Euskal Girotze Barnetegiak

Euskal Girotze Barnetegien helburu nagusia euskararen erabilera eta haren aldeko motibazioa indartzea da, etxeko eta kaleko erdal giroan bizi diren haur eta gazteen artean batez ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak sortu zituen Euskal Girotze Barnetegiak 1985ean, NOLEGA (Euskararen Normalizazio Legearen Garapena) programaren baitan.

Eskolaren parte eta eskola guztientzako laguntza-zerbitzua dira. Hezkuntza-komunitatea formatu egiten dute informazioa, aholkularitza eta laguntza zuzena emanez. Bertan, metodologia berriak praktikan jartzen dira, eta euskara ikasleei hurbildu, maita dezaten eta haiena dela sentiarazteko. Euskararekiko harreman berria eskaintzen zaie gertutasunetik, barrutik hitz eginez, haiek sentitzen dutena kontuan hartuz eta gerora fruitua eman dezakeen hazia ereinez. Ikasleek euskara “behar izatetik, nahi izatera”ko pausoa ematen laguntzea da barnetegien azken xedea, hau da, euskararekiko jarrera aldatzea, eta horretarako, giro goxoan hartuko dira, presiorik gabe, aukerak eskainiz bai pertsonei bai taldeei.[1]

Euskal Girotze Barnetegiek aukera eskaintzen diete, batez ere, etxeko edo kaleko erdal giroan bizi diren ikasleei euskal giro aberatsa ezagutzeko eta, are gehiago, bertan euskaraz bizitzeko. Horixe dute helburu nagusia barnetegietako egonaldiek: ikasleei euskal giro goxo eta aberatsean bizipen gogoangarria izateko aukera eskaintzea, era horretan euskara ikasteko prozesuari eta hizkuntzarekin duten harreman afektiboari bultzada eragingarria eman diezaioten. Batez ere, zera lortu nahi da: euskaraz lehen pausoak ematen ari diren ikasleei hizketan askatu ezin hori gaindiaraztea, euskaraz komunikatzeko gai direla konturarazi eta beren buruekiko segurtasuna eta konfiantza sortzea, eta hitz-etorria indartzea. Beraz, barnetegien xede nagusia ikasleen hizkuntzaren erabilera eta haren aldeko motibazioa indartzeko ekintzak burutzea izango da.[2]

Historia

1985-86 ikasturtean egin ziren lehenengo euskal girotze egonaldiak Eubako barnetegian. Geroztik, beste barnetegi batzuk sortu dira, eta gaur egun 6 Euskal Girotze Barnetegi ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak: Barria, Elgoibar, Gorozika, Hondarribia, Lemoiz eta Zerain.

Antolaketa, funtzionamendua

Euskal Girotze Barnetegiak honako baldintza hauek betetzen dituzten ikasle-taldeentzat daude eraturik:

  • LMHko 3. mailatik DBHko 2. mailara bitarteko ikasleentzako egonaldiak dira.
  • Taldeak ikastetxeetako ikastalde naturalak izango dira.

Egonaldiak 4 egunekoak dira: astelehen goizean hasi eta ostegun arratsaldeko seietan bukatuko dira. Egonaldiaren egun kopurua eta iraupena ezingo dira ez laburtu ez luzatu. Ikasle-talde bakoitzak egonaldi bakarra egiteko aukera izango du. Ikastetxeak eskaera egiten duenean, txanda barnetegietako batean eskuratzeko izango da, baina ez barnetegi jakin batean. Txandak banatzeko eratuko den batzordeak esleituko ditu sei barnetegietako egonaldi-txandak.

Irakastegiak

Hauek dira 2022an indarrean zeuden barnetegiak:[3]

  • Gorozikako Euskal Girotze Barnetegia[4]
  • Barriako Euskal Girotze Barnetegia[5]
  • Elgoibarko Euskal Girotze Barnetegia[6]
  • Hondarribiko Euskal Girotze Barnetegia[7]
  • Zeraingo Euskal Girotze Barnetegia
  • Lemoizko Euskal Girotze Barnetegia

Lege-oinarria

  • 1982. Azaroaren 24ko Oinarrizko Legeak dioenez, euskararen erabilera arautzekoak, ikasleek nahitaezko ikasketak bukatzen dituztenerako bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, ahoz eta idatziz, behar bezala ezagutu behar dituzte.[8]
  • 1983. Abuztuaren 1eko Aginduak dioenez, Hezkuntza Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu eskola giroan euskararen erabilera bermatzeko.
  • 1985. Aurreko lege eta aginduak oinarri hartuta, ekainaren 17ko Aginduz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Euskal Girotze Barnetegiak eratzea erabaki zuen.

Erreferentziak

  1. «Euskal Girotze Barnetegiak - Nolega» www.nolega.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  2. Telleria, Amaia. Euskal girotze barnetegiak [Interneteko baliabidea : oinarri, jolas eta teknika hezitzaileak / [egileak, Amaia Telleria ... et al.]. ].
  3. «NOLEGA Euskal Girotze Barnetegiak» www.hikhasi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  4. «Gorozikako Barnetegia» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  5. «Barriako Barnetegia» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  6. «Elgoibarko Barnetegia» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  7. «HONDARRIBIKO Barnetegia» sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2023-03-10).
  8. «1982. Azaroaren 24ko Oinarrizko Legea» EHAA (Eusko Jaurlaritza).

Kanpo estekak