1974ko uztailaren 26ko Gasteizko hondamendia, Arriagako hondamendia izenez ere ezaguna[1], Gasteizko Arriaga auzoan gertatu zen trafiko-istripua eta horren ondoriozko leherketa izan zen. Gertakari lazgarriak 11 lagunen heriotza eragin zuen.
Gertakaria
1974ko uztailaren 26an, goizeko laurak laurden gutxi aldera, butano gasa zeramaten Petronorreko bi zisterna-kamioik talka egin zuten batak bestea atzetik joz Gasteizen, Juan Garai kaletik igarotzen zen N-1eko saihesbide-errepidea eta Arriagako Atea kalearen arteko bidegurutzean, Santa Isabel hilerriaren aurrean. Ondorioz, kamioien zisternak pitzatu egin eta gas likidotua isurtzen hasi ziren. Isuritako gas likidotuaren lurrunkortasuna zela eta, gas laino leherkor zuria sortu zen. Horrelako batean gasak eztanda egin zuen, suzko mihi handi bat sortuz.
Eztandak Santa Isabel hilerrian eta Zaramaga auzoko Urkiola Mendatearen kaleko hainbat etxebizitzatan kalteak eragin zituen. Horrez gain, Arriaga auzoan, bidegurutzetik hurbil zegoen laborantza-etxe bat eraitsi zuen eta marokoar jatorriko 17 lagun bizi ziren ondoko estalpea ere suntsitu zituen.
Guztira 11 pertsona hil ziren. Horietatik, bi istripuaren lekuan. Beste bederatziak istripua gertatu eta ondorengo ordu eta egunetan.
Gaur-gaurkoz istripu hau Gasteizen gertatu den trafiko istripurik larriena da.[2]
Oroigarriak
2023ko ekainean Saioa García "La Omega" eta Diego Berruete "Sinpa" artistek gertaera oroitzeko murala margotu zuten Juan Garai kaleko 1. zenbakian.[3][4]
2024ko uztailaren 26an, istripuaren 50. urteurren-egunean, Carlos Cordovillak eta Antonio Pululuk ekoitzitako Las huellas de la niebla dokumentala argitaratu zen.[5]
Erreferentziak
Kanpo estekak