Gabriel Henao (Valladolid, 1611 – Salamanca, 1704) espainiar historialari eta filosofo jesuita izan zen. Beste gai historikoen artean, Euskal Herriari buruzko zenbait gai jorratu zuen.
Biografia
Medina del Campoko erretore izan ondoren, Filosofia, Teologia eta Liburu Santuak irakatsi zituen Bilbo, Oviedo, Valladolid eta Salamancan. Salamancan 50 urtetan, Jesusen Lagundiaren Real Colegio Máximon Teologia eta Idazki Sakratuen katedrak eraman zituen. Jakituria handiko gizona zen. 1639an, A Coruñan zegoela, Antonio Okendo gipuzkoar jeneralari hiltzen lagundu zion.[1]
Obra nagusiak
Euskal Herriko historiari buruzko bi liburu eman zituen argitara:
Vizcaya illustranda ab Academia Humaniorum litteratum Bilbaensis Scholae Societatis Jesu (1637), Bilboko hiriko historia.
Averiguaciones de las Antigüedades de Cantabria obra garrantzitsua (hiru liburuki, 1689-1691), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako historia. Jesusen Lagundiaren sortzailea, Ignazio Loiolakoa, euskaldun izateak erakarri zuen Henao euskal lurraldeetara. Tubal, elezaharretako pertsonaia, Euskal Herriko eta Espainiako lehen biztanleen jatorria zelako teoriaren alde egin zuen bere idatzietan.
Haren lanetan, bestetik, Filosofia, Teologia eta Historia landu zuen:
Empyreología, seu philosophia christiana de Empyreo Caelo, 1652.
De Eucharistiae Sacramento Venerabili, atque Sanctissimo, tractio Theologica Scholaris diffussa et moralis concisior, 1655