Lady Godiva XI. mende-hasierako dama anglosaxoi bat izan zen, bere edertasuna eta eskuzabaltasunagatik ospetsu egin zena (1066 eta 1086 artean hil zela uste da).
Haren izen anglosaxoiak, Godgifu edo Godgyfu, gift of God ("Jainkoaren oparia") esan nahi du; Godiva izenaren latinezko bertsioa da.[1]
Pertsonaia historrikoaren biografia
Leofric-ekin (968-1057), Chester eta Mercia-ko konde eta Coventry-ko Jaunarekin, ezkondu zen eta bederatzi seme-alab izan zituzten.[2]
Godiva Domesday Book iturrian agertzen da aipatuta, ordurako hilda egon arren,[3] eta garaiko hainbat iturrietan.
Dama honek, bere basailuen sufrimenduarekin errukiturik (senarrak gehiegizko zergak jartzen baitzizkien), elkartasuna erakutsi nahi izan zien haiei.
Senarrarekin batera, 1043an Coventryko monasterio beneditarra eraiki zuen.[4]
Kondaira
Bere senarrari, haren anbizio eta handinahikerien aurrean, zergak beheratzeko eskatu zion. Kondeak amore eman zuen, baina baldintza batekin: Lady Godivak biluzik Coventry osoa zaldiz igarotzea. Damak horrela egin zuen, aurretik bere auzokideekin bakoitza bere etxean egongo zela hitzartuta. Zehaztutako egunean, Lady Godiva herritik zaldiz igaro zen, biluzik, bere auzokideak etxean, leihoak itxita, gelditzen ziren bitartean.[5]
Kondaira, historiagileen arabera istorio erreal batean oinarritua egon zitekeen neurri batean bada ere, eta Leofric-ek bere emaztearen keinuarekin hunkiturik, bere hitza bete eta zergak beheratu zituela esanez bukatzen da.
Peeping Tom
Herritar guztiak etxean sartu ziren, Peeping Tom (Tom begiluzea) izeneko jostun bat izan ezik. Kondairaren arabera, jostunak ezin izan zion andrea biluzik ikusteko gogoari eutsi, eta, ondorioz, itsu geratu zen.
Artea
Herbert Art Gallery & Museum-en, Coventryn (Ingalaterra) kokatua, Lady Godivari buruzko erakusketa bat ikus daiteke. Obrarik zaharrena, autorea Adam van Noort duena, 1586an Coventryn aurkitu zuten. Bildumako beste margolan bat John Collier-ek 1897 inguruan egina da, beharbada gai honen inguruko lanik aipagarriena.
Coventry hirian bere omenez eskultura dago.
Zinema
Lady Godiva gaitzat duten hainbat film egin dira. Bi aipatzearren:
1911: Lady Godiva, lehenengo aldiz istorio hau kontatzen duen filma da, paper nagusian Julia Swayne Gordon duena, eta Vitagraph Company-k ekoitzita.
1955: Lady Godiva of Coventry: Maureen O'Hara da Lady Godiva antzeztu zuena Arthur Lubinen zuzendaritzapean.[6]
↑Keats-Rohan, K. S. B.. (1999). Domesday People: A prosopography of persons occurring in English documents 1066–1166, vol. 1: Domesday. Suffolk: Boydell Press, 218 or..