Brasilgo goi-lautada goi-ordoki zabala da, 300-900 metro bitarteko garaiera hartzen duena, mendilerroez zeharkatua eta ibarrez hautsia. Serra da Mantiqueira, Serra do Mar eta Serra Geral dira mendilerro nagusiak. Ez dira oso mendi garaiak, 1.200 metro gehienez ere, baina 2.000 metrotik gorako tontorren bat edo beste ere bada Serra da Mantiqueiran (Pedra da Mina, 2.798 m) eta Serra do Maren (Pico Maior de Friburgo, 2.366 m).
Amazonasen arroa herrialdeko lurraldearen heren bat baino gehiago hartzen du. Lur behereak dira (150 m batez beste), zingirak eta urpean geratzen diren eremu zabalak gehienbat. Arroaren parte handi bat oihan hezea da, munduko baso eremu osoaren zazpiren bat. Oihanean barneratzeko zailtasuna dela eta, eremu zabalak ez dira orain dela gutxi arte esploratu.
Rio de la Plataren arroa. Brasil, Uruguai, Bolivia, Paraguai eta Argentinan hedatua, Paraná, Paraguai eta Uruguai ibaien arroak hartzen ditu. Ibai batzuek jauzi handiak egiten dituzte (Iguazuko ur-jauziak, adibidez) eta munduko indarretxe sare handiena osatzen dute.
Sei klima eremu nagusi bereizten dira Brasilen[2]:
Klima ekuatoriala (Af): Amazonian, Mato Grossotik iparraldera eta Maranhãotik mendebaldera. Beroa eta hezea da. Urteko batez besteko tenperatura 24 °C eta 26 °C artekoa da, eta prezipitazioa 2.000 mm-tik gorakoa (3.000 mm-tik gorakoa eskualde batzuetan), ongi banatua urte guztian.
Klima tropikala: herrialdearen erdialdean, Bahia eta Minas Geraisen mendebaldea, Piauíren zati handiena eta Maranhãoren ekialdea hartuz. Horrelako klima dago iparraldeko Roraima estatuan ere. Bi urtaro daude: uda beroa eta euritsua, eta negu epela eta lehorra. Urteko batez besteko tenperatura 20 °C eta 28 °C artekoa izaten da; neguan, ekaina eta uztailean batez ere, tenperatura apalena 12 °C-16 °C arteraino jaisten da. Urteko prezipitazioa 1.500 mm ingurukoa da, baina asko aldatzen da eskualde batzuetatik besteetara (500-2.000 mm).
Klima tropikal hezea: Ozeano Atlantikoaren bazterrean, Rio Grande do NortetikSão Pauloren ekialdeko muturreraino. Beroa (batez besteko tenperatura 18 °C eta 26 °C artekoa) eta euritsua urte osoan.
Klima subtropikal hezea (Cfa) eta klima ozeaniko epela (Cfb): Kaprikornio tropikotik hegoaldera, hots, São Pauloren hegoaldea, Paraná, Santa Catarina, Rio Grande do Sul eta Mato Grosso do Sulen hegoaldeko muturra. Lau urtaro daude, uda beroa da, eta negua hotza. Urteko batez besteko tenperatura 14 °C eta 22 °C artekoa izaten da (10 °C mendialdean), eta prezipitazioa 1.250 eta 2.000 mm artekoa.
Amazoniako baso galera handia dela eta, arrisku handian dago bertako animalia eta landare askoren bizilekua. Rio de Janeiro, Sao Paulo eta beste hiri handi batzuetan kutsadura arazoak daude. Meatzaritzak ere uraren kutsadura dakar zenbait lekutan.