Herria oso antzinakoa da eta aspaldidanik da jendearentzat bizitoki, nahiz eta 1461 arte ez zituen Donostiako pribilegioak eskuratu, Henrike IV.a Gaztelako erregearen eskutik.
Ezaugarriak
Monumentutzat har daitezkeen eraikin batzuek osatzen dute herriaren erdigunea. Jatorrizko herriaren egiturak ez du inolako zerikusirik Erdi Aroan sortutako harresidun hiribilduen itxurarekin. Jatorrizko gune horrek ez du orube banaketarik ezta bide egiturarik ere, orduko herrixkekin konparatuta ezberdina izanik.
«Herrigune historiko» izendapenaz ezagutzen dugun gunea, komentu-jauregi multzo bat da, Maria LazkanokXVII. mendean sortua. Multzo horrek osatzen du, herriko eliza nagusiarekin batera, herriaren erdiko gunea. Hortik abiatuta egituratzen dira gainerako eraikinak, ibaiak berak ere eragina duelarik.
Ondorengo eraikin-multzoek osatzen dute babes bereziko gunea:
San Migel Goiaingeruaren eliza nagusia, zabalera poligonala duen egitura bakarreko eraikina, goiko aldean korua duena. Gotiko berantiarrari dagokion eliza da.
Lazkaoko ondasun arkitektonikorik garrantzitsuenak diren hauetaz gainera, badira herrigunearen barruan beste batzuk ere kontuan hartzeko modukoak: Orobionea baserria eta Elosegi kaleko 36, 13 eta 26 zenbakidun eraikinak. Aipatutako hauek ere badute babesteko moduko interes kulturalik.