Usue Mori Carrascal (Donostia, Gipuzkoa, 1987) Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea da. Informatika Fakultatean lan egiten du, Konputazio zientzia eta adimen artifiziala sailean.[1][2]
Matematikan lizentziatua eta ingeniaritza informatikoan doktorea da (UPV/EHUn, 2010ean eta 2015ean, hurrenez hurren). Matematika Aplikatuan, Estatistikan eta Konputazioan masterra egin zuen, eta baita Ingeniaritza Konputazionalean eta Sistema Adimendunetan masterra ere Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU, 2011n eta 2013an, hurrenez hurren).
2010an Iñaki Goenaga Fundazioaren doktoretza aurreko beka lortu zuen eta 2012ko abendura arte bere doktoretza-tesiari lotutako lanak egin zituen Tecnalia R&I zentroan. 2012tik, UPV/EHUko Intelligent Systems Group ikerketa-taldeko kidea da.
Bere ikerketa lerroen artean, denborazko ezaugarria duten datu-meatzaritza eta datu-analisia nabarmentzen dira, bai problema gainbegiratuetan, gainbegiratu gabekoetan eta baita denbora-serieen sailkapen goiztiarrean ere.
e-makumeak taldeko partaidea da. Zientzia eta teknologia arloan emakumeen ikusgarritasuna handitzeko lan egiten du.[3][4]
2022ko Informatikari Euskaldunen Bilkurak (IEB2022) Adimen Artifiziala ardatz izan zuen eta Olatz Arbelaitzekin batera "Adimen artifiziala atzotik gaurdaino. Justua ote?" hitzaldia eman zuen.[5][6][7]
Argitalpenak
- Bilaketa heuristikoak. Teoria eta adibideak R lengoaian[8] (UPV/EHU, 2017)
- Oinarrizko estatistika: R praktikak[9] (UPV/EHU, 2017)
- Kriptografia: Diffie-Hellman. DBH3-4 mailako ikasleentzako bideoa[10]
- R programazio lengoaiako oinarrizko tutorialak[11]
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak