Zañartu auzoko Ipentza baserrian jaio zen, eta kalera bizitzera etorri ondoren Berezaoko auzo-eskolan batxilergoko lehen urteak egin zituen, 1964an sortu berria zen Institutuan jarraituz laugarren ikasturtean. Handik Mondragon Unibertsitateko Oñatiko ETEO-Enpresagintza Fakultatera joan zen Merkataritza-Peritajea egitera, 1968an bukatuz. Ondoren, lau urtez herriko Zahor txokolate fabrikan egin zuen lan, Arrasateko LagunAro EPSV kooperatibako bulego nagusira aldatu arte. Bertan 35 urtez aritu zen lanean, Osasun eta Pentsioen zerbitzuko arduraduna izatera iritsiz, LagunAroko zuzendaritzako lehen emakumea bilakatuz.[2]
Juan Bautista Arantzabal arrasatearrarekin ezkondu zen 1973an, bi seme-alaba dituzte, Naia eta Egoitz, eta bi biloba, Ekain eta Julen. Zaletasunen artean, mendia eta familiarekin zein adiskideekin bidaiatzea gustatzen zaio. Herrigintzan bestalde, 1975an Txantxiku Ikastolako juntan sartu zen, eta 1981an bera presidente zela ikastola irabazi asmorik gabekokooperatiba egin zen, aurreko urtean estatutu berriak egin ondoren. 1989an berriz, Kilometroak antolatzeko arduradun nagusia izan zen.[3] Azpimarratzekoa da, baita, Oñatz Kultur Elkarteko kide egin zela 1968an, hurrengo urtean presidente bilakatzuz. 1970ean lehen Haurren Eguna antolatu zuten, Ikurrin Dantza Elkarteko banderarekin eginaz, euskal ikurrina debekatuta zegoelako. Hurrengo urtean Oñatz Dantza Taldea sortu zuten. 2019. urtean Arizmendiarrietaren Lagunak Elkarteko juntakide izendatu zuten,[4] eta 2023tik bertako presidentea da. [5]
Politika
2003tik 2006ko martxo arte liberatu gabeko alkate bilakatu zen legegintzaldi erdian, Arrasaten zuen lanarekin uztartuz. Hurrengo udal hauteskundeetan bere zerrendak irabazi zuen, eta beste lau urtez egon zen alkatetzan, 2011 arte,[6][7] oraingoan liberatuta EUDELeko arautegia jarraituz. Eta garai horretan EUDELeko zuzendaritzan egon zen Gizarte Politikarako ardurdun bezala, emakume zuzendari bakarra izanik.[8] Ondoren, LagunArora itzuli ordez jubilatu egin zen, nahiz eta 2019arte zinegotzi izaten jarraitu oposizioan.[9][10] Zinegotzi edo alkate izan legegintzaldietan hainbat ekimen bultzatu zituen, hala nola Eli Galdosekin Eusko Jaurlaritzan negoziatu zuen Santa Ana komentuko birmoldaketa, eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateko egoitza berria eraikitzea bultzatu. Halaber, udaleko langileen baloraziorako gidaliburua gauzatu zuen ELA eta LAB sindikatuekin adostuta, baita Emakumeen Berdintasunen Zerbitzua sortu, eta "Arantzazu gaur" fundazioa sustatzea frantziskotarrekin, Foru Aldundiarekin eta Kutxarekin. Ondoren, Parketxea sortu zen. Kontutan hartu behar da baita Arantzazu eta Asentzio auzoetako elkarteak sortzen lagundu zuela, oztopo administratiboak gaindituz. Bestalde, naiz eta alkatetza garaian ezker abertzalea legez kanpo egon alderdi bezala, batzorde guztietan parte hartu zuen, eskuin unionistak istiluak sortu arren.[11]
↑Zeberio Lekuona, Larraitz. (2022). Lourdes Idoiaga: "On Jose Mariak esaten zuen 'aurrera, beti aurrera', eta hori da Arizmendiarrietaren Lagunak Elkartearen leloa". Goiena.