Ezkerrean barruti bakoitzeko alderdi irabazlea ikus daiteke. Eskuinean eskualde bakoitzeko zerrenda bozen bidez hautatutako biltzarkideak ikus daitezke.
2021eko Galesko Legebiltzarrerako hauteskundeak edo 2021eko Senedd-erako hauteskundeak urte bereko maiatzaren 6an izan ziren, eta Galesko Legebiltzarraren (Senedd deitua) VI. legealdiko 60 biltzarkideak hautatu ziren, zeinetatik 40k hautesbarruti bana ordezkatzen zuten. Biltzarrak "Parlamentu" edo "Legebiltzar" izaera eta izena eskuratu zuenetik lehenengo hauteskundeak izan ziren, 2020ko maiatzera arte "Biltzar Nazionala" izan baitzen. Eskoziako Legebiltzarrerako eta Ingalaterrako udal hauteskundeak egun ber-berean izan ziren.
Senedd-aren aurreko hauteskundeetan bost alderdik eskuratu zituzten eserlekuak legebiltzarrean: Alderdi Laborista, Plaid Cymru, Alderdi Kontserbadorea, Erresuma Batuaren Independentziaren Alderdia (UKIP) eta Liberal Demokratak. Hala ere, legealdian zehar legebiltzarkide batzuk alderdiz aldatu ziren, eta hauteskundeetarako legebiltzarra desegin zenean zazpi indar politikok zeukaten ordezkaritza Senedd-an. Zazpi indar horiek jada aipatutako bostak, Galesko Biltzarra Deuseztatzeko Alderdia (AWAP) eta Bultzatu (Propel) ziren. AWAP alderdiak UKIPen bi hautetsik alderdiz aldatzean bi eserleku eskuratu zituen, eta Bultzatu alderdiak Plaid Cymru-ko hautetsi batek sortu zuen.
Gobernua gidatzen zuen Alderdi Laboristak barruti bozan %5 eta eskualde bozan %4 igotzea lortu zuen, eta legebiltzarraren eserlekuen erdia bereganatu zituen. Alderdi kontserbadoreak UKIPen hautesle asko erakarri zituen, eta gorakada handia lortuta bigarren alderdia eta oposizio burua bihurtu zen, Plaid Cymru-ri aurrea hartuz. Senedd-a ezarri zenetik kontserbadoreek lortutako emaitzarik hoberena izan zen. Plaid Cymru-k botoen ehunekoan behera egin zuen arren, eserleku bat egin zuen gora, baina hirugarren alderdia izatera igaro egin zen. Liberal Demokratek berriz, aurreko hauteskundeetan irabazitako barruti bakarra galdu zuten, baina eskualde bozekin eserleku bat lortu zuten, eta beraz eserleku bakar batekin mantendu ziren. UKIP alderdi euroeszeptikoaren sostengua kolapsatu egin zen, eta parlamentutik kanpo geratu ziren. Kanpainan zehar AWAP autonomiaren aurkako alderdiak eserleku pare bat lortu ahal zituela zirudien arren, Senedd-an sartzetik urrun geratu zen, eta 2016an baino emaitza txarragoak lortu zituzten.
Gales 40 hautesbarrutitan dago banatuta (Komunen Ganberarako hauteskundeetako hautesbarruti ber-berak), eta hautesbarruti horiek 5 eskualde osatzen dituzte: Gales Erdialdea eta Mendebaledea, Ipar Gales, Hego Gales Mendebaldea, Hego Gales Erdialdea, eta Hego Gales Ekialdea. Hautesleek bi boto eman behar dituzte: "barruti botoa", haien hautesbarrutiko ordezkaria hautatzeko; eta "zerrenda botoa" edo "eskualde botoa", haien eskualdeko 4 ordezkariak hautatzeko. Bi boto horiek ez dute zertan alderdi berarentzat izan, eta ondorioz alderdien barruti boto kopurua eta zerrenda boto kopurua normalean ez da berdina izaten.
Hautagai ber-bera hautesbarruti baten eta eskualde zerrenda baten batera aurkeztu ahal da, eta irabaztekotan bi eserlekuetatik bat hartzen du legebiltzarrean. Bestalde, 2014tik aurrera hautagai batek ezin du Legebiltzarrean eta Erresuma Batuko Komunen Ganberan eserleku bana izan. Herritar galestarrez gain, Galesen bizi ziren atzerritarrek ere bozkatu ahal izan zuten. Bozkatzeko adina 18tik 16ra jaitsi zen ere.
Legebiltzarraren egoera
Ondoko taula honetan legebiltzarraren osaera adierazten du V. legealdiaren amaieran, hauteskundeak egiteko parlamentua desegin zenean.