Biologian, eta espezifikoki genetikan, epigenetikagene-adierazpenean edo zelulen fenotipoan ADN sekuentzia aldatu gabe egon daitezkeen aldaketa heredagarrien ikerketa da. Hortik datorkio, hain zuzen, izena: epi (grezieraz "gainetik", "kanpotik") gehi genetika. Nukleotidoen sekuentzia aldatu gabe genoman dauden funtzionaltasun aldaketa nabarmenak aztertzen ditu.[1]
Badaude geneak aktibatzen edo desaktibatzen dituzten mekanismo batzuk, geneen adierazpena edo espresioa baldintzatzen dituztenak, eta mekanismo horien funtzionamendua aztertzen duen zientzia da epigenetika.
Lehen aipatutako aldaketa horien adibide dira, esaterako, DNAren metilazioa eta histonen aldaketa, biek erregulatzen baitute geneen adierazpena azpiko ADN sekuentzia aldatu gabe. Aldaketa hauek zelulenmitosiaren ondoren ere iraun dezakete, zelularen bizitza osoan zehar, eta hainbat belaunaldiz manten daitezke.[2] Beraz, faktore ez-genetikoek organismoaren geneak beste modu batean jokatzea eragin dezakete.[3]
Hala ere, histonen aldaketen kasuan ikertzaile batzuek ez dute onartzen prozesu epigenetiko modura sailkatzea, ez baitago frogaturik aldaketa horiek heredagarriak direnik.[4]