Musikaren Festa ekainaren 21ean ospatzen da mundu osoan zehar, hau da, ipar-hemisferioan udako lehen eguna eta hego-hemisferioan neguko lehen eguna izaten den horretan. Festa arratsaldean hasi ohi da eta gau osoa irauten du, egunsentira arte, alegia. Urtez urte hedatzen den jai hau, momentuz, ehun bat herrialdetan ospatzen da tokian tokiko jaialdi eta ekimenenekin.
Izendapen bat baino gehiago du festa honek; Batzuetan World Music Day (Musikaren nazioarteko eguna) adierazpenaz izendatzen da, baina, Fête de la Musique ere herrialde anglofono askotan erabiltzen da, baita alemana hitz egiten den herrialdetan ere. Beste herrialde batzuetan literalki itzuli dute festaren izena, esaterako: Fiesta de la Música (gaztelania), Musikaren Festa (euskara), Festa della Musica (italiera), Święto Muzyki (poloniera), Praznik Muzike (bosniera), Dünya Müzik Günü (turkiera). Frantziako logoaren antzeko irudia erabiltzen da herrialde gehienetan.
Bilakaera
Joel Cohen musikari amerikarrak proposatu zuen lehen aldiz festa hori ospatzea, 1976an. Cohenek Saturnales de la Musique –Saturnoren jai musikakoak- egitea planteatu zuen, udako eta neguko solstizioekin bat eginez, hau da, ekainaren 21ean eta abenduaren 21ean.
1981ean, Cohenen ideia egokitu zuen Maurice Fleuret musikari eta kultura sustatzaile frantsesak, eta hala, Jack Langek, garaiko kultura ministroak Musikaren Festa abiarazi zuen. 1982ko ekainaren 21ean ospatu zen lehen aldiz, baina, hurrengo urtera arte ez zen ofizialki aldarrikatu.
Abiapuntua Frantzian izan arren, 2011rako guztiz nazioartekoa zen festa; urte hartan bost kontinenteetako 110 herrialdetan ospatu zen, eta hemisferio bietako 340 hirik baino gehiagok hartu zuten parte. Harrez gero, ospakizunak hedatzen eta ugaritzen joan dira.
Zergatik ekainaren 21a?
Egun hori aukeratu zen, ipar hemisferioan udako solstizioarekin bat egiten duelako normalean (hau da, urteko egun luzeenetarikoa; edo, bestela esanda, gau motzena duen eguna). Bestalde, udarekin bat egiteak badu beste esanahi bat, izan ere, naturaren goraipamenaren sinbolo baita, naturaren edo uztaren omenez antzinatik egiten diren festa paganoen antzera.
Ospakizunak
Festak bi modutan suspertzen du musika. Alde batetik, musikari amateurrak kalean eta espazio publikoetan borondatez jotzea sustatzen da. Horretarako, frantsesezko izenarekiko —Fête de la Musique— homofonoa den eslogana erabiltzen da: «Faites de la musique!»; literalki «egin musika» esan nahi du, eta zenbait herrialdetan ingelesera itzuli dute eslogana: Make Music! Bestalde, bai amateurren, bai profesionalen doako kontzertuen bitartez, publiko zabal batek mota eta jatorri anitzeko musika entzuteko aukera dauka (musika klasikoa, jazz, rock, munduko musika, tradizionala …), baita hizkuntza guztietako kantak entzuteko ere.
Musikaren festa Euskal Herrian
Frantzian oso indartsua da festa, baina Euskal Herrian ere badu bere lekua. Oraindik, ordea, hiri jakin batzuetan bakarrik ospatzen da. Azpimarratzekoa da, neurri handi batean, antolatzaileen borondatearen eta baliabideen araberako dela festa.
Iparraldean, esaterako, Baionan eta Urdiñarben ospatzen da musikaren festa.
Donostian ere ospatu zuten musikaren festa 2015eko ekainaren 20an. Festaren egunean, kontzertuak egon ziren Loiola kalean. Donostian, gainera, Musikaren eguna dela aprobetxatuz, Adarra Saria entregatzen dute (2014an sortu zuen Donostia Kulturak euskal musikari egindako ekarpena saritzen da, sustatzailea musikari bat dela, ekimen bat dela.
Bizkaian ere ospatu izan dute musikaren festa, hala nola, Bilboko hirigunean eta zenbait auzotan.
Horrez gain, 2013az geroztik Musikaren aldeko agiria bat plazaratzen da musikaren festarako. 2013an Rikardo Arregi Diaz de Herediak (Adi gure musikari!) idatzi zuen; 2014ean, Edorta Jimenez (Hezurren mintzoa) izan zen arduraduna; eta 2015ean, ordea, Anjel Lertxundiri (Notak eskala musikalean) egokitu zitzaion ardura.