S/PDIF

TOSLINK konektorea (JIS F05)

S/PDIF (Sony/Philips Digital Interface)[1][2] distantzia laburrerako soinu irteeretan erabiltzen den audio digitaleko lotura mota bat da, eta bere aplikaziorik ohikoena kontsumitzaile mailako soinu ekipoetan izan ohi da; adibidez, etxeko zineman edo fideltasun handiko sistemetan. Seinalea transmititzeko RCA konektoredun kable ardazkidea edota TOSLINK konektoredun zuntz optikoa erabiltzen ditu.

AES3 interkonexiorako estandarrean oinarritzen da S/PDIF.[3] Garraiorako gaitasunari dagokionez, konprimitu gabeko PCM audiozko bi kanal garraia ditzake, eta konprimituriko 5.1/7.1 surround soinuarekin (DTS audio kodeka, adibidez) ere beste hainbesterako gai da. Dena den, S/PDIF bateraezina da banda zabalera handiagoa behar duten galerarik gabeko surround formatuekin.[4]

Era berean, S/PDIF lotura mota bat moduan definitzen dugunean datuen lotura mailako nahiz maila fisikoko zehaztapenen multzoa dela ematen dugu aditzera. Izenaren jatorria Sony/Philips Digital Interconnect Format da, baina zabalduen dagoen adiera Sony/Philips Digital Interface da. S/PDIF IEC 60958n estandarizaturik dago, IEC 60958 type II izenpean (IEC 958 zelarik 1998 aurretik).

Erabilerak

IEC 61937 estandarrean definitzen da S/PDIF interfazearen ohiko erabileretako bat: surround soinurako konprimitutako audio digitala garraiatzea. Hauxe da kasua, besteak beste, DVD irakurgailu edo ordenagailu bat Dolby Digital ala DTS maneia dezakeen etxeko zinemako anplifikatzaile batera konektatzean, kable optiko edo ardazkidearen bitartez. Beste erabilera kasu tipiko bat litzateke, halaber, konprimitu gabeko audio digitaleko bi kanal garraiatzea CD irakurgailu batetik anplifikatzaile batera.

Hardwarearen zehaztapenak

Bideo konposatuko RCA konektorea (horia)
Audio Digitaleko RCA konektore ardazkidea (laranja)

S/PDIF eta AES3 aldi berean garatu zituzten. Lehenbizikoa ez bezala, baina, AES3 audio profesionalaren esparruan ekipo ezberdinak konektatzeko erabiltzen zen. Aldibereko garapenaren atzean hainbat estandar kudatzen dituzten komiteak zeuden, bi interfazeak ahal bezain antzekoak izatea nahi baitzuten. Horri esker, diseinu bera edo oso antzekoak erabili zitzazketen zirkuitu integratu ezberdinen interfazeetarako.[5] Ondorioz, S/PDIFek aldaketa gutxi jasan zituen protokolo mailan; baina konektore fisikoa XLR izatetik kable ardazkide elektrikoa (RCA konektoreekin) edota zuntz optikoa (TOSLINK) izatera pasa zen, biak baitira XLR baino merkeagoak. Sistema honek erabiltzen dituen RCA konektoreek kolore laranja izan ohi dute bestelako RCA konektoreetatik ezberdintzeko; besteak beste, hori koloreko bideo konposatukoetatik. Kablearen beraren ezaugarriak ere aldatu egin zituzten, 110 Ω-eko orekaturiko pare txirikordatuaren ordez 75 Ω-eko kable ardazkidea hautatu baitzuten -esan bezala, RCA jack-ak erabiliz-.

Kontsumitzaile mailako ekipoetan, TOSLINK konexioen bitartez transmititutako seinaleak kable ardazkidearen bitartez transmititutakoen berdin berdinak dira edukiz, baina jitter efektu handiago sufri ohi dute.[6]

AES3 eta S/PDIFen arteko ezberdintasun nagusiak[7]
AES3 orekatua AES3 orekatu gabea S/PDIF
Kablea 110 Ω-eko STP 75 Ω-eko ardazkidea 75 Ω-eko ardazkidea edo zuntz optikoa
Konektorea 3 pineko XLR BNC RCA edo TOSLINK
Irteera maila 2–7 V erpinetik erpinera 1.0–1.2 V erpinetik erpinera 0.5–0.6 V erpinetik erpinera
Gutxieneko sarrera maila 0.2 V 0.32 V 0.2 V
Gehienezko distantzia 100 m 1,000 m 10 m
Modulazioa Manchester kodeketa

diferentziala

Manchester kodeketa

diferentziala

Manchester kodeketa

diferentziala

Azpikodearen informazioa ASCII identifikazio testua ASCII identifikazio testua SCMS kopien babeserako informazioa
Gehienezko resoluzioa 24 bit 24 bit 20 bit (24 biteko aukera)

Protokoloaren zehaztapenak

S/PDIF hainbat formaturen seinale digitalak transmititzeko erabiltzen da, horien artean ohikoenak 48 kHz-eko lagin maiztasuna duen formatua (DATen erabilia) eta 44,1 kHz-ekoa direlarik - azken hau, besteak beste, CDetako audioan erabiltzen da-. Bi formatu hauekin bateragarria den moduan beste batzuekin ere halaxe izan dadin, protokoloak ez du aurrez finkatutako lagin maiztasunik. Horren ordez, informazioa Manchester kodeketa diferentziala erabiliz transmititzen da, zeinak trantsizio bat ala bi baititu bit bakoitzeko. Modu horretan jatorrizko hitzaren erlojua seinaletik bertatik erauzi daiteke.

S/PDIF 20 biteko audio datu segidak transmititzeko pentsatuta dago, segidari lotuta doan beste informazio batekin batera. 20 bit baino gutxiagoko laginketa zehaztasuna duten jatorrietatik transmititzeko, falta diren bitak zero bihurtzen dira. Gainera, S/PDIFek 24 biteko laginak ere transmiti ditzake, horretarako 4 bit extra erabiliz. Hala ere, gailu batzuk honetarako gai ez direnez, gerta daiteke 4 bit extra horiei jaramonik ez egitea.

Kontroleko hitzaren osagaiak
Bita Piztu gabe (0) Piztuta (1)
0 Kontsumitzaile gradua (S/PDIF) Profesionala (AES3)
(kontrol hitzaren esanahia aldatzen du)
1 Normal Informazio konprimitua
2 Kopiaketa mugatuta Kopiaketa baimenduta
3 2 kanal 4 kanal
4
5 Aurre-enfasirik ez Aurre-enfasia
6–7 Funtzionatzeko modua. Ondorengo bitak definitzen ditu eta beti zero da
8–14 Audio iturburuaren kategoria (orokorra, CD-DA, DVD, etab.)
15 L-bita, jatorrizkoa ala kopia den (ikus azpiko testua)

Kontrol kodeko 8-14 bitek iturburuko ekipoa zer motatakoa den adierazten duen 7 biteko kodea osatzen dute, eta 15. bita "L-bita" da. L-bitak audioa jatorrizkoa (hots, behin kopiatu daiteke) ala kopia bat den (ezin da berriz grabatu) adierazten du, baina 2. bita zero denean soilik hartzen da kontuan bit hau; hots, kopiaketa mugatuta dagoenean.

Mugak

Hartzaileak ez du informazioaren transmisio abiadura kontrolatzen. Ondorioz, datozkion bitak galtzea ekiditeko, seinalea jasotzeko darabilen maiztasuna jatorrizko gailuaren erlojuarekin sinkronizatu behar du. Baina S/PDIFen inplementazio askok ezin dute amaierako seinalea guztiz banandu jatorriaren edota interkonexioaren eraginetik. Zehazki, hartzaileak bere burua sinkronizatzeko erabilitako erlojuaren berreskurapen prozesuak jitter deritzon fenomenoa eragin dezake.[8][9][10] BDAk (bihurgailu digital-analogikoa) erloju erreferentzia egonkor bat ez badu, zarata txertatuko da emaitzatzat dugun seinale analogikoan. Hala ere, hartzaileek hainbat estrategia inplementatu ditzakete ondorio hau mugatzeko.[10][11]


TOSLINK zuntz optikoak, kable ardazkideek ez bezala, ez du jasaten masa begiztek eta irrati uhinek eragindako interferentziarik.[12] Hala ere, zuntzarekin gertatu ohi den moduan, estu bihurrituz gero behin betiko kalteak sufri ditzake.


Ikusi hau ere

Erreferentziak

  1. .
  2. .
  3. .
  4. ISBN 9780071485852..
  5. Finger, Robert A. 1992 'AES3-1992: The RevisedTwo-ChannelDigital Audio Interface', J.AudioEng.Soc.,Vol.40,No.3, 1992 March, p108
  6. .
  7. .
  8. Giorgio Pozzoli. "DIGITabilis: crash course on digital audio interfaces" tnt-audio.com.
  9. Chris Dunn, Malcolm J. Hawksford. "Is the AES/EBU/SPDIF Digital Audio Interface Flawed?" AES Convention 93, paper 3360.
  10. a b Norman Tracy. "On Jitter, the S/PDIF Standard, and Audio DACs."
  11. . AES Convention 121, paper 6948
  12. .

Kanpo estekak