Eskola peripatetikoa

Aristotelesen ondo-ondoko jarraitzaileen artean Teofrasto eta Eudemo Rodaskoa izan ziren ezagunenak (K.a. III. mendea); biok Aristotelesen jakintza-ikerketetan oinarritu ziren. Ondoko belaunaldiko filosofoek aldaketak sartu zituzten aristotelismoan: Aristoxeno Tarentokoa arimaren hilezkortasunaren aldeko izan zen; Dizearkok bizitza aktiboa proposatu zuen, maisuaren gogokoa izan zen bizitza kontenplatiboaren aldean; Estraton Lampsakoak, Aristotelesengandik guztiz aldendurik, haren metafisika baztertu eta Jainkoa naturaren indar ez kontzientetzat hartu zuen, giza arima animaliarenaren pareko ezartzen zuelarik. Gero tradizio peripatetikoa, erudizio huts bihurturik, ilunaldian murgildu zen, harik eta K.a. 50. urte inguruan Androniko Rodaskoak Aristotelesen obra argitaratu zuen arte. Horrek iruzkin- eta azalpen-egile anitzen obra eragin zuen; garrantzitsuenak Afrodisiako Alexandro eta Sinplizio izan ziren.

Erreferentziak