteko».[4]

Azaroaren 27an, Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek iragarri zuen aurrekontuen zati handiago bat bideratuko zutela Zisjordanian kokagune juduen eraikuntza sustatzera. PANek erabaki hori salatu zuen: «Bi estaturen konponbidearen aurkako urrats bat gehiago da hori».[1] Azaroaren amaieran Gazako lehendabiziko pausa humanitarioa gertatu arren, Zisjordanian israeldar erasoek, sarekadek eta hilketek bere horretan jarraitu zuten. Azaroaren 27an bertan, Israelek 56 palestinar eraman zituen atxilo.[1] Urtarrilaren 30ean, komando israeldar bat, emakumez eta ospitaleko uniformez jantzia, tiroka sartu zen Jeningo ospitale batera, eta bertan artatuak ziren hiru miliziano hil.[5] Urtarril hondarrerako, Zisjordaniako ekonomia itolarrian zen, % 30eko beheraldiaz. Palestinako Agintaritza Nazionala bere burua ezin finantzatuz zebilen. Izan ere, Israelek jasotzen zituen tributu guztiak, eta gero zati bat palestinarrei ematen; Israelek, ordea, hori eten egin zuen guztiz.[6]

Hala 2023ko azaroan nola 2024ko otsailean, Amnistia Internazionalak israeldar indarrek eragindako giza eskubideen urraketa larriak salatu zituzten, tortura kasu oso ohikoak eta indarkeria hilgarriaren erabilera neurrigabea eta legez kanpokoa. Aipatu kasu larrien artean, aipatu zuen jada zauriturik edo hilzorian zetzatenen laguntzan inor sokorri joatea eragoztea edo laguntzaile horiei, tartean zirela medikuak, eraso egitea.[7][8]

2024ko otsailaren 27an, Zisjordanian oinarritutako Palestinako Gobernu osoak dimisioa eman zuen, Palestinak bizi zuen ataka jasanezina zela eta. Nazioarteak onartzen duen aginte bakarra zen Zisjordanian gobernatzen zuen Palestinako Aginte Nazionala –PAN–. Gobernuko kide guztien izenean, Mohammed Shtayyeh lehen ministroak jakinarazi zuen kargua utziko zutela: «Dimisioa ematea erabaki dugu Zisjordanian eta Jerusalemen inoiz ikusi ez den indarkeria gorakada bizitzen ari garelako, eta Gazako Zerrendan egun bizi den gerra, genozidio eta gosetea medio».[9]

Beste fronte larri bat, kolono finkapenen zabalpena eta kolonoen erasoak nabarmen areagotzea izan ziren, estatu palestinar bat ezartzea bera kolokan jartzen zuena, eta gerra krimentzat ere har zitekeena. 2024ko martxoan, Israelek kolonoentzako 3.476 etxe eraikitzea aurreikusten zuen.[10] Uztailaren 5ean, palestinarrek aurre egin zioten Ramallah iparraldean, kolonoen milizia israeldarrek Umm Safa herrian jo zuten eraso bati, gero eta ohikoagoak zirenak.[11]

Israelen eskala handiko operazio militarrak Zisjordanian

2024ko uztail eta abuztuan, israeldar operazioek gogor hartu zituzten Zisjordaniako herritarrak. Abuztuaren 28an hasita, ekintza militarrek larri areagotu ziren Tulkarem, Jenin eta Tubasen, jomugan jarriz errefuxiatu eremuak: 29rako, 18 pertsona hil utzi zituzten, tartean zela Mohamed Jaber Tulkarem Batailoiko buruzagia eta beste lau gerlari. Palestinar giza eskubideen aldeko erakunde batzuek ohartarazi zuten israeldarrak eskalada bat prestatzen ari zirela Zisjordanian, Gazan baliatu zituztenen antzeko taktikak baliatuko zituena; Israel Katz Israelgo kanpo gaietako ministroak Zisjordania iparraldea «aldi baterako hustea» agindu zuen.[12]

Irail hasieran, Zisjordaniaren aurkako aspaldiko erasoaldirik bortitzena hasi zuen Israelek, eta ordutik 30 pertsona baino gehiago hil zituen irailaren 19 arteko epean soilik.[13] 2024ko irailaren 9an, Israelgo Armada Zisjordania iparraldetik erretiratu zen 10 eguneko lehorreko operazio bortitzaren ondoren. Bitarte horretan, Jeningo osasun instalazioak blokeatu eta inguratu zituen. Gainera, ur hornidura eta estolderia sarea kaltetu eta bertako herritarren % 80 urik gabe gelditu zen. Jeningo kale, etxe, saltoki eta azpiegitura gehienak bulldozer bidez suntsitu ziren, eta Israelek frankotiratzaileak sakabanatu zituen etxeen teilatuetan. Guztira, 38 pertsona hil zituen, tartean zortzi adingabe, eta gutxienez 150 zauritu utzi. Jenin palestinar erresistentzia armatuaren erdiguneetako bat zen. Majed Abu Ramadan osasuneko ministroak adierazi zuenez, «ez soilik Gazan, Palestina osoan ez dago leku segururik».[14][15][16]

Dena den, irailaren 6an, Jeninez kanpoko Zisjordaniako beste herri batzuetan, Israelen kanpaina militar suntsigarriak jarraitzen zuen. Gainera, Israelgo soldatuek aktibista estatubatuar humanitario bat tiro hil zuen, Hamasen arabera AEBren ekipamendu militarraren bidez.[17] Irailaren 19an, gutxienez hiru palestinar hil zituen Israelgo armadak sarekada batean Zisjordanian, Jenin hirian. Hori jakinarazi zuen Palestinako Wafa albiste agentziak. Kaleratu informazioaren arabera, hiru soldadu etxe bat miatzera sartu ziren, eta ondoren hiru gorpu atera zituzten teilatutik.[13] Israeldar erasoek etengabe jarraitzen zuten bitartean, pauso bat gehiago eman zuen informazio isuria mozteko ahaleginean, unitate militarrak Ramallahko Al-Jazeera hedabidearen egoitzara sartuz, bost hilabete lehenago Jerusalem Ekialdeko egoitza itxiarazi ondoren, «segurtasun nazionalerako arrisku» bat zelakoan.[18]

Libano

Azken hamarkadetan, Libano hegoaldea eta Israel iparraldea fronte ireki bat izan da, tartean berpiztu izan dena, Ekialde Hurbileko gatazka geoestrategiko orokorrean. Aldiz, urriaren 7an hasi krisitik tentsioa areagotzen joan da, Hezbola taldeak Hamasekin duen aliantzaren eraginez eta Israelek haien kontra eraman duen kanpaina militarrean kokaturik. Bada, Israelgo armadak beste fronte bat du Libanoko mugan. Fronte horretan, tentsioa handitu egin zen, eta Hezbola talde politiko-militar indartsuarekin tiroketak eta su erasoak trukatu ziren hilabete batez.[19] 2023ko urriaren 30ean, Israelek hegazkinez eraso egin zion Libanori eta Siriako Hezbolari, bertako kohete-jaurtigailuak neutralizatzeko, adierazi zuenez. Astetan, Israelek zein AEBk hainbat aire eraso egin zituzten Siria gainean.[20]

Abenduaren 8tik 9ra, Israelek areagotu egin zituen Hezbola talde miliziaren aurkako aire erasoak, nahiz eta une horretan ez zen inor hil. Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeeren arabera, miliziaren egoitza nagusiari egin zioten eraso. Bien arteko borroken ondorioz, 120 pertsonatik gora hil ziren ordu arte urriaren 7tik —horietatik hamazazpi, zibilak—.[21]

Tentsioa berriz igo zen 2024ko otsailaren hondarrean, Israelek Libanon hainbat jomugari eraso egitean. Hezbolak, berriz, Israel barnealdera hainbat kohete botaz erantzun zuen, 40 Israelen arabera, eta Israelen hegazkinek berriz astindu zituzten Hezbolaren azpiegitura, guneak eta hainbat herri, iturri israeldarren arabera.[22] Israelen kontrako apirilaren 13-14ko Iranen aire erasoak kalteak ekarri zituen berriz ere Libanora, Israelek Libano ekialdea jo-puntuan jarri zuenean, eta Hezbolaren eraikin oso bat suntsitu, ustez armak fabrikatzeko erabilia, Israelgo iturriek adierazi zutenez. Ordu arte, krisi honetan, 364 pertsona hil zituzten gutxienez frontearen Libanoko aldean, gehienetan Hezbolako militanteak, baina baita 70 zibil inguru ere, AFP agentziaren arabera.[23]

Uztailaren 30ean, egun batzuk lehenago Golan Gainetako leherketa batean hamabi pertsona eta zauritu ugari suertatu ondotik, Israelek Beirut hegoaldeari egin zion eraso, eta helburuko kalean txikizioak eragin, Hezbolako buruzagi bat hil nahian, Israelgo agintariek adierazi zutenez. Buruzagi hori Muhsin Shukr omen zen, Hezbolako iturrien arabera, eta onik atera zen.[24] Hurrengo egunean jakinarazi zenez, bost pertsona ziren hildakoak, eta pentsatzen zen armaz jotako Hezbolako buruzagia ere hilik suertatu bide zela, ofiziala ez izan arren. Aldi berean, ustezko Israelen misil batek Ismail Haniyeh Hamasko buruzagi nagusia hil zuen Teheranen.[25] 2024ko abuztuaren 13an, IDFek Hezbollah-en helburuen kontrako erasoak hasi zituzten Libanoko hegoaldeko herrietan, eta bi pertsona hil ziren Baraachit-en aire eraso batean.[26]

Yemen eta huthien erantzuna

Huthien Itsaso Gorriko erasoen mapa (2024-07-01 eguneratua)
Yemenen kontrako misil erasoak salatzeko manifestazioa Sanan
Mendebaldeko potentzien Yemen lurraldeko aire erasoak
Sakontzeko, irakurri: «Itsaso Gorriko krisia»

AEBk Itsaso Gorrian gerraontziak zabaltzeari erantzunez,[27] Yemengo matxino huthiek mehatxu hau egin zuten abendu erdialdean: Itsaso Gorria zeharkatzen zutela eta Israel helmuga duten ontzi guztiei eraso egingo zietela, baldin eta Israelek «berehala» laguntza humanitarioa, hala nola elikagaiak eta osasun baliabideak, Gazara sartzen uzten ez bazuen. Huthien bozeramaile militar Yahya Sareak eman zuen erabakiaren berri, eta irmo berretsi zuen: «Edozein nazionalitate duen ontziri egingo diogu eraso». Hain justu, azaro hondarrean eta abendu hasieran Itsaso Gorria zeharkatzen ari ziren pare bat ontziri —Israelenak eta AEBenak— egin zieten eraso Yemengo matxino huthiek.[21] Huthiek Iranen babesa dute, eta Itsaso Gorrikoa munduko itsas ibilbide komertzial aktiboenetako bat da.[27] Erantzuna

Abenduaren erdialderako, AP Moller-Maersk, bidalketen eta logistiken danimarkar konpainia handiak, eta Hapag-Lloyd-ek, bidalketen eta edukiontzi garraioarenak, erabaki zuten bertan behera uztea Itsaso Gorriko beren ohiko ibilbidea, trukean Afrika ingurukoa hartuz. Ordurako, huthiek zortzi itsasontziri egin zieten eraso Yemengo Bab el-Mandeb itsasartean. Ondorioz, petrolioaren prezioek goranzko joera hartu zuten.[28] Abenduaren 19an, Estatu Batuetako idazkari Lloyd Austinek nazioarteko koalizio bat eratu zutela iragarri zuen, hamar estatuk osatua, huthien Itsaso Gorriko erasoei aurre egiteko eta itsas trafikoa segurtatzeko, tartean zela Frantzia,[29] baita Espainia ere.[30] Abenduaren 28an, zamaontzien erdiek Itsaso Gorritik igarotzeari utzi diote, huthien erasoengatik.[31]

2024ko urtarrilaren 11-12an, AEBk eta Erresuma Batuak Yemen bonbardatzea erabaki zuten huthien kontra, eta fronte berri bat ireki.[32] Hilaren 13an, AEBk berriz eraso egin zion Yemeni, oraingoan bakarrik.[33] Joe Bidenek huthiak terrorista izendatzeko asmoa agertu zuen, nazioarteko erakundeen ustez, Yemenekiko harremanak moztuko lituzkeena eta krisia areagotu.[34] Huthiek Israelekin lotura zuten itsasontziei soilik eraso egitetik AEBren eta Erresuma Batuaren itsasontziei eraso egitera pasa ziren, herrialde horiek Yemeni eraso egin ondoren.[35] Otsailaren 3tik 4ra, AEBren eta Erresuma Batuaren indarrek, beste sei herrialde aliatuk babesturik, dozenaka eraso egin zituzten huthien kontrolpeko Yemengo lurraldean, 36 posizio guztira, tartean zela Sana hiriburua. Gerra hegazkinak eta gerraontzietako misilak, Tomahawk motakoak, baliatu zituzten horretarako.

Siria

Siriako Gerra Zibilak iraun bitartean, Israelek ehunka eraso egin zizkion Siriari, baina urriaren 7tik areagotu egin zituen, batez ere Iranen babespeko indarren eta Siriako armadaren kontra. Izan ere, Hezbolak presentzia handia du Sirian.[36] Abenduan, Israelen aire eraso batek Irango Zaindari Iraultzaileen jeneral goren bat hil zuen. Ekialde Hurbilean tentsioak gora egin ahala, 2024ko urtarrilean, Israelek aire eraso bat jo zuen Damaskon, eta 5 pertsona hil eraikin batean bilduta zeudela. Israelek adierazi zuenez, Iranekin lerrokatu buruzagiak ziren.[37]

2024ko otsailaren 2an, Estatu Batuek Siriako eta Irakeko dozenaka punturi egin zioten eraso, Jordanian egun batzuk lehenago soldadu batzuk hiltzearen ordainetan. Ondorioz, Iranen aldeko ustezko hemezortzi miliziano hil ziren. Pentagonoak adierazitakoaren arabera, milizianoez gain, operazio, logistika eta inteligentzia zentroak eta suziri, misil eta drone biltegiak jarri zituzten jomugan. Siriako Gobernuak adierazi zuen eraso horiek asko larrituko zutela Ekialde Hurbileko gatazka.[38]

Haatik, Al Jazeerako berriemaileak adierazi zuenez, israeldar erasoak ia etengabeak ziren aldi horretan. 2024ko martxoaren 29an, Gazako ataka militarra eta Israel-Libanoko borrokak Hezbolarekin gaiztotu ahala, Israelen aire erasoek berriz astindu zuten herrialdea iparraldean, zehazki Alepo hirian, eta Alepoko Nazioarteko Aireportu aldameneko armategiari eragin zioten gogorren. Hilak 40tik gora izan ziren, gehienak soldaduak, tartean zirela Hezbolako sei militante.[39]

Tentsioa apirileko lehen egunetan areagotu zen, Israelek Siriako hiriburuko Iranen kontsulatuari aire erasoa egin eta suntsitu zuen, eta Muhammad Reza Zahedi Iranen guardia iraultzailearen buruzagi nagusietako bat eta hainbat pertsona hil, beste bi militar ere tartean. Israelek lehendabiziko aldiz jarri zuen jopuntuan Iranen egoitza diplomatiko bat, eta Iranek «erantzun erabakigarri» bat hartuko zuela agindu zuen. Gerra Ekialde Hurbil osora zabaltzeko kezka puri-purian jarri zen. Faisal Mekdad Siriako atzerri ministroak «atentatu terroristatzat» jo zuen.[40] Iranek, ondorioz, Israeli eraso egin zion (ikus goian).

Urriaren 1ean, Israel Libano inbaditzeari ekiten ari zela, haren aire eraso batek hiru pertsona hil zituen Damaskon, Siriako hiriburuan. Etxebizitza eraikinen artean jazo zen, eta irudiek auto bat sutan erakusten zuten. Siriako Sana albiste agentziak egun batzuk lehenago jakinarazi zuen haren Safaa Ahmad erreportaria Israelek «traizioz» hil zuela eraso batean.[41]

Irak

Abendu erdialde arte, milizia palestinarrez gain, Hezbolak soilik egin zuen Israelen aurka. Hori bai, bi hilabeteotan erasoak egin zizkien AEBk Ekialde Hurbilean dituzten hainbat enbaxadari eta egoitza militarri, hala nola abenduaren 7an. Gutxienez bost misil jaurti zituzten AEBk Bagdaden zuen enbaxadaren aurka. Erasoaren harira, Irakeko lehen ministro Xia al-Sudanik bere gobernuaren baimenik gabe «ez erantzuteko» eskatu zion AEBri. Hasieran, ez zuen inork erasoa bere gain hartu.[21]

2024ko otsailaren 2an, AEBren eraso militarrak jazo ziren Irak eta Siria arteko mugan. Irakeko Armadako ordezkariek gaitzetsi egin zituzten, eta ohartarazi Ekialde Hurbileko gatazkari ondorio kaltegarriak zekarzkiotela.[38] Otsailaren 7an, Estatu Batuen drone batek Kataib Hezbola taldeko buruzagi nagusi bat hil zuen Bagdad ekialdean, Iranen babespekoa; Pentagonoak egun batzuk lehenago Jordaniako AEBko hiru soldadu hiltzea leporatzen zion.[42] Ondorioz, Irakeko agintariek adierazi zuten AEB buru duen koalizioa gatazka eta «desegonkortasun faktore» bat bihurtzen ari zela Ekialde Hurbilean, eta koalizio horren Irakeko misioa etetera bultzatzen ari zela Irakeko gobernua.[43]

Iran

Israelek Damaskoko Iranen egoitza diplomatiko bati eraso egin eta Iranek errepresalian hainbat misil eta drone jaurti ondoren, Israelek Libanori eraso egin zion apirilaren 14an, Hezbolaren instalazioak jopuntuan jarriz (ikus goian). Herrialde industrializatuenen G7 taldeko atzerri ministroak Capri uhartean (Italia) elkartu ziren hurrengo egunetan, eta eskatu alderdi inplikatuei tentsiorik ez areagotzeko.[44] 2024ko apirilaren 19an, Israelek aire eraso mugatu bat egin zuen Iranen kontra, Isfahan probintzian, Iranen programa nuklearraren erdigunea. Hala ere, NBEko Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak adierazi zuen instalazio nuklear batek ere ez zuela kalterik jaso. Irango agintariek eta AEBk adierazi zuten irandarrek hiru israeldar drone suntsitu zituztela.[44][45]

Erreferentziak

  1. a b c Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :9 izeneko erreferentziarako
  2. (Gaztelaniaz) Pita, Antonio. (2023-10-13). «La violencia se extiende a Cisjordania» El País (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  3. «UN report finds sexual violence on October 7 and in West Bank» Al-Jazeera 2024-03-04.
  4. «Israelgo Armadak beste hiru palestinar hil eta 22 zauritu ditu Zisjordanian» Berria 2022-10-25 (Noiz kontsultatua: 2023-11-29).
  5. Txantiloi:Es-US TUFAHA, Por AREF; Press, MELANIE LIDMAN y WAFAA SHURAFA Associated. (2024-01-30). «Soldados israelíes encubiertos asaltan un hospital en Cisjordania y matan a tres milicianos» Los Angeles Times en Español (Noiz kontsultatua: 2024-02-01).
  6. «UNRWAri finantzazioa eten diote dozena bat herrialdek, Hamas 'babestea' leporatuta» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-01-29).
  7. (Ingelesez) «Spike in Israeli lethal force against Palestinians in Occupied West Bank» Amnesty International 2024-02-05 (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
  8. (Ingelesez) «Israel/OPT: Horrifying cases of torture and degrading treatment of Palestinian detainees amid spike in arbitrary arrests» Amnesty International 2023-11-08 (Noiz kontsultatua: 2024-02-05).
  9. «Zisjordaniako gobernu osoak dimisioa aurkeztu du, Palestinaren egoera jasangaitzagatik» Argia 2024-02-27.
  10. (Frantsesez) «Cisjordanie : les colonies israéliennes s’étendent à un niveau record | ONU Info» news.un.org 2024-03-08 (Noiz kontsultatua: 2024-07-06).
  11. «Des Palestiniens ripostent une attaque coloniale dans un village à Ramallah» Wafa 2024-07-05.
  12. (Ingelesez) Pietromarchi, Alma Milisic,Virginia. «Israel’s West Bank assault updates: Attacks ‘fuelling explosive situation’» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-08-29).
  13. a b «Azken egunetako erasoak «gerra deklaraziotzat» hartu ditu Hezbollahko buruak» Berria 2024-09-19 (Noiz kontsultatua: 2024-09-20).
  14. (Ingelesez) Khadder, Mick Krever, Abeer Salman, Kareem. (2024-09-06). «‘All the streets were destroyed:’ Palestinians count the cost as Israel pulls back from Jenin» CNN (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
  15. (Gaztelaniaz) RTVE.es/AGENCIAS. (2024-09-06). «Israel se retira de Yenín diez días después del inicio de la mayor operación en Cisjordania en décadas» RTVE.es (Noiz kontsultatua: 2024-09-06).
  16. (Ingelesez) AJLabs. «Israel-Gaza war in maps and charts: Live tracker» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-09-06).
  17. «Hamar eguneko erasoaldiaren ondoren, Israelgo tropak Zisjordaniako Jenin hiritik irten dira» Berria 2024-09-06 (Noiz kontsultatua: 2024-09-07).
  18. (Ingelesez) «Press groups condemn Israel closing Al Jazeera office in Ramallah» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-09-23).
  19. Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman Izenik_gabekoa-20240110211913 izeneko erreferentziarako
  20. (Ingelesez) «Israel strikes Syria, Lebanon following rocket attacks, military says» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-20).
  21. a b c Aipuaren errorea: Konpondu beharreko erreferentzia kodea dago orri honetan: ez da testurik eman :12 izeneko erreferentziarako
  22. (Ingelesez) «Hostilities mount on Lebanon border as Hezbollah and Israel swap strikes» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-02-29).
  23. (Ingelesez) «Israel strikes Hezbollah site in east Lebanon» France 24 2024-04-14 (Noiz kontsultatua: 2024-04-15).
  24. (Ingelesez) «Israel says it targeted Hezbollah commander in Beirut attack» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-07-30).
  25. (Ingelesez) Marsi, Yasmeen Aboujabal,Federica. «Israel-Palestine conflict | Live updates | Today's latest from Al Jazeera» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-07-31).
  26. (Ingelesez) Saifuldine, Wassim. «2 killed as Israeli drone hits vehicle in southern Lebanon | Dead updates | aa.com.tr» www.aa.com.tr (Noiz kontsultatua: 2024-08-13).
  27. a b (Ingelesez) Motamedi, Maziar. «Houthis target Israel-linked ships in Red Sea. Here’s what you need to know» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-12).
  28. (Ingelesez) Cafiero, Giorgio. «Will oil prices rise after Red Sea shipping curbs amid Houthi attacks?» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  29. (Ingelesez) «US announces 10-nation force to counter Houthi attacks in Red Sea» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  30. (Gaztelaniaz) EFE, NTM /. (2023-12-19). «EE.UU. anuncia una coalición militar de 10 países en el mar Rojo contra los ataques hutíes» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-12-19).
  31. «Zamaontzien erdiek Itsaso Gorritik igarotzeari utzi diote, huthien erasoengati» Berria 2024-01-02 (Noiz kontsultatua: 2024-01-02).
  32. «AEBk eta Erresuma Batuak Yemenen egindako erasoak beste fronte bat ireki du Ekialde Hurbilean» EITB 2024-01-12 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  33. «AEBk berriro bonbardatu du Yemen, eta tentsioak gora egin du» EITB 2024-01-13 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  34. ««Huthiak terrorista izendatzeak ondorioak izango ditu Yemenen»» Berria 2021-01-13 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  35. (Ingelesez) «Which Houthi targets were hit by US-UK strikes in Yemen?» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-02-04).
  36. (Ingelesez) «More than 40 people killed in Israeli strikes on Syria’s Aleppo: Reports» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-03-29).
  37. (Ingelesez) «5 dead in Israel strike on Syria targeting 'Iran-aligned leaders': monitor» France 24 2024-01-20 (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  38. a b «AEBk Irak eta Siria bonbardatu ditu Jordanian jasotako erasoari erantzunez» EITB 2024-02-03 (Noiz kontsultatua: 2024-02-03).
  39. (Ingelesez) «More than 40 people killed in Israeli strikes on Syria’s Aleppo: Reports» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-03-29).
  40. (Ingelesez) «Israel strikes Iran consulate in Syria’s capital Damascus: What we know» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-04-02).
  41. (Ingelesez) «Israeli strikes kill three civilians in Syria’s Damascus, state TV says» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-10-01).
  42. (Ingelesez) «Paramilitary commander killed in Baghdad drone strike: Reports» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-02-11).
  43. (Ingelesez) «Iraq condemns ‘clear-cut assassination’ operation after US strike» Al Jazeera (Noiz kontsultatua: 2024-02-11).
  44. a b «Iranek ez die «berehalako» erantzunik emango goizaldeko leherketei» Berria 2024-04-19 (Noiz kontsultatua: 2024-04-19).
  45. (Gaztelaniaz) Bronte, Antonio Pita, Luis de Vega, Trinidad Deiros. (2024-04-19). «Israel lanza un ataque limitado de represalia contra Irán» El País (Noiz kontsultatua: 2024-04-19).

Ikus, gainera