Eraikin modular

Eraikin modular

Mairie de Montrouge-n Parisko metroaren 4. linea handitzeko lanetan erabilitako etxolak.

Eraikin modular bat hainbat sekzio errepikatuk osatzen dute, modulu izenekoak, eta eraikuntza hori kokatuko den lekutik urrun eraikitzen dira. Sekzio aurrefabrikatu horiek fabrikan bertan ekoizten dira. Gero, armatu, mihiztatu eta azken instalazioa egingo den lekura eramaten dira.

Batzuetan, garabiak, orga jasotzaileak, polipastoak, gailu jasotzaile bereziak eta mihiztatzeko bestelako baliabide mekanikoak erabili behar izaten dira, eraiki nahi den egitura modularraren konplexutasunaren arabera.[1] Moduluak azken kokalekuan jarri ondoren, modulu batzuk besteekin mihiztatu eta finkatzen dituzten konexioen bidez lotzen dira. Honela, moduluak elkarrekin konektatzen dira eraikinaren egitura orokorra osatzeko.[2]

Eraikin modularrak eraikitzea, bai bizitegi-eraikinak, bai merkataritza- eta industria-eraikinak, modu azkar eta eraginkorra da kostu txikiagoko kalitate handiko egiturak eraikitzeko. Hori dela eta, eraikin modularrak eraikitzearen helburua metodo nahiz teknika berriak ikertzea eta garatzea da, bereziki teknologia berriak aplikatuz, hala nola 3D modelatzea eta BIM. Ikerketa eta garapen hori sektoreko enpresek sustatzen dute, baita Steel Construction Institute[3] eta Modular Building Institute[4] institutuek ere.

Erabilerak

Eraikin modularrak hainbat erabilera eta aplikazio dauzka. Instalazio finko zein mugikorretarako eta aldi baterako edo iraunkorretarako erabil daitezke, hala nola, eskoletarako, ospitaleetarako, mediku-arretarako zentroetarako, merkataritza- eta industria-instalazioetarako, etab.

Urruneko eta/edo landa-eremuetan erabili ohi dira, baita klima-arazoak dauden eremuetan ere (urakanak, adibidez). Aldi baterako xedeetarako ere erabiltzen dira, adibidez, ekitaldietako bainu eta garbiketarako, aukera ematen baitute ekitaldi horiek egiten diren tokietan ez dauden instalazioak eskaintzeko.

Eraikuntza modularrei eman ahal zaien erabilera sorta zabala erakusten duen beste erabilera berritzaile bat luxuzko kanpinaren edo “glamping”aren merkatua da. Bertan, diseinu abangoardistako bainugela modularrak jartzen dira, erosteko ahalmen hadia duten bidaiariei erosotasun guztiak eskaintzeko. Ingurune naturala osatzen duen eta ingurumen-jasangarritasuna errespetatzen duen diseinuarekin.[5]

Eraikuntza-prozesua

Eraikin modularrak eraikitzeko prozesua sekuentziala da, eta oinarrizko urrats batzuetan banatzen da. Prozesu horren helburua da proiektuaren inplementazioa eta garapena bizkortzea, kostuak murriztea eta modulu guztien kalitatea eta estandarizazioa bermatzea.

Herrialde gehienetan, eraikin modularrek in situ egindako eraikuntza tradizionalen eraikuntza-arau, -kode eta -estandar berak bete behar dituzte.

Prozesua oinarrizko zirriborroen gogoetarekin eta garapenarekin hasi ohi da, ondoren, kostuen azterketa eta egutegiaren plangintza egiteko.

Eraikin modularren fabrikatzaileek jarraitzen duten eraikuntza-prozesua aldatu egin daiteke eraikuntza-motaren eta proiektu bakoitzaren baldintza partikularren arabera. Hala ere, oinarrizko hiru etapa izaten dira edozein eraikin modular eraikitzeko eta muntatzeko prozesua osatzen dutenak: fabrikazioa, bidalketa eta muntaketa zein kokalekua.

Horretaz gain, moduluak muntatu eta konektatu aurretik, obraren prestaketa gauzatu behar da; bertan, erabiliko dituzten eraikuntzarako material eta ekipo guztiak jartzen dira, eta eraikuntza modularraren eraikuntzarako kokalekua prestatzen da. Bestalde, zimendatzea egin behar da. Horiek eraikuntza modularraren pisuari eusteko diseinatuta egon behar dute. Hormigoizkoak, altzairuzkoak edo zurezkoak izan daitezke. Orobat,  lauza batean zein pilote batzuetan oinarritu daitezke edo zoruan sartuta egon daitezke.

Obrako lana murritza izan ohi da. Moduluen muntaia eta mihiztatzea ordu batzuetan hasi eta egun batzuetan buka daiteke, proiektu motaren eta ezaugarrien arabera.

Kokalekua hautatzea

Funtsezkoa da eraikuntza modularrarentzako kokaleku bat hautatzea. Kokalekuak oztoporik gabekoa nahiz sarbide egokiduna izan behar du eta ezegonkortasuna eragin dezaketen lurzoru-baldintzetatik libre egon behar du. Zerbitzu publikoak eta garraio-zerbitzuak ere izan behar ditu, baita eraikuntza-lekura iristeko bide bat ere. Kokalekua ebaluatu egin behar da, eraikiko den eraikin modularrerako egokia dela ziurtatzeko.

Baldintza meteorologikoak

Obraren baldintza meteorologikoak dira eraikin modular bat eraikitzeko beste faktore garrantzitsu bat. Prezipitazioek, haize gogorrek, tenperaturak eta hezetasunak eragina izan dezakete eraikin modularraren eraikuntzan. Baldintza meteorologikoak zaindu behar dira, eta obra eta eraikina babesteko neurri egokiak aplikatu.

Abantailak

Eraikin modularrek hainbat abantaila dituzte in situ eraikitako eraikin konbentzionalekin alderatuta.

  • Kostuak aurreztea: Eraikuntza modularrean,  eraikuntza konbentzionalarekin alderatuta, batez beste, kostuen aurrezpena % 30etik % 40ra bitartekoa dela kalkulatzen da. Aurrezpen horren arrazoi nagusia eskulana aurreztea eta erabilitako materialak modu eraginkorragoan aprobetxatzea da. Gainera, eraikuntza modularrak nabarmen murrizten du aurrekontu-soberakinen eta aurreikusi gabeko kostu gehigarrien arriskua.
  • Denbora: Batez beste, eraikin modularrak eraikitzeko proiektuak ohiko eraikuntza-proiektuak baino % 30 eta % 50 azkarrago lortzen dira, obratik kanpo egindako aurrefabrikazioak produkzio-denborak murrizten dituelako. Eraikuntza modularra proiektuaren epeak betetzeko modu errentagarri eta eraginkorra izan daiteke; bestela, ezinezkoa izango litzake epe horiek betetzea, egitura tipiko bat in situ eraikitzeko behar den denbora dela eta. Hori bereziki garrantzitsua izan daiteke proiektu publikoetarako, hala nola, eskoletarako, ospitaleetarako eta hiri-azpiegituretarako.
  • Kalitate hobea: Eraikin modularrak eraikitzeak in situ eraikitzeak baino kalitate eta pertsonalizazio handiagoa eskaintzen du. Izan ere, alde batetik, aurrefabrikazioa baldintza kontrolatuetan egiten da, eta horrek akatsak izateko arriskua murrizten du. Bestetik, kalitate handiko materialak erabili ohi dira, eta, horri esker, kalitate bermatuko azken produktua lor daiteke.  Prozesua hobetu egin da urteetan zehar, eta eraikuntza modularreko enpresek esperientzia eta ospea hartu dute kalitate handiko eraikinen ekoizpenean.
  • Segurtasuna obran: Obratik kanpoko fabrikazioari esker, istripu-arriskua murrizten da, errazagoa baita eragiketak kudeatzea eta lan-ingurune segurua sortzea.
  • Diseinu-malgutasuna eta pertsonalizazio handiagoa: Eraikin modularrak proiektu bakoitzaren behar espezifikoak asetzeko diseinatzen eta pertsonalizatzen dira. Eraikuntza modularrak malgutasun handia eskaintzen du diseinuari dagokionez, teknika modernoak erabiltzen baitira, hala nola 3D modelatua. Gainera, moduluka eraikitako eraikinek aukera ematen dute behar denean modulu berriak gehitzeko, eta horiek desmuntatu, birkokatu eta erabilera berrietarako berregokitu daitezke, kostuak, beharrezko materialak eta behar berriak asetzeko gastatutako energia murriztuz. Diseinu-malgutasunak eta pertsonalizazioak garrantzi berezia hartzen duten erabileretako bat ikasleen egoitzetan, ospitaleetan edo hoteletan komun aurrefabrikatu modularren ekoizpena eta instalazioa da; izan ere, erabilgarri dagoen espazioa aprobetxatzen laguntzen du eta espazio hori birmoldatzeko beharrak gutxitzen ditu.[6]
  • Ingurumen-onurak: Eraikuntza modularrak hainbat abantaila eskaintzen ditu ingurumena zaintzeari dagokionez: CO2-emisioak murrizten ditu, energia- eta ur-erabilera murrizten duten material aurrefabrikatuak erabiltzen direlako hondakin gutxiago sortuz, obrako ingurumen-asaldura edo -kutsadura murriztuz, adibidez. Ohiko eraikuntzarekin alderatuta, hondakinen murrizketa % 90ekoa izan daitekeela kalkulatzen da.

Desabantailak

Eraikin modularrak eraikitzeak baditu desabantaila batzuk, eraikin konbentzionalak eraikitzearekin alderatuta.

  • Garraioa: Eraikin modularrak eraikitzeak murrizketak ekar ditzake moduluak beren kokalekura eramateko garraioa dela eta.[7] Moduluak errepidez garraiatu behar direnez, normalean ezin dira handiegiak izan, eta horrek gelen tamaina mugatu dezake.[8]
  • Finantzatzeko zailtasuna: Finantza-erakunde batzuek, bankuek eta mailegu-emaileek, zalantzak izan ditzakete etxe modularrak eraikitzeko maileguak edo kredituak emateko garaian. Nahiz eta hori iraultzen hasia den azken urteetan.
  • Gaitzeste kulturala: Gaur egun gizarteak eraikin modularrak gaitzesten ditu, publiko orokorrak horrelako eraikinak ezagutzen ez dituelako batez ere. Hala ere, eraikin horiek eraikin tradizionalen arau eta kode berberak betetzen dituzte, eta haiek eraikitzeko erabiltzen diren materialak in situ egiten diren eraikuntzen kalitate berekoak edo hobekoak dira.

Erreferentziak

  1. (Gaztelaniaz) «¿Qué es la construcción modular?» Instituto de Construcción Modular (Noiz kontsultatua: 2024-12-16).
  2. Lacey, Andrew William; Chen, Wensu; Hao, Hong; Bi, Kaiming. (2019-05-01). «Review of bolted inter-module connections in modular steel buildings» Journal of Building Engineering 23: 207–219.  doi:10.1016/j.jobe.2019.01.035. ISSN 2352-7102. (Noiz kontsultatua: 2024-12-16).
  3. «The Steel Construction Institute (SCI) UK Global Steel Expertise» www.steel-sci.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-16).
  4. (Gaztelaniaz) «Inicio» Instituto de Construcción Modular (Noiz kontsultatua: 2024-12-16).
  5. (Gaztelaniaz) Gabriela. (2021-11-15). «Glamping con baño privado» Hydrodiseño (Noiz kontsultatua: 2024-12-16).
  6. «Pros and Cons of a Commercial Modular Building» www.modulartoday.com (Noiz kontsultatua: 2024-12-16).
  7. (Gaztelaniaz) «Baños prefabricados: Beneficios y Producción» Hydrodiseño (Noiz kontsultatua: 2024-12-16).
  8. (Ingelesez) «Prefab Housing Disadvantages» Budgeting Money - The Nest (Noiz kontsultatua: 2024-12-16).