Donostiako Maizterren Liga

Turismoak eragin handia izan zuen prezioetan. Turistak erakartzeko publizitatea 1920an.

Liga de Inquilinos de San Sebastian (Donostiako Maizterren Liga) izenarekin sortu zen, 1920ko abuztuaren 10ean, Donostiako maizterren antolakuntza tresna izan zen lehen etxebizitza sindikatua. Historia laburra izan zuen.

Egoera

XIX. mendearen amaieran, hiriaren garapen burgesak espekulazioa eta azpietxebizitza ekarri zituen. Betikoa, langile eta migratzaileak hiriaren kanpoan, etxe kaskarretan, eta jauntxo eta burgesak hiriaren erdigunean. Ez ziren gutxi «etxejabe diruzale» horiek aurrera eramaten zituzten «gehiegikeriak», esaterako, «ura, telefonoa, igogailua eta beste zerbitzu batzuk kentzea». Itxuraz, maizterrak babesteko lehenengo legeak hasi ziren adosten Espainian, bestetik. Hainbat etxejabe kartzelatu zituztela «alokairuen disposizioak ez betetzeagatik» eta «kontratuak faltsutzeagatik». Hirietan errentak igotzen zituzten bezala, gauza bera egiten zuten baserrietan eta herrietan, ekoizleek laborantzaren fruituak garestituz, horrela lehen mailako gaien igoera eraginez.[1]

Historia

1920ko abuztuaren 10ean, Boletín de la Liga de Inquilinos: órgano defensor de los intereses de los inquilinos de San Sebastián aurkeztu zen: «Donostiako maizterren interesen defentsarako organoa».[2] Aldizkariaren asmoa hilabetero plazaratzea zen eta egoitza San Martzial kalean zegoen, 13. zenbakian. Aldizkarian azaltzen zenez, «etxejabeen tiraniari» aurre egiteko antolatu zuten hainbat lagunek Maizterren Liga, Espainian sortu ziren bestelako ereduei jarraiki. Itxuraz, eztabaida puri-purian zegoen, Espainiako Grazia eta Justizia ministroak hainbat deklarazio egin baitzituen bezperan, esanez «ez zuela gehiago onartuko maizterrak zapalduak izatea».[1]

Honela kontatzen zuten Maizterren Ligako kideek Donostiaren egoera: «1916. urteaz geroztik, ezinegon handia nabaritzen hasi zen etxebizitza gabeziari dagokionez, eskaria eskaintza baino handiagoa zelako eta etxeen eraikuntza gelditu zelako. Honi gehitu behar diogu, hoteletan ostatu hartuta, gerra amaitzeko zain zeuden atzerritar askok, gerra luzatu egin zela ikustean, gela finkoetan geratzea erabaki zutela, eta horrek areagotu egin zuela etxebizitzarik ezaren krisia».[1]

Ligaren kontra «etxejabe diruzale» batzuek «propaganda» egin arren, indarrez sortu zen mugimendua. Honela kontatzen zuten: «Hala ere, gure elkarteak baditu mila bazkide, benetakoak direnak, arrazoia eta justizia defendatzeko prest daudenak (…). Guztiok, gizon bakar batek bezala elkarturik, lan egingo dugu etxejabeen amarru eta ihesbideen bidez zapaltzen ez uzteko». Kontuan izanda garaian 67.281 biztanle zituela Donostiak, ez zen zenbaki txikia.[1]

Ligaren historiaz ez dago beste informazio askoriz. Buletinaren zenbaki gehiago ez da ezagutzen.[1]

Erreferentziak

Kanpo estekak