Arnon artadi kantauriarra da nagusi. Baso mota hau urria da Gipuzkoan, eta arroka ama azaleratzen den eguterako kareharrizko lurzoruetan azaltzen da, malda handiko hegaletan. Hortaz, bere orientazioa, hegoaldera begira, eta lurzoruaren iragazkortasun handia direla eta, artadia oso baso lehorra da. 1960ko hamarkada arte, artadia egur-ikatza egiteko izan zen ustiatuta, eta gaur egun artadiak erakusten duen eitea horren ondorioa da. Bestalde, babestutako eremuaren %33 baino gehiago zuhaitz aloktonoen landaketak dira, batez ere pinuak.
Babesgunearen iparraldeko aldean paisaia aldatzen da, malda handiak desagertzen dira eta, Olatz bailaran, adibidez, landazabalak, larreak eta laboreak dira habitat nabarmenenak.
Ondoren, KBEn dauden interes komunitarioko habitat eta espezieak zerrendatzen dira. Parentesi arteko zenbakiek Habitatei buruzko 92/43 Zuzentarauaren I. eranskineko kodeekin bat datoz.
Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoko[4] bi espezie aurkitu dira Arnon, biak interes berezikoak. Gorostia (Ilex aquifolium) oso ugaria da artadiaren oihanpeko hainbat eremutan, eta hagina (Taxus baccata), askoz urriagoa. Gainera, erratza(Ruscus aculeatus) oso arrunta da artadiaren zuhaixka-geruzan.
Zerrendan, Habitatei buruzko Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan ageri diren espezieak, eta Estatuan edo EAEko katalogoan mehatxatutako espezie gisa sailkatuta daudenak ageri dira.